Hiriak ahaztutako intelektuala

Resurreccion Maria Azkueren figuraren benetako neurria aldarrikatu nahi du Jurgi Kintana Goiriena historialariak 'Azkue, bilbotar ezezaguna' saiakera liburuarekin

Jurgi Kintana Goiriena historialaria, atzo, Bilboko Kafe Antzokian Resurreccion Maria Azkueri buruzko liburua aurkezten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
«Celebridad de aldea». Hizkuntzalaria izan zen Resurreccion Maria Azkue (Lekeitio, Bizkaia, 1864-Bilbo, 1951), eta baita folklore biltzailea, opera konpositorea, euskaltzainburua, euskara irakaslea eta apaiza ere, baina gaztelerazko bi hitzeko deskribapen hori baino ez du jaso orain gutxi kaleratutako Miguel Unamuno idazleari buruzko ikerketetariko batean: «herrixkako ospetsua». Aipamen horrekin laburtu du Jurgi Kintana Goiriena historialariak (Bilbo, 1975) Azkueri buruz dagoen ezezagutza, eta Azkueri buruzko karikaturaz erreskatatu nahi izan du Azkueren figura. Asmo horrekin kaleratu du Azkue, bilbotar ezezaguna saiakera liburua; Erein argitaletxearekin, bai, eta, kurioski, baita Bilboko Udalaren Miguel de Unamuno XV. sariari esker ere. Kurioski, besteak beste, Azkue eta Unamuno konparatzen dituelako historialariak: «Azkue euskaltzaleen munduan geratzen dela dirudi, hirien zentroetatik urrun. Ez balitz bezala euskal herritar guztiei dagokien pertsonaia bat». Eta ohartarazpena egin du gero: «Egungo Bilbo lotuago dago Azkueren lanarekin, Unamunoren lanarekin baino».

Idazleari buruzko topikoa deskribatzen du lehenik liburuan: «Azkue eruditu tradizionalista bat genuke, interesgarria antzinako euskal gauzak ezagutzeko baina proiekzio zabalagorik gabea». Eta topikoa eraisten du ondoren: «Irudi hau, ordea, okerra da. Erro-errotik okerra. Izan ere, Azkue jakintsu aldeanoa lehen begiratuan pentsa litekeena baino gertuago zegoen Unamuno bilbotar kosmopolitagandik. (...) Azkue ezezagun bat agertuko zaigu [liburuan]. Garaiko korronteetan txertatuta. Normalean uste dena baino urbanoagoa. Munduari irekiagoa». Hori da Kintanaren biografiak erretratatu duen Azkue, eta maiz Unamunorekin jarri du parez pare horretarako.

Hasteko, urte berean jaio ziren Unamuno eta Azkue, eta horrek esan nahi du mundu bera ikusi zutela. Haurtzaroan, beraz, azken gerra karlista, nerabezaroan euskal foruen galera, gaztetxotan industrializazioa, eta baita euskararen atzerakada ere. Kintana: «Euskal gizarte tradizionala krisian sartzen ikusi zuten. Haurtzaroan ezagutu zuten mundua desegiten ari zen, eta mundu moderno bat ari zen ernetzen, eta mundu horren erronkari aurre egin zioten biek, eta biek lumaren bidez. Intelektualak izan ziren. Unamunoren intelektualtasuna mundu guztiak ezagutzen du, baina Azkueren kasuan oraindik oihartzun egiten du ideia horrek: celebridad de aldea [herrixkako ospetsua]. Baina zinezko intelektuala izan zen».

Te arteko euskara

Kontrajarriak izan ziren bien bideak, ordea, neurri handi batean. Modernitatea besarkatzeko euskarak oztopo egiten zuela uste zuen Unamunok, eta, kontrara, Azkuek pentsatzen zuen euskarari eutsita egin behar zitzaiola aurre modernitateari. Horregatik proposatu zuen euskara estandarrerako gipuzkoar osatuaren eredua, eta horregatik aritu zen Bilboko erdaldunak euskalduntzen ere. «Euskara menditik hirira jaitsi behar zuela defendatzen zuen». Eta Azkueren 1916ko hitzak ekarri ditu historialariak akordura asmo horren erakusgarri. «Orainarte beronen bigirak ardazketari ta artazuritzaile-artekoak izan doaz; aurrerantzean, te-usaina surrak eta piano-otsa belarriak asmau dayen bigiretara bere eraongo dogu gure izkera zar au». Hirian nahi zuela euskara, alegia, eta zehatzago: hiriko gune dotoreetan. Tea eta piano hotsa zituztenetan. «Azkuek euskal hiria eraiki nahi zuen».

Apaiz integristarena. Horra Azkueri buruzko beste topiko bat, eta ez du hori ukatzen Kintanak, baina ñabardura egin dio irudi horri: «Euskaragatik bere fede hori parentesi artean jartzera heldu zen». Eta aipatzen da kasu zehatza ere liburuan: Edward Spencer Dodgson ikerlariarekin izandako gatazka, zehazki. Izan ere, etengabea izan zen kontaktua bi ikerlarien artean, harik eta 1893an kolpez amaitu zen arte. Zergatik? Dodgson Durangon beste gizon batekin oheratu zela heldu zitzaion apaizari, eta hor amaitu zuen tratua. Baina ondoren dator ñabardura, bi urteren ostean berriz hasi baitzuten hartu-emana ikerlariek. Euskarazko obra zahar bati buruzko kontsulta egin ingelesak, eta Azkuek erantzun. Lagunduko zuela, ados, baina ez zela adiskidetuko. Eta zergatik lagundu orduan? Gazteleratik itzulita Azkueren hitzak: «Gure hizkuntza ederra zerbitzatzeko denean, ez dut begiratzen hari buruzko zerbitzuak eskatzen dizkidana judua den edo Sodomako biztanlea. Gisa honetako zerbitzuak eskaintzen ditudanean hizkuntza zerbitzatzen dut; eta ez sodomita, ez judua, ez turkiarra, ezta katolikoa ere».

Bateko eta bestekoekin

Eta, halere, jainkoa dago Azkueren euskararen aldeko lanaren hondoan, Kintanaren hitzetan. «Filologia lanak burutzeak, edo Euskal Akademia bat sortzen laguntzeak, itxuraz, ez zuen zerikusirik fede katolikoarekin, baina zeharka, epe luzera, bizitza kristaua suspertzea eragingo zuten». Hori zen behintzat Azkueren ideia, eta horregatik zegoen prest euskararen gaia autonomiaz lantzeko. Hondoan, Azkuek, jainkoa ikusten zuelako. Eta berdin jokatu zuen politikaren munduan ere: beti zegoen prest alde bateko zein bestekoekin biltzeko, euskararen alde bazen betiere.

Luzea da Azkueren itzala, Kintanaren hitzetan. «Gaur egun Bilbo euskal hiri bat baldin bada, neurri batean behintzat, hein handiz Azkueri esker da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.