Hirigintza auzi, kultura zentro

Donostiako Azpi kultur elkarteak bost urte beteko ditu aurten. Kultur jarduera eta hirigintza eredua kritikoki lantzen duen kolektibo bat dago atzean; artista, zinemagile, arkitekto eta bestez osatutako kolektibo aldakor bat. Atea programaren bidez zabaltzen dute lana, eta bidean da bosgarren edizioa.

Jonander Agirre arkitektoa eta Azpi kultur elkarteko kidea, Atea egitasmoaren aurreko edizioetako katalogoen aurrean. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun

Donostiarrismoa hemendik metro gutxira dago, baina inguru hau beste zerbait da». Hiriaren erdigunetik gertu, Tabakaleratik gertu-gertu, baina eremu industrial utzi batean, Mundaiz kalean dago Azpi kultur elkartea. Duela bost urte hartu zuen lur han, hirigintzaren eta artearen eremuetako zortzi lagunek eraikinera sartzea erabaki zutenean. «Nahiko era inprobisatuan», Jonander Agirre arkitektoaren eta Azpiko kidearen esanetan. Sorrera hartako bi kide gelditzen dira egun, eta «errotazio handia» egon da ordutik —2017an batu zen Agirre—, baina sendotuz joan da proiektua, eta horren froga da Atea ekimenaren bilakaera, Agirrerentzat; bai eta, halaber, Eremuak programaren laguntza jaso izana, bai iaz eta baita aurten ere.

1930ean egindako eraikin batean dago elkartea, behinola Vinos y Licores Azpilicueta izandako lantegian —hortik Azpi izena—. Urte luzez, ordea, hutsik egon da, eta leihoak, komunak, argindarra eta bestelako beharrak auzolanean egokituz joan dira kideak azken urteetan. Alokairu bat ordaintzen dute, baina Agirrek azpimarratu du gune guztiz «autogestionatua» dela: «Ez da coworking zerbitzu bat; kultura sustatzeko eta hirigintza eredua jartzeko kolektibo bat gara».

Askotariko jendea biltzea ekarri du horrek, «profesionalki zein sozialki», eta Agirrek hor ikusten du proiektuaren indargune nabarmenetako bat. «Proiektu oso irekia da, eta ez du eskatzen inplikazio oso sakonik; bai gunearekiko gutxieneko ardura bat. Bakoitzak kuota bat ordaintzen du, baina pandemiarekin, adibidez, askori lan egoera ezegonkortu zaie, eta malgu jokatzen saiatzen gara horrekin». Bakoitzaren beharrak eta dinamikak zein diren, gunearen erabilera ere halakoa izan ohi dela dio. Hiru gune nagusi dituzte: erakusketa eremua atarian, eta bulegoa eta tailerra goian —laugarren toki ezkutu bat ere bai: biltegia—. «Bakoitzak erabakitzen du zer gune erabiliko duen: ez dago hasieratik finkatuta», Agirrek. Egun han lanean dauden kideen zerrendak erakusten du argien aipatutako ugaritasuna: Maddi Barber zinemagilea, Iñigo Benito artista eta hezitzailea, Elixabete Beraza arkitektoa, Diego Campos diseinatzailea, Fran Fraca diseinatzailea, Irati Gorostidi zinemagilea, Arantza Santesteban zinemagilea, Xomorro hezkuntza eta zirku taldea, Ane Zaldibar marrazkilaria eta Agirre bera, arkitektoa.

Euren egitekoa modu politizatu edo kritikoan ulertzeak batzen ditu, hein handi batean; zirkuitu ofizialetik at eragiteko interesak. Agirre: «Hona datorrena kontzientzia handi batekin dator. Ez zatoz hirigintzaren irakurketa normatibo baten bila, esaterako. Kontrara, eredu hori kolokan jartzen duelako sartzen zara».

Badute sentsazioa, orobat, instituzioek ez dutela guztiz aitortzen eurek auzoan —Egia— eta hirian egiten duten lana. Lan horrekiko «sentsibilitate» falta sumatzen du Agirrek, baina orokorra dela dio. «Donostian behintzat, instituzioen kontroletik at geratzen den edozer gauza akabatu egiten da; deskonfiantza oso handia dago horrekiko. Eta pena da, ze hor sortzen dira, hain justu, instituzioetan sortu ezin diren gauzak. Eta ez naiz ari soilik gaztetxeez. Tabakaleran ere agerian gelditzen da: hemen sortzen dira han sortu ezin daitezkeen hainbat gauza, eta hori eurentzat ere ona da, guretzat haiek han egotea ona den bezala».

Ateak literalki irekitzea

Azpiren hormen barruan gertatzen den hori kanpora zabaldu beharra zegoela ere ikusi zuten kideek duela urtebete pasa. Horrela, 2019ko irailean abiatu zuten Atea ekimena, elkartearen erakusketa programa gisa definitzen dutena. Funtzionamendu batekin abiatu zuten: «azpitar» batek hartzea erakusketa bakoitzaren ardura, eta hark gonbidatu batzuk ekartzea, sarea sortu eta elkarren lanak elkarrizketan jartzeko. Jone Laspiur artista eta aktorea izan zen lehena, eta Mikel Escobales eta Clara Elizondo gonbidatu zituen; baita Beatriz Setien ere, irekiera egunean performance bat egin zezan. Bigarren Atean Iñigo Benito izan zen «azpitarra»; Sahatsa Jauregi, Manglano, Amaia Molinet, Julia Panades, Jaime de los Rios eta Unai Ruiz gonbidatuak. Edizioz edizio egin dituzte moldaketak; are gehiago azken bietan, pandemiaren testuinguruan egin behar izan baitituzte Irati Gorostidik eta Fran Fracak koordinatutakoak. Agirre: «Azpin gauden denok ikusten dugu hemen egiten dugunak baduela zentzu bat gure lanarekiko. Kexatzeaz eta pentsatzeaz harago, egin egiteko aukera handia dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.