«Garrantzi handiko» aurkikuntza batekin amaitu zuten, joan den ostiralean, Praileaitz I haitzuloko (Deba, Gipuzkoa) aurtengo indusketa aldia. Izan ere, haitzulorako beste sarrera bat topatu zuten han lanean dabiltzan arkeologoek. Bigarren sarbide horren aurkikuntzari esker, baieztatu egin dituzte han lanean zebiltzan arkeologoek beren susmoak. Aspaldi zuten esana ezinezkoa zela Deba ibaiaren inguruko koba horretan aurkitzen diren materialik zaharrenak orain arte ezaguna zen atetik sartuak izatea. Beste sarrera «garrantzitsu» bat egon behar zuelako susmoa zuten, eta, ate hori izango zen, haien ustez, han aurkitutako «Goi eta Behe Paleolito garaiko materialak sartzeko garaiko biztanleek zuten bidea». Hipotesi hori joan den uztailaren 11n baieztatu ahal izan zuten han lanean zebiltzanek.
Praileaizko indusketen arduradun Xabier Peñalverrek azaldu duenez, haitzuloaren barnetik kanpora egin da aurkikuntza; lanean zebiltzan galeriako sabaian zulo bat egin eta bertatik begiratuz, hainbat norabidetara zuzentzen ziren galeria eta espazio «zabalak» aurkitu zituzten. Galeria horietan kanpoko landaredia ikustea ahalbidetzen zuen 25 zentimetro inguruko zuloa ikusi, eta hori izan zen sarrera horren lehen aztarna. Gerora, lehenengo sarreratik 16-18 metrora dagoen sarbidean aritu dira lanean, eta egun, kobara sartu ahal izateko adinako sarbidea dago. Aurretik ezaguna zen atearekin egin bezala, hesi bidez itxi dute sarbidea.
Susmoak baieztatzearekin batera, oraingo aurkikuntzak «Praileaitz I leizean izandako okupazioen berri emateko aukera gehiago» sortu dituela azaldu du Peñalverrek. «Paleolito garaiko Debabarreneko biztanleen datuen berri» ere eman dezakeela uste du.
Alde batetik, indusketetan parte hartu dutenen esanetan, aurkikuntzak haitzuloa «uste baino konplexuagoa» dela erakusten du. Ikuspegi arkeologikotik begiratuta, aukera handia ematen du atondoaren eskuinean dagoen galeria aurkitu berriko material zaharraren jatorrizko aztarnategia aurkitzeko. Ondoriozta daiteke, beraz, berriki aurkitutako sarreran zegoela jatorrizko aztarnategia, sarrera aldean biltzen baitziren Paleolito garaiko gizakiak, eta ez kobazuloen barren-barrenean. Modu horretan, beste aukera bat zabaltzen da orain: ongi kontserbatuta badago, jatorrizko aztarnategia aurkitzekoa; bai Goi Paleolitokoa (duela 10.000 eta 35.000 urtekoa), bai Moustier aldikoa ere (duela 45.000 eta 180.000 urtekoa).
Aurkikuntzaren garrantzia kontuan izanik, hasi dira horren ondorengo lanak. Hasteko, bigarren sarreraren itxitura egin dute jada. Bestalde, leherketen datuak zaintzeko asmoarekin, sismografo bat jarri dute haitzuloaren barrenean. Arkeologo batek ikuskatzen ditu harrobiaren barnean azaltzen diren bide karstiko guztiak aztarnategi arkeologikorik ez dutela eta Praileaitzekin lotuta ez daudela ziurtatzeko asmoz.
Bestalde, aurrekontu berezia izango da datorren urtean Praileaitzen indusketa sakon eta luzea(3-4 hilabete bitartekoa) egin ahal izateko. Izan ere, orain arte azaldutako guztiak aditzera ematen duenez, izango da Neandertal garaiko (duela 250.000 eta 28.000 urte bitarteko) aztarnak aurkitzeko aukera.
Babes beharraz
Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio zabal dezala Praileaitzen inguruko babes eremua hemendik aurrerako indusketa lanak «behar bezala» egin ahal izateko, eta lehenetsi dezala ondarearen garrantzia beste kontsiderazio eta interes ekonomikoen aurretik.
Eskakizuna, baina, ez da berria. Aurretik ere eskatua zuen aldundiak egun dagoen 50 metroko babes eremua 100 metrora zabal zedin, eta baita egun Itsasertzeko Legeak babesten duen eremua kultura dekretu baten bidez babes dezaten ere. Aurkikuntza Kosta Legearen babes eremuaren barruan egonik, Zeleta enpresaren Sasiola harrobiak bertan ustiapena egiteko «inolako baimenik» ez duela azaldu du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
Hipotesiak betez, Praileaitz I leizeko bigarren sarrera aurkitu dute
Sarbide horren aurkikuntzari esker, jatorrizko aztarnategia bertan zegoela ondorioztatu dute arkeologoek, han biltzen baitziren biztanleak, eta ez haitzuloaren barrenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu