Jose Luis Rebordinos eta Edurne Ormazabal. Donostiako Zinemaldiko zuzendaria eta Tabakalerako zuzendaria

«Hiri osoak etorri behar du, erakusketak balio dezan»

Tabakalera zinemaz betetzear da: 'Imajinatu Zinemaldia' eta 'Vive le cinéma!' erakusketak irekiko dituzte datorren astean. Eragileen arteko elkarlanarekin pozik daude Rebordinos eta Ormazabal.

JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Tabakalerako behealdeko sarrera okasiorako prestatzen ari dira langileak: alfonbra gorri bat jarri dute, ez lurrean, baizik eta sabaian, eraikinera sartzen diren bisitarien gainean. Donostiako Zinemaldiari egindako keinu bat da; izan ere, aurtengoa 70.a izango da, eta, hori ospatzeko, erakusketa bat ipiniko dute uztailaren 4tik irailaren 24ra, Tabakaleran: Imajinatu Zinemaldia. Hori ireki eta egun gutxira, hilaren 9an, Vive le cinéma! bideo instalazioa jarriko dute, 2023ko urtarrilaren 8ra arte. Ospakizun giroa sumatzen da bataren izanean eta bestearen izenean, eta ilusioz eman dute horien berri Jose Luis Rebordinos eta Edurne Ormazabal Donostiako Zinemaldiko eta Tabakalerako zuzendariek, hurrenez hurren.

Badago aldea bi erakusketen artean, baina ariketa osagarriak ere badira, neurri batean: Imajinatu Zinemaldia erakusgelatik aterako da, eta Tabakalerako hainbat toki hartuko ditu; Vive le cinéma!-k ere ohiko aretotik aterako du zinema, «erakusketa aretoa zinematik okupatzeko», Ormazabalen hitzetan.

Imajinatu Zinemaldia Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatu dute, eta Morgancrea estudioa aritu da komisario lanetan. Vive le cinéma! Tabakalerak eta Amsterdamgo Eye Filmmuseumek antolatu dute; Jia Zhangke txinatarraren, Dea Kulumbegashvili georgiarraren, Isaki Lacuesta katalanaren eta Lemohang Jeremiah Mosese lesothoarraren bideo instalazioak erakutsiko ditu.

«Omenaldi bat egin nahi genien industriari, hedabideei eta ikusleei. Batez ere ikusleei». Rebordinosek argi du zergatik sortu duten Imajinatu Zinemaldia eta zein den haren helburua: «Hiri guztia hemendik pasatzea». Jaialdiaren 70 urteko ibilbidea errepasatuko du, irudi digitalen bidez, baina ez du hari buruzko azalpen askorik eman nahi izan: «Eskatu egin digute, jendearentzat sorpresa izatea nahi dutelako. Ez pentsa, guri ere pixkanaka kontatzen dizkigute gauzak».

Morgancreako Asun Lasarte eta Carlos Rodriguez dira eskatzaile horiek. Haiek asmatu zuten izenburua: «Francisco Aranaz Darras merkatariak, 1953an, Aste Nagusia luzatzeko asmoz, esan omen zuen: 'Imajinatu festibal bat'». Denborak mito bihurtutako une hori omen da Zinemaldiaren abiaburua. Izan ere, memoria bihurria da, eta, Rebordinosek kontatu duenez, irudi zaharrak ikusteak balio lezake garai bateko kontuak gogoratzeko, baina baita modu batera gertatu uste ziren gauzak gezurtatzeko ere: «Atzera begiratzen den bakoitzean harritzen da norbera».

Rebordinos «jendeaz» ari da hitzetik hortzera: «Erakusketak balioko du, baldin eta lortzen badugu hiri osoa etortzea ikustera».

Gogoetarako irudiak

Donostiako Zinemaldiaren egunen bueltan, zinemari lotutako erakusketak jarri izan dituzte Tabakaleran. Aurtengoa berezia izango da: lau zinemagileren lana erakustareto batera eramango dute. «Aldaketa horrek berekin dakar zinema ulertzeko beste modu bat. Aldatzen da ikuslearen jarrera, testuingurua, tresnak...», Ormazabalen hitzetan. Lau lan horietako bi, Jiarena eta Moseserena, Eye Filmmuseum aurkeztu zituzten lehenago; Kulumbegashvilirena eta Lacuestarena propio enkargatu dituzte.

Kulumbegashvilik Urrezko Maskorra irabazi zuen 2020an, Dasatskisi pelikularekin. Lacuestak bi aldiz irabazi du sari hori: Los pasos dobles (2011) eta Entre dos aguas (2018) filmekin.

Jiarena pantaila askotako instalazio bat izango da, Close-Up izenekoa, zaintza kameren irudietatik abiatutakoa. Mosesek errepresentazioari eta irudien esanahiari buruz gogoeta egingo du Bodies of Negros. I Will Sculpture God, Grim and Benevolent piezan. Kulumbegashviliren Captive-k pertsonaia baten mundu intimoan murgilduko du ikuslea. Eta Lacuestak zentsurari buruzko lan bat sortu du: Prohibimos España. «Haren ustez, herrialde bat nolakoa den jakiteko biderik onena zer zentsuratzen duen ikustea da».

Gainera, Rebordinosek aurreratu du Lacuestaren Un año, una noche film berria, Berlingo Zinemaldian estreinatu zutena, Donostiako Zinemaldian emango dutela.

Tabakalerak egiten duen lana eta inguruan biltzen duen jendearen maila goraipatu ditu Rebordinosek, behin baino gehiagotan. «Orain Kimuak belaunaldiaz hitz egiten dugu, eta hemendik urte batzuetara Tabakalera belaunaldiaz ariko gara».

Gainera, nabarmendu du Tabakalera «gaurko munduan» eratu dela: «Kimuak sortu zen Euskadi endogamiko batean —nik neuk parte hartu nuen sorreran—; garrantzi pixka bat zuten laburrak egiten hasi ginen, ez genuen ulertzen zergatik ez ziren ikusten kanpoan, eta Eusko Jaurlaritzak apustu handia egin zuen. Garaiak aldatu dira. Tabakaleran ez dago gure jendea bakarrik, mundu osoko jendea dago nahastuta. Belaunaldi berri bat da, globalagoa, mestizoagoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.