Hiria eta itsasoa lotuko ditu zortzigarren Olatu Talkak

Ostiraletik igandera, ehun jardueratik gora egingo dituzte. Ia Donostia osora zabalduko dute jaialdia, kultur etxeen sarearen bidez

Olatu Talkako antolatzaileak eta partaideak, atzo, Donostiako kaian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Donostia
2017ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Donostia kultur hiriburutzarako hautagaia baino ez zenean sortu zuten 2010ean, eta, behin zurrunbiloa pasatuta, bere horretan jarraitzen du Olatu Talka jaialdiak: zortzigarrena izango dute aurtengoa, eta etzitik igandera bitartean egingo dute. Ehundik gora jarduera egingo dituzte; lehenengo aldiz, ia hiri osoan zehar sakabanatuta.

Alderdi Ederren hasiko dute jaialdia, eta hortik gertu amaitu, kaian. «Donostia betidanik itsasoari begira egon da: oso lotuta egon dira hiria eta itsasoa, eta ez diogu inoiz bizkarra eman. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu amaiera festa itsasoari begira egitea, kaian», azaldu du Jon Aizpurua jaialdiko zuzendariak. Ildo horretan, egitarauaren aurkezpena ezohiko leku batean egin dute, kaian, Aitona Julian II itsasontzian.

Jaialdiaren jatorria izan da Miren Azkarate Donostiako Euskara eta Kultura zinegotziak nabarmendu duen ideietako bat: «2016ko hiriburutzaren erronkan, proiektuan hasiera-hasieratik lagundu duen egitasmorikizan bada, Olatu Talka izan da, eta hori izango da legatu moduan gelditu zaigun ikur handietako bat: ez dut esango bakarra, baina bai handienetako bat». Kultur hiriburutza pasatuta, lehenengoz Donostia Kulturak hartu du bere gain jaialdia antolatzeko ardura osoa —iaz Donostia 2016rekin batera parte hartu zuen—.

«Indartsu» dago jaialdia, Azkarateren esanetan: «Aurtengo deialdian, iazkoan baino %15 proposamen gehiago izan dira, kalitate handikoak; bestalde, izena ematea eskatzen zuten jardueraguztiak beteta daude». Aizpurua ere pozarren agertu da datu horrekin: «Harrituta gaude». Izan ere, azaldu duenez, 700 leku ziren bete beharrekoak, eta denak bete dira, denbora oso gutxian.

Sekretuak eta kontzertuak

Jardueraz lepo bete dituzte jaialdiaren hiru egunak: eskuorrian 100 inguru jarri dituzte, baina horien barruan jarduera «mordo bat gehiago» daude antolatuta, Aizpuruaren esanetan: «Ia 200 izango dira, guztira». Musikarekin, artearekin eta hiriaren ondarearekin lotutako jarduerak izango dira gehienak, gaineratu duenez.

Egingo dituzten guztien erakusgarri gisa, jaialdian parte hartuko duten hiru talderen ordezkariak izan dira Azkaraterekin eta Aizpuruarekin batera. Irungo (Gipuzkoa) Bitamine Faktoriak Transbita izeneko gunea jarriko du igandean kaian, Mollaberrian: hiru jarduera egingo dituzte, Oier Gilek azaldu duenez. Batetik, Sekretu ozenak izeneko esku hartze bat egingo dute: herritarrak euren sekretuak paper batean idaztera gonbidatuko dituzte, era anonimoan, eta geroago haizatu egingo dituzte bozgorailuetatik, «duten zama arintzeko». Bestetik, Jon Jauregi Zubeldiaren margolanekin Banaiz erakusketa izango da ikusgai egun osoan. Eta, horrez gain, bi kontzertu izango dira, Orchiday talde esperimentalarena eta Gorpuzkings Trap taldearena. Sekretuen jarduera zein kontzertuak 16:00etatik aurrera izango dira.

Musika «gune bereziak» aipatu zituen Sara Zozaiak, Gure Bazterrak elkarteko kideak: «Egitaraua Donostia osora zabaltzearen adibide dira». Izan ere, Amarako Eustasio Amilibia plaza kontzertu gune bihurtuko da, lehenengo aldiz, larunbatean; SZ, Noah, Cora Sayers, Noga eta Autumn taldeak arituko dira elkarte horren eskutik, 18:00etatik 23:00etara bitartean. Horrez gain, aurreko aldietako ohiturari jarraiki, Basoka gunea jarriko dute larunbatean Miramonen, Stringedwood musika elkartearen eskutik: Iker Lauroba, Luke Amstrong, Charles Atkey, Indigo, Jon Busselo eta Ane Leux arituko dira bertan, 18:00etatik aurrera.

Kaian egingo dituzten musika eta dantza emanaldiak aipatu ditu Ane Arretxe Easo musika eskolako kideak. Harp & Co and Dance emanaldia nabarmendu du: harpa eta dantza uztartuko dituzte, igandean, 14:00etatik aurrera, kaian bertan. Goizean, Izarrak plazara lehiaketaren finala egingo dute, kaiko agertoki nagusian, 11:00etatik aurrera. Horrez gain, Orfeoi txikien emanaldiaeta akordeoi topaketa ere han eskainiko dituzte —12:30etik aurrera eta 16:15etik aurrera, hurrenez hurren—.

Egitarau osoa ikusinahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

olatutalka.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.