Bonba eta oihu hotsak kanpoan, eta, kamerak hartzen dituen planoetan, umezurztegi bateko haurrak, lo egin nahian baina ezinean, kanpoko gatazkak beldurtuta. Azken karlistaldiaren garaia da, 1876. urtea, zehazki. Kameraren mugimendu ezegonkorrek are argiago islatzen dute gelako ezinegona; mehatxuaz jabetuta, umezurztegiko mojak kaperara jaitsiko dira umeekin, fedeari esker bizitza salbatuko dutelakoan. Erratu egingo dira, ordea, sabaia gainera eroriko baitzaie.
Gerra eta heriotza du abiapuntu Igor Legarretaren bigarren film luzeak: Ilargi guztiak. Eta hasierako gai horiek ardaztuko dute ekoizpena. Sabai eroriaren hondakinen azpian, umeetako bat bizirik dago oraindik, larriki zaurituta eta zurezko egitura trabeska duela hanken gainean. Arnasa zailduta, izerditan eta odolusten, aingeru guardakoa irudituko zaion andre bat agertuko da eraikin birrinduan: Itziar Ituñok gorpuztutako banpiro bat, aingeruaren guztiz kontrakoa dena, agerian, baina heriotzatik eta bakardadetik salbatuko duena, hilezkortasuna eta bizitza osorako konpainia emanez. Hortik aurrera, bere izaera berrira egokitzeko bidea hasiko du Haizea Carnerosek gorpuztutako pertsonaiak, eta, horrekin batera, hil ezin izateak dakartzan ondorioak biziko eta hausnartuko ditu gazteak, hilezkorren taldean aurrena, eta hilkor abegitsu baten etxean ondoren.
Atzerapenak tarteko, Legarretaren sorkuntzak badu dagoeneko estreinaldi data: Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren atarian emango dute ekoizpena, gaur, hiriko Campos antzokian egingo duten hasierako ekitaldian. Ondoren, maiatzaren 14tik aurrera ikusi ahalko da zinema aretoetan Haizea Carnerosek, Itziar Ituñok, Josean Bengoetxeak eta Zorion Egileorrek antzeztutako lana.
Legarretak beldurrezko elementu andana pilatu ditu filmean, izua eta intriga oinarri-oinarrian dituen jaialdi baterako aproposak: banpiroak ageri dira, gauak egunak baino presentzia handiagoa du, eta etsaiak lanbro artetik agertzen dira inoiz, pixkanaka-pixkanaka, daramatzaten argi zuzien kea desagertuz doan heinean mamituz haien hazpegiak; enkoadraketak ezegonkortu egiten dira egoerak beste horrenbeste egin duela adierazteko, eguzkiaren argiak min ematen du, eta, halaber, baita herrikideen begiradek ere.
Alabaina, Ilargi guztiak ez da beldurrezko pelikula bat, zuzendariak adierazi duenez: «Drama fantastiko bat da, bidaia emozional bat». Ikasketa prozesu bat ere bada, orobat, eta hori islatzeko jo du Legarretak fantasiara: «Hilezkortasuna erabili dut hilkortasunaren inguruan hitz egin ahal izateko». Heriotzari «edozeinek» dion beldurrari erreparatu dio zuzendariak, dagoeneko arrisku hori galdu duen pertsonaia baten ikuspuntutik, eta, halaber, hilkorrek hura arintzeko eskura dituzten «konponbideak» ere agertuz, besteak beste erlijioa, Zorion Egileorrek interpretatzen duen apaiz baten eskutik. Betiko bizi daitezkeela eta hildako hurkoekin hurrengo bizitza batean bat egin ahal izango dutela sinetsarazi die, funtsean, Egileorren pertsonaiak herrikoei, eta kontrol emozional horren bitartez mantenduko du nagusitasuna.
Pelikulak ez du jopuntuan heriotza ukatzea, ordea. Kontrara, haren «onarpena» da obraren gaia, zuzendariak azaldu duenez: «Heriotzari diogun beldur naturalarekin batera egiten du bere bidaia Haizearen pertsonaiak: ez dakigu zer gertatuko zaigun, eta, gainera, heriotzak perspektiba ematen dio bizitzari. Bizitzako gauzak gustuko ditugu efimeroak direlako». Dioenez, bizitzaren ifrentzua dira, heriotzaz gain, mina, hotza eta guda, eta horren adierazle da kontakizunak hartzen duen denbora tartea: gerra karlistarekin hasi, eta 1936ko gerra piztu berri dela bukatzen da istorioa. «Bizitzaren prozesuaren parte dira. Ez gara ez aingeruak, ez deabruak».
Prozesua ere, ia betikotuta
Gustuko duten genero batetik tiraka sortu dute Legarretak eta Jon Sagalak Ilargi guztiak laneko gidoia: argi zuten banpiroen mitoa izango zela istorioaren oinarria eta hortik aurrera eraikiz joango zirela lana. Hala dio zuzendariak: «Interes berezia genuen banpiroen hilezkortasunean, eta horrek nora eramaten dituen jakitean». Hala ere, banpiro hitza ez da behin ere esaten pelikulan, eta, pertsonaia batzuek haien kutsu ukaezina duten arren, banpiroaren figuraren elementu bereizgarri batzuk falta zaizkie: «Ez dute letagin luzerik, eta ez daude beti odolez blai. Gure protagonista ez da munstro bat».
Abiapuntua argi zuten, baina ibilbidean hainbat oztopo izan dituzte. «Aire zabalean filmatzea beti izan da konplikatua». Gainera, umeen babeserako legearen ondorioz, 22:00ak arte grabatu zezaketen Carnerosekin —13 urte ditu—, eta, aintzat hartuta sekuentzietako asko gauez eginda daudela, bi ordu izan dituzte horietako batzuk osoki grabatzeko.
Dena dela, pandemia izan da filmaketa hankaz gora jarri duen aldagaia, batez ere. Grabatzen hasi eta lau astera, lana eten egin behar izan zuten, baina alde positiborik ere topatu dio egoera horri zuzendariak: «Tarte horretan aurremuntaketa egin genuen, egindakoa zorrozteko eta bigarren zatiari hobeto ekiteko». Aktoreen laguntzari esker proiektua aurrera eraman ahal izan duela azpimarratu du.
Hilezkor izateak ikaratuta
Gaur estreinatuko dute Igor Legarretaren 'Ilargi guztiak' filma, Bilbon, Fant jaialdiaren inaugurazioan. Heriotzak eragiten duen beldurraz dihardu, hilezkortasuna lortzen duen pertsonaia baten begietatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu