Gasteizko hiru artista gazteren lanak ikusgai jarri ditu Zas Kultur Espazioak, Gaztearen Txokoa egonaldi artistikoaren bigarren aldian. Gorabidean diren tokian tokiko artistei esperimentatzeko aukera emateko helburua du egitasmoak, eta, aurten, Ariana Ruiz de Azua, Josune Grajales eta Javier Larreina artistek euren proposamenak garatu dituzte Zona_20'58m2 erakusketan. Lau aste eman dituzte Zas aretoaren hiru espazio independente txikietan beharrean, eta horra emaitza: bost metro koadroko areto banatan, «harremanak sortzeko eta gogoetatzeko» parada izan dute, hainbat material eta esku hartzeren bitartez.
Materialekin esperimentatzea prozesuaren funtsezko parte bat da Gaztearen Txokoan. Larreinak obretan erabiltzen diren materialekin lan egin du (Des-) proiektuan; Grajalesek oihalak erabili ditu Abuela lanean, eta Ruiz de Azuak beirarekin eraiki du Birakaikigaibiraka instalazioan. Toki fisikoari hertsiki loturiko lanak dira, artistek bost metro koadrora mugatu behar izan dutelako, onerako zein txarrerako. «Sintesiaren eta aukeraketaren alde egin dute, eta nahi ez dutena baztertzera behartu dute euren burua», laburtu du Jesus Ramirez komisarioak.
Leku bakoitzak «ibilbide bat» proposatu du, eta artisten gorputzak protagonismo berezia izan du denetan. Gela txiki bakoitzera sartzea «harea bizietan» erortzea bezala dela azaldu du komisarioak, zenbat eta gehiago mugitu orduan eta gehiago barneratzeko parada dagoelako. Haren hitzetan, espazio bakoitzetik mugitzeak «zentzua» ematen dio pieza bakoitzari.
Gorputza, memoria, hauskortasuna
Larreinak «muntatzeko eta desmuntatzeko» leku iraunkor bihurtu du bere gela (Des-) instalazioan, egunero konposizio berri bat sortzen duen lan leku batean. Materialek obretan dagoen eremu baten tankera hartu dute, eta plastiko, eskora eta poliestirenoarekin gorputza estutzen dituzten egitura batzuk sortu ditu, forma desberdinak hartuta, xurgatuta baleude bezala. «Erortzear, eraikitzen, eraisten ari den leku bat da; lekua praktika bera da, denbora bera, obra bera», azaldu du. Gorputzaren eta arkitekturaren arteko harremana ikertu nahi izan du artistak, «gorputzaren ariketa estetikoaren neurri moduan».
Grajalesek, berriz, familiaren memoria berreraiki du oihal zatiz Abuela lanean. Berak sortutako ehun piezetatik eta amonaren oihaletatik abiatuta, memoriaz hausnartzeko bidea ireki du artistak: hain justu, gogoeta egin du familia tradizioaren barruan sartzen diren edo oinordetzan hartzen diren objektuak esanahiz betetzeko moduari buruz. Grajalesek galderak egin ditu memoria sortzeko eta gordetzeko moduei buruz. «Objektuek memoria dutela esaten da, baina non datza? Agian haiekin batera doa kontakizunean», hausnartu du. Artistak bere amona jostunarekin izan dituen elkarrizketetan bilatu du inspirazioa bere obrarako.
Kontrasteekin jolasean ibili da Ariana Ruiz de Azua, eta «hauskortasun eta zapalkuntza» sentsazioak aurrez aurre jarri ditu Birakaikigaibiraka proiektuan. Beira, metala, igeltsua eta gisako materialak interesatzen zaizkio artistari, eta horiekin osatu du bere pieza. Gorputza da haren lanaren ardatz nagusia, eredu eta arketipo nagusiak zalantzan jartzeko. Elkarrizketak sortu ditu «gorputz disidenteen eta sistema kapitalistaren arteko harreman mingarrien inguruan». Azken finean, haren helburua da gorputzaren «hauskortasuna» eta gorputz «zapalduaren» emantzipazioa bilatzea. «Instalazio honek neogorputzaren funtzioa berrikustera gonbidatzen gaitu», azaldu du.