Joan-etorriak programaren barruan, Wroclawra (Polonia) joango dira Nagore Legarreta (Hernani, Gipuzkoa, 1981) eta Karla Tobar (Quito, Ekuador, 1981) artistak, hil amaieran. Donostia 2016k eta Etxepare Euskal Institutuak abiatu zuten Joan-etorriak programa, duela hiru urte, eta, orain, Wroclawko Artist in Residence Programme (AIR Wro) erakundearekin batera, kultur hiriburutzaren «legatuari jarraipena» emateko konpromisoarekin segituko dute, Miren Arzallus Etxepare euskal institutuko zuzendariak argitu duenez.
Wroclaw ere Europako Kultur Hiriburua izan zen iaz. Hango zuzendari nagusia izan zen Krzystof Maj da egonaldi artistikoen Poloniako arduraduna, eta bere hitzak ekarri ditu prentsaurrekoan Irene Larrazak, Etxepareko Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak. Majen hitzetan, kultur hiriburutzaren hurrengo urtea «oso esanguratsua» da garatzen diren proiektuen bidez nazioarteko harremanetan sakontzeko.
Euskal artistak Wroclawra joango diren laugarren aldia izango da. Aurtengo deialdi honetan, hamabost proposamen jaso dituzte.
Argazkiak ibai gainetik
Nagore Legarretak argazkilaritza estenopeikoan garatu du azken urteetako lana, eta ildo horri helduko dio Wroclawko proiektuan ere. Egonaldi artistikoaren deialdia ikustean, hiriaren aireko mapa begiratu zuen Legarretak, ezer baino lehen, eta begia ibaira joan zitzaion. «Ez da kasualitatea, Urumea ibaiarekin aritu bainaiz aurretik lanean. Kristina Enea fundazioak deialdi bat egin zuen Ibaia ez da toki bat izenarekin, eta hainbat diziplinetakoek erakusketa bat egin genuen. Hor konturatu nintzen oso ezberdina dela ibaia lurretik ikustea, edo ibaitik lurra». Hainbat bidaiaren ostean «etxean sustraiak botatzeko gogoa» zuen unean etorri zitzaion egitasmoa Legarretari, eta jaioterri inguruarekin eta amonari entzundako kontuekin konektatzeko baliatu zuen.
2009tik, metalezko ontziekin egindako argazki kamerak egiten ditu Legarretak. Ibaia ez da toki bat proiekturako tripode bat hartu, berun batzuk lotu, gainean ontziekin egindako kamerak jarri, eta errekan sartu zuen. «Oso teknika primitiboa da, baita emaitza ere: irudi ez zehatzak, desenfokatuak, idilikoak. Teknika hau oso baliagarria zait nire diskurtsoari txertatzeko».
Wroclaw gurutzatzen duen Odra ibaian jarriko ditu orain kamera horiek: «Odrari eman nahi diot aukera Wroclaw erretratatzeko. Hiriaren gorabeheretan, iruditzen zait ibaia izan dela guztiaren testigu isila. Kamera ibaian jarri, eta berak erretrata dezala hiria».
Horrez gain, tailer bat egingo du hango hiritarrekin, ontziekin kamerak egiten irakasteko, haiek ere ibaiaren izkina ezberdinak erretrata ditzaten. Proiektua emanaldi batekin borobildu nahi du ondoren Legarretak: «Bertako musikariekin argazkien estetikarekin bat egingo duen soinu banda sortu nahi nuke».
Eskanerra hormaren kontra
Bilbon hasitako proiektu bati emango dio segida Karla Tobarrek. Hortik izena: <scanner-pack> bilbao-wroclaw. Gailu teknologikoekin eta zaharkitze programatuarekin egiten du lan Tobarrek. Zaharkituta geratu den eta berri batengatik ordezkatua izan den objektuak, oraindik erabilgarri denak, potentzialitate artistikoa du artistarentzat. Premisa horretatik, hainbat objektu aztertzen ditu, argia eta soinua lako elementuak kontuan hartuta, baztertutako objektuak instalazio artistiko bihur daitezkeela erakusteko.
Eskaner zaharkituekin egiten du lan duela hiru urtetik. «Arkitekturarekin harreman estua ahalbidetzen du eskanerrak; nolabait, arkitektura hori besarkatzen dut eskanerra hormen eta bestelako gainazalen kontra estututa. Eskanerraren, artistaren gorputzaren eta arkitekturaren arteko kontaktuarekin lortzen ditut irudiak», azaldu du. Horretarako, ekipaje propioa diseinatu du: mahaigaineko eskanerra motxilan sartu, eta gailu eramangarri bihurtu du, beste espazio eta artistekin komunikatzeko.
Irudiak hartzean, ekintzaren bideo dokumental bat ere sortu ohi du. Wroclawn serie bat garatuko du, hain zuzen, ekintzaren bideo dokumentaletik abiatuta: pintura garden batzuk sortuko ditu, eskaneatutako irudiak oinarri. «Makinak eta artistak berak eskuz sortutako irudien kontrastea interesatzen zait», argitu du.
Uztailaren 31n abiatuko dira bi artistak Wroclawra, eta irailaren 24a bitartean onduko du bakoitzak bere proiektua. Lanen emaitza Hiria eta Kultura Nazioarteko Konferentziaren barruan aurkeztuko dute. Horrela, Wroclaw bertako programazio batean egindako lana aurkezteko aukera izango dute.
Hiriaren ur eta azalak
Nagore Legarreta eta Karla Tobar hautatu dituzte Wroclawko egonaldi artistikoetarako. Bi hilabete izango dituzte beren proiektuak garatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu