KRITIKA. Antzerkia

Hiru Alejandra batean

Teatro a Mil konpainiaren 'Villa' antzezlana. @POLAGONZALEZFOTO
Teatro a Mil konpainiaren 'Villa' antzezlana. @POLAGONZALEZFOTO
Agus Perez.
2024ko uztailaren 28a
05:10
Entzun

'villa'

Konpainia: Teatro a Mil. Zuzendaritza eta dramaturgia: Guillermo Calderon. Zuzendari laguntzailea: Maria Paz Gonzalez. Diseinu integrala: Maria Fernanda Videla. Antzezleak: Francisca Lewin, Carla Romero, Macarena Zamudio. Lekua: Erriberriko gazteluko Cava antzeztokia. Eguna: Uztailak 26.

Erriberriko Antzerki Jaialdian izan dugu Villa izeneko antzezlan militantea berriz ere ikusteko parada, oraingo honetan Txileko Teatro a Mil konpainiaren eskutik. Obra 2011n sortu zen, eta hango Playa konpainiaren eskutik ikusi genuen Baionako Translatines jaialdian emandako egitarau bikoitzean. Villa y Discurso deitu zen orduko hura, jatorrizko obraren iraupen mugatua (ordubete eta hamar minutu) Michelle Bachelet Txileko presidenteak NBEn emandako diskurtso esanguratsu baten antzezpenarekin osatu baitzen egitaraua.

Testuaren muinak oinarria dauka Pinocheten diktaduran tortura, bortxaketa eta hilketa zentro izan zen Villa Grimaldiren izaera makabroan. Pinochet hil eta urtebetera inauguratu zen Villa Grimaldin Bakearen Aldeko Parkea, eta Michelle Bachelet izan zen Pinocheten osteko presidenteen artean lekua bisitatu zuen lehena.

Guillermo Calderon gidoilari, antzezle eta zuzendari txiletarraren sorkuntzan hiru emakume ikusi ditugu mahai baten bueltan eztabaida bizian sartuta, militarrek suntsitutako etxalde handiarekin zer egin erabaki nahian. Sarraski zentro ohiaz arduratzen den elkarteak aukeratu ditu kontuaz erabaki dezaten, bilera nagusian muturreko iritzi kontrajarriak nagusitu baitira, baina hiruren artean ere agertuko dira jarrera elkarrezinak, seguruenik orduko gizartean sortu zirenen isla izan zitezkeenak. Azken finean, zer egin iraganaren legatu ezin krudelago horrekin? Eraikina berreraiki eta beste esangura bat eman? Museo bihurtu? Jende anonimoak han landatu eta eraikitako eskultura xumeak babestu?…

Mahaiaren erdian Villa Grimaldiren maketa txiki bat gailentzen da, metakrilatozko urna baten barruan sinbolikoki gordeta, eta hiru protagonisten arteko eztabaidek antz handia izan dute ezkerreko intelektual eta buruzagiengan hain ohikoak diren liskar antzuekin. Gogoratu, bestela, Txileko konstituzio berrirako debate hiper-sofistikatuak eta boz-ontzietan gero jaso zuen porrot mingarria. Eskumak, ordea, ez du inoiz hainbesteko eskrupulurik beren metodo ankerrak inposatzeko, eta horrela gabiltza per in secula seculorum, amen.

Esan bezala, hiru emakume dira protagonista bakarrak, eta lehen unetik beretik harritu gaitu hiruren sendotasun eszenikoak. Calderonen diseinuan oso dramaturgia arina ezarri da —ia antzemanezina— eta hiruren antzezpenen esku geratu da erabateko sinesgarritasunaren tantoa, haietariko bakoitzak bere gorputz-baliabide zehatzak baina sotilak testuaren zerbitzura jarrita. Bestetik, testuak hiruren bakarrizketa tartekatuen forma hartu du gehienetan, baina euren arteko noizbehinkako ika-mikek apurtu dute diskurtsoen balizko monotonia. Bitartean, atzean joan dira geratzen Villa Grimaldiren geroari buruzko eztabaida teorikoak, eta hiruren iragan izugarria azaleratu da euren arteko lokarri posible bakar bezala.

Azkenik, egileak datu esanguratsu bat zeukan mahukan gordeta: hirurak deitu dira Alejandra, hiruren artean matxismoaren eta militarismoaren biktima sinboliko bakarra eratuz, eta, bestetik, herri maputxea presente egon da emanaldian zehar, gogoratuz-edo Txileko konponbide integralerako ezinbestekoa dela haien existentzia onartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.