Hiperrealismoa eta Luepertz, Bilboko Arte Eder museoaren 2014ko programazioan

Mikel Diaz Alabaren eta arte japoniarrari buruzko erakusketek osatuko dute museoaren eskaintza

Ralph Goingsen lanetako bat. BERRIA.
Erredakzioa
Bilbo
2013ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Bilboko Arte Eder museoak bi erakusketa handi izango ditu 2014an. Batetik, hiperrealismoari buruzko atzera begirakoa eskainiko du —Richard Estes eta Chuck Closeren lanekin osatua besteak beste—, eta bestetik, Markus Lupertz margolari neoespresionistaren erakusketa antologikoa atonduko du. Horiez gain, beste bi erakusketak osatuko dute Bilboko museoaren datorren urteko eskaintza: Mikel Diaz Alaba margolari garaikide bizkaitarrak bere lanak erakutsiko ditu, eta museoaren bilduman oinarrituta, arte japoniarrari eskainitako erakusketa bat ere zabalduko dute urte berrian.

Markus Luepertz (Bohemia, 1941) urteko lehen erakusketa handiaren protagonista izango da. Otsailaren 17an zabalduko duten erakusketan 60ko hamarkadatik hona artista alemaniarrak eginiko 78 margolan eta eskultura erakutsiko dituzte. Kolonia eta Bonngo museotatik iritsitako lanekin batera, hainbat galeriak eta bildumazale pribatuk utzitakoak jarriko dituzte ikusgai Bilbon.

Udan arte japoniarrari buruzko erakusketa osatuko dute museoaren bildumako obrekin. Jose Palaciok 1925ean eta 1933an bildu zituen hainbat lan eta 1953an museoaren esku utzi zituen haren alargunak. Hautaketa bat —180 pieza—, ekainaren 9tik aurrera ikusi ahalko da.

Udazkenean zabalduko dute hiperrealismoari buruzko erakusketa handia, eta 66 obra izango dira ikusgai: Richard Estes, John Baeder, Tom Blackwell, Don Eddy, Ralph Goings eta Chuck Close artistenak, besteak beste.

Azkenik, Mikel Diaz Alabaren (Bilbo, 1947) erakusketan 34 lan erakutsiko dituzte.

2013a, urte ona

2014ko programazioa aurkeztearekin batera, Javier Viar museoaren zuzendariak amaitzear dagoen urtearen datuak ere eman ditu. Aurten, 200.000 bisitari inguru izan dituzte pinakotekan, haren historiako kopururik handienetan bosgarrena. Aurreko bi urteetan baino jende gutxiago izan da, baina zuzendariak gogorarazi du 2011 eta 2012a oso urte arrakastatsuak izan zirela Antonio Lopez eta Fernando Boteroren erakusketei esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.