Hiri zahar zikinetik ihes egiteko kantuak

Skabidean taldeak laugarren diskoa atera du, 'Hiri zahar zikina'. Lanak reggae musika du oinarri, baina zenbait estilo nahasten ditu. Ostegunean emango dute lehen kontzertua, Gasteizen

Skabidean talde iruindarra osatzen duten hamar kideak. ANDER CARMONA.
Ane Eslava.
Iruñea
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun

Kontzertu asko ematera ohituta dagoen talde bat da Skabidean. Hamar kidek osatzen dute, eta, duela gutxira arte, batetik bestera ibiltzen ziren: «Asteburu bakoitza abentura bat zen». Baina azken bi urteetako egoerak erritmoa moteltzera behartu ditu, eta Iruñetik mugitu gabe egon dira. «Oxigenoa» ematen zieten irteerak galduta, itogarri suertatu zaie hiria. Horregatik, The Pogues taldearen Dirty Old Town kantuaren bertsio bat egitea erabaki zutenean, pentsatu zuten izen hori egokia izan zitekeela beren hurrengo diskorako. Pentsatu eta egin: Hiri zahar zikina lana kaleratu berri dute, taldearen laugarrena.

 

«Elkarrekin ikusi genuen The Poguesen [Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan] dokumentala, eta bururatu zitzaigun abesti horren bertsio bat egitea. Betidanik entzun izan dugun talde bat da, eta skinhead reggae munduan beti izan da erreferentea», azaldu du Imanol Olague taldeko teklatu jotzaileak. Hiriarekiko lotura azkar egin zutela esan du Antonio Iriartek (bateria): «Ohituta gaude Iruñetik ateratzera, oxigenoa hartzera, estimulu asko izatera eta jendea ezagutzera; hamar urte izan dira horrela, eta azken bi urteetakoa guretzat gehiegi izan da. Horregatik diogu Iruñea bihurtu dela gure hiri zahar zikina».

Diskoak bederatzi kantu ditu, eta Andoaingo (Gipuzkoa) Garate estudioan grabatu dute, Kaki Arkarazorekin. Zenbait estilo nahasten dira lanean: reggaea, skinhead reggaea, rocksteadya, soula... Hori ez da berria, taldearen ezaugarri nagusietako bat baita estiloen uztarketa: musika jamaikarra egiten dute, baina ez modu puruan, Olaguek dioenez: «Hori da gure erroa, hortik abiatzen gara, baina probatzen ditugu estilo gehiago; eta uste dut hori horrela dela gero eta gehiago; hasieran garbizaleagoak ginen». Taldearen eboluzioa logikoa dela uste dute biek ala biek: «Pertsonalki haziz joan gara, eta prozesu hori musikan islatzen da».

Estiloen nahasketen artean deigarriena Sortetxeari kantukoa da: skinhead reggae kantu bat da, baina musikaren oinarria jota nafar bat da, eta hitzak, berriz, Fernando Aire Etxart Xalbador-enak dira. Skabidean-eko kideek azaldu dutenez, Idoia Tapia abeslariaren ideia izan zen. Haren etxean jotak kantatzen dituzte, eta jota batean oinarrituriko kantu bat egitea okurritu zitzaion. «Guk jarri genuen gure musika eta estiloa», zehaztu du Olaguek, eta erantsi «modu naturalean» ateratako zerbait dela.

Gainera, ez da jotara hurbiltzen diren lehen aldia: diskoan sartu duten baina aurretik jo ohi zuten Hilarria Fermin Valenciaren kantuaren bertsioa da, German Rodriguezen omenez eginikoa. «Melodia osoa jota bat da, eta kontzertuetan jotzen dugunean, amaieran, jota bat abesten dute. Beraz, bagenuen kuriositatea».

Lan berrian bada bertsio gehiago: bestelako estilo batera eraman dute Pete Seegerren If I Had a Hammer. Mailurik baneuka izena jarri diote, eta soul kutsua eman, Lorena Aisaren ahotsarekin bereziki. Iriartek azaldu duenez, hasieran beste proiektu baterako hautatua zuten kantua, disko bat osatu nahi zutelako internazionalismoarekin loturiko abestiekin, baina, hori ez zenez aurrera atera, lan honetan sartzea erabaki zuten. Ameriketako Estatu Batuetan izan zuen garrantziagatik aukeratu zuten kantua: «Pete Seegerrek 1950eko hamarkadan kaleratu zuen lehen aldiz, eta polemikoa izan zen, kantautore country bat zelako, zuria, eta abestia Estatu Batuetako afro-amerikarren eskubideen aldekoa da».

Gainerako kantuen artean ez dute bakar bat nabarmendu; haientzat «bakoitzak bere xarma du». Olague: «Adibidez, Ez dakit nola-k agian ez du mezu berezirik, baina musikalki, azken parteak bereziki, badu bere nortasuna; Gure unea izan da berriro atzera egitea eta garrantzia ematea gure laguntasunari, lehen disko bat izan zitekeelako...». Iriartek gaineratu du inoiz ez dutela «hit bat» izan, baina kantu guztiek dutela protagonismoa.

Diskoa sortzeko prozesua zaila izan dela aitortu dute: beste talde batzuentzat pandemia garaia produktiboa izan den arren, haiei ez zaiela erraza egin. «Kostatu zaigu motibatzea, denbora ateratzea, salara joatea, konposatzea...», esan du Olaguek.

Orain, diskoa jendaurrera eramateko irrikaz daude, haientzat kontzertuak baitira musikaren alderik onena. Ordea, birako lehen kontzertua joan den larunbatean ematekoak ziren, Iruñean, baina bertan behera gelditu zitzaien, eta hori ere etsigarria dela diote: «Guk ongi funtzionatzen dugu behin martxan jarrita, asteburuero kontzertuak izanda; tiraka joatea kostatzen zaigu».

Oraingoz iragarriak dituzten kontzertuak hauek dira: hilaren 19an Donostiako Dokan joko dute; martxoaren 10ean, Gasteizko Jimmy Jazzen; martxoaren 11n, Bilboko Kafe Antzokian; eta martxoaren 26an, Madrilgo El Sol aretoan. Diskoa oraingoz Spotifyn eta Youtuben entzun daiteke.

Adiskidetasuna giltzarri

Hamar urteotan, taldeak aldaketa ugari izan ditu, eta kide batzuk sartu eta beste batzuk atera egin dira; esaterako, azaroan Claudia Rodriguez abeslariak taldea utzi zuen. Baina, egindako bideari begiratuta, uste dute adiskidetasuna izan dutela beti oinarri, eta hori izan dela, preseski, irauteko giltzarria. «Gauza asko egiten ditugu elkarrekin, eta esperientzia pila bat bizi izan ditugu». Iriartek hasieratik darama taldean, eta harentzat «ikasketa izugarria» izan da. Oso gazte hasi ziren, 15 urte baino gutxiago zituztenean, eta garai «delikatu eta intentso» horiek elkarrekin pasatu izanak batu egin dituela uste dute. «Talde bat baino gehiago gara»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.