Hiriaren erretratu zatikatu bat

'Kalebegiak' filma egingo du Donostia 2016k, 11 zuzendari zailduren eta hiru hasiberriren film laburrekin.Medem, Uribe, Almandoz, Altuna eta Esnal ariko dira, besteak beste

K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Donostiaren erretratu bat margotzea, planoz plano, ikus-entzunezko lengoaiaren bidez. Horixe Donostia 2016k bultzaturiko Kalebegiak pelikularen xedea. Ez da hiriaren nolanahiko interpretazioa izango, baina, zatikatua baizik. Puskaz puska osatutakoa. Izan ere, hamabi film laburrek osatuko dute film luzea. Bederatzi obra izen handiko 11 zuzendarik gidatuko dituzte: Julio Medemek, Daniel Kalparsorok, Imanol Uribek, Izibene Oñederrak, Asier Altunak, Telmo Esnalek, Koldo Almandozek, Gracia Kerejetak, Luiso Berdejok, Borja Kobergak eta Isabel Herguerak. Bestalde, hiru obra hasiberrienak izango dira. Kultur Hiriburutza proiektuak deituriko gidoi lehiaketaren bidez hautatuko dituzte —egitasmoaren webgunean daude sariketako oinarriak —.

«Donostian zinema beti izan da oso garrantzitsua, eta, beraz, proiektua bera ere asmo handikoa da. Are gehiago ikus-entzunezko adarrari dagokionez, proiektu enblematikoenetarikoa da», esan du Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendari nagusiak. «Oraineko eta etorkizuneko talentuak uztartu nahi ditu», gaineratu du Kalebegiak proiektuko koordinatzaile Michel Gaztanbidek.

Ikus-entzunezko egileen hainbat belaunaldi batzea, hiriko zinema kultura handitzea, tokian tokiko ekoizpenak bultzatzea... horiek dira egitasmoaren helburuetako batzuk. Eta erronka: dena film luze bihurtzea. Gaztanbideren eta Kalebegiko kide Jorge Gilen burutapena izan zen asmoa, orain bi urte. Larrotxene kultur etxearen bueltan zebiltzan biak, eta egile berriei haizea emateko zerbait muntatu behar zela otu zitzaien. Aldi berean, jada haien tokia lortu duten egileei oihartzuna eman nahi zieten. Hori izan zen jada martxan dagoen egitasmoaren hazia.

«Belaunaldiak batzea da ideia», Gilek azaldu duenez. Etengabe hitz bat izan du gogoan: «aniztasuna». Aukeratutako zuzendariekin estiloz eta moldez oso ezberdinak diren eremu eta ikuspegiak jorratu nahi dituzte. Aurpegi askotariko pelikula sortzeko nahia azaldu dute.Horregatik, bide orririk eta jarraitu beharreko zehaztapenik ez diete eman 11 zinema adituei, baldintza bat baino ez: piezek hamar minutu baino gehiago ez irautea.

«Hiru hasiberrientzat badago sari ekonomikoa, baina sari handiena da hiru ahots eta begirada horiei pisu handiko profesional handiekin elkarlanean aritzeko aukera eskaintzea», azpimarratu du Gilek. Sariketa irabazten duten hiru gidoi egileek ez dute zertan zuzendu haiek idatzitakoa: ez badute nahi, Larrotxeneko ikasleek hartuko dute ardura.

Elkarlanean sortutako obra da, beraz, Kalebegiak; ez, ordea, soilik zuzendarien elkarlanean oinarritutakoa. Gainontzeko ikus-entzunezko ofizioekin ere gogoratu dira proiektuko sortzaileak. Argazki zuzendariak, musikariak, makillatzaileak, zuzendari artistikoak... Diotenez, lan horiek ere garrantzi handia izango dute. Esaterako, argazkigintzan, Javier Agirresarobe ariko da; eta musika arloan, Alberto Iglesias. Pelikulak 70 minututik gora eta 100 minututik behera izango ditu, eta datorren urteko Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute.

Gainera, makina bat erakunderen laguntza jasoko dute filma gorpuzteko orduan. Musikenek musika egiten parte hartuko du, eta EHUko Letren Fakultateko Itzulpengintza eta Interpretazio Sailak azpidatziak egingo ditu.

Egitasmoak izango du oinarrizko toki fisiko bat, epizentro bat: Larrotxene kultur etxea. Horrelaxe ziurtatu du kultur etxeko arduradun Agurtzane Aizpuruk. «Orain hamazazpi urte eraikina erreferentziazkoa zen ikus-entzunezko material aldetik, baina erreferentzia hori galdu egin genuen teknologiaren demokratizazioarekin. Proiektu honekin nahi dugu etorkizunean Larrotxene ekoizpen zentro izatea».

Ekainaren 15ean jakinaraziko dute zeintzuk diren zuzendari profesionalekin batera film luzea egiten ibiliko diren amateurrak. Gaztanbidek azaldu duenez, pelikulak «osotasun bat» sortuko du, baina film laburrak banaka ere ikusi ahalko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.