Eraikinaren egokitze lanak amaituak direlarik ordurako, 2015etik aurrera Tabakalera Donostiaren erdigunean kokatutako «hiri kulturala» izango da, batez ere kultur sorkuntzara eta ikerkuntzara bideratua —diziplina guztietako kultur sorkuntzara eta ikerkuntzara bideratua, baina ikus-entzunezkoen arlokoek indar berezia izango dute—, bertako proposamenetan oinarritua baina nazioarteko trukeetara irekia. Hori hala izan dadin lortzeko —eta egitasmoaren inguruan azken urteetan zabaldu den etsipen giroa lehenbailehen gainditzeko— lanean hasteko gogoz agertu ziren atzo bederen, Tabakaleraren eraikinean bertan egindako agerraldian, Ane RodriguezTabakalerako kultura zuzendaria eta Haritz Azkarraga kudeatzailea, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko (KGNZ) Administrazio Kontseiluko lehendakaria ondoan zutela.
«Tabakalerako aurreko taldeak utzitako proiektua hartuko dugu abiapuntutzat, baina garrantzitsua izango da hura egokitzea», adierazi zuen Rodriguezek, Tabakalerako kultura zuzendari gisa zer asmo dituen azaltzerakoan; «egokitu, hala egungo egoera ekonomikora nola egungo aldaketa soziokulturaletara», zehaztu zuen gero. Ekainaren amaieran izendatu zuten Rodriguez, eta urriaren 1ean hasiko da lanean.
Tabakalera, batez ere eta beste ororen gainetik, «sorkuntza fabrika bat» izango da, Rodriguezen hitzetan, baina kultura erakusteari eta ezagutzeari ere lekua eskainiko diote. «Donostian bizitza kultural handia dago, baina batez ere kultura erakusteko zereginean oinarritua, jaialdi eta areto askorekin. Guk, Tabakaleran, sorkuntza bultzatu nahi dugu batez ere».
Sorkuntza bultzatzean, etapa guztiak hartuko dituzte aintzat, sorkuntzaren ekoizpenari dagokiona ez ezik, baita sorkuntza egitasmoa lantzeari dagokiona ere. «Garrantzitsua da ikerkuntzaren eta ideia sorkuntzaren garaian ere inbertitzea. Adibide bat jartzearren, Cannesko zinema jaialdiak lau hilabeterako bekak ematen dizkie hainbat gidoilariri, beren lana ahalik eta baldintza egokienetan egin dezaten».
Ikus-entzunezkoak izango ditu ardatz nagusi Tabakalerak; horiei emango die leku nagusia, baina gune «multidiziplinarra» eta «transdiziplinarra» izango da. Dena den, kontu batzuk «berriz pentsatzeko eta definitzeko» daude oraindik. Adibidez, aurreko taldearen proiektuan telebistaren arloak zuen aparteko garrantzia. «Teknologian egingo diren inbertsioen araberakoa izango da hori, eta pentsatu beharra dago».
Parte hartzeari irekia
Egitasmoa «denen artean» egiteari funtsezkoa irizten dio Rodriguezek. «Hurrengo hilabeteetan hiriko sektore kulturaleko ahalik eta eragile gehienekin elkartzeko asmoa dugu,zer premia nagusi dauden jakiteko. Egitasmo askok edukiontzi baten beharra dutela uste dut, harrera egingo dien egitasmo baten premia, eta espero dugu Tabakalerak horri erantzun ahal izatea». Tabakalerak, horretarako, «parte hartzeari irekitako erakunde abegikorra» izan beharko du.
«Tabakalera hiri kulturala bihurtuko da», Rodriguezen asmoak gauzatzen baldin badira. «Eraikinaren barruan hainbat egoitza kultural egongo dira: Etxepare Euskal Institutua, Euskadiko Filmategia, Zinemaldia…». Haien ondoan, lehendik hirian dauden jaialdiei «urte osoan nolabaiteko jarraipena» ematen saiatuko da Tabakalerako lantaldea. «Helburua da Tabakalera, hiriaren barruan, gune neuralgiko bat izatea, eta herritarrak hara jotzea noiznahi, zer gertatzen ari den jakiteko, joaten den bakoitzean zerbait aurkituko duela jakinik».
Hiriko testuinguruan eta batez ere hiriko agenteekin elkarlanean arituko da, baina Tabakalerak «nazioarteko anbizioekin» lan egingo du. Mundu osoko pentsalari, komisario, artista, zinemagile eta sortzaileei aldi baterako egoitza ematea izango da horretarako bide bat. «Truke asko egingo dira, eta hiriko ehuna aberastuko da nazioarteko ekarpenekin».
Erakinaren egokitze lanak amaitu bitartean, garrantzi handikoa izango da «programazio deslokalizatua» egiten jarraitzea, «aurreko taldeak egin duen bezala, horretarako garai erraza ez izan arren».Datorren urtetik aurrera, lantaldea «programazio deslokalizatuekin» hasiko da «Tabakaleraren identitatea eraikitzen».
Tabakalera ireki berria dela, Europako kultur hiriburu izango da Donostia 2016an. Irekia izeneko kolaborazio lerroaren bitartez jorratuko du Tabakalerak DSS2016EUrekiko elkarlana, baina Rodriguezek oraindik ezin du iragarri zertan gauzatuko den zehazki elkarlan hori.
Artelekuk Tabakalerarekin izango duen harremana ere definitzeko dago oraindik. «Arteleku oinarrizko pieza da hiriko eta lurraldeko sorkuntza kulturalaren arloan, eta, hortik harago, nazioartean ere garrantzi handikoa dela esatera ausartuko nintzateke. Baina ez dakit zer asmo duen Gipuzkoako Aldundiak, eta ikusi egin beharko da erakundeen artean zer akordio egiten diren».
Obra, «martxa oso onean»
Epe ertainean, erakinaren egokitze arkitektonikoa da Haritz Azkarraga kudeatzaileak esku artean duen ardura nagusia. Ezeren okerrik ez dela, 2015eko ekainean amaituko dira lan horiek. «Obra martxa oso onean doa», azaldu zuen Azakarragak. «Epeak betetzen ari gara, aurrekontua ere bai, eta obraren kalitatea oso ona izaten ari da».
Abuztuaren 20an hasi zen Tabakalerako kudeatzaile lanak egiten Azkarraga, eta oso gustura dago bertako lantaldeak egin dion harrerarekin. Talde horretako kideak zoriondu zituen, «proiektua ezbaian egon den azken aldi honetan egin duten lan mardulagatik».
«Hiri kulturala izango da»
Tabakalerak batez ere kutur sorkuntza eta ikerkuntza landuko dituela adierazi du Ane Rodriguez zuzendari izendatu berriakGune «multidiziplinarra» izango da, baina ikus-entzunezkoak izango dira ardatz nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu