'GASTEIZKO HONDARTZAK'
Itzelezko arrakastarekin aurkeztu dute Dantzerti Goi Eskolako ikasleek beren gradu amaierako lana, Barakaldo antzokiko besaulki guztiak bi emanaldietan beteta.
Literaturzaleek dakitenez, Gasteizko hondartzak izenburua Xabier Montoiak (Gasteiz, 1955) 1997an idatzitako liburu batena da, eta estreinaldi honetarako Antton Lukuk handik gutxira egindako moldaketa baliatu dute. Ene uste apalean, gustura ibiliko zen antzerkigilea libertimenduekin eta antzeko herri-adierazpenekin konektatzen, pertsonaien, aroen eta egoeren anabasa dirudien testuari antzerkirako forma ematean. Eta gauzatze eszenikorako, nor egokiagoa Ximun Fuchs baxenafarra baino? Lukuren hurbilekoa izanik —berak esango du ezetz, maisuaren ikaslea baino ez dela—, arraina uretan lez ibili da jatorrizko testuan dauden istorioei forma eszenikoa ematen eta antzezle gazteen berezko entregari etekin emankorra ateratzen.
Liburua agertu zeneko kritika bateko zatia ekarriko dut hona, esanguratsua iruditzen zaidalako argumentuaren izaera kaotikoa hobeto ulertzeko. Hona hemen Jose Jabier Fernandezek Euskaldunon Egunkaria-n idatzi zuena: «Ipuinekin gozatzen zoazen bitartean konturatzen zara liburuko pertsonaiak errepikatzen joaten direla, batzuk azaltzen, besteak gordetzen, batzuk ipuin batean protagonistak, eta beste batean bigarren mailakoak».
Eta hori da kontua. Emanaldian zehar, eta ordena kronologikoari ez beti men eginez, gasteiztarren bizipen pertsonalak dira hiriaren eboluzio harrigarriaren ezinbesteko inurriak. Ordea, nik gauza pare bat eduki dut faltan: 1976ko martxoaren 3ko biktimei aipamenik egin ez izana —Martin Villa ultrafrankista Barne ministro zelarik— eta azken hamarkadetan hiriak bizi izan duen berpizkunde euskaltzalea. Hilerrietako bakea ezarri zuten frankistek, baina hondartza galtzada-harrien azpian zegoen, Parisen 68ko maiatzean aldarrikatu zen moduan.
Eszenaratzeari dagokionez, hilerrietako nitxoak agertu dira atzeko oihalean, eta haien gainean pintatu dira urteen iragateari zegozkion mezuak, faxisten aldekoak zuriz eta langileen aldekoak gorriz. Agertokia zenbait altueratan eratu da dramaturgian lagungarri izan zedin, eta zortzi bat orga bertikal izan dira nagusi, haiekin irudikatu batira hilotzen tonbak, bizilagunen leihoak eta beste hainbeste gauza. Espero zenez, koadro laburrekin eta gatz eta piperreko solasaldiekin eratu da hiriaren bilakaera, baina ahotsen bolumen narritagarria traba izan da eszenaratzea eta antzezpenak balioan jartzeko.
Izan ere, lehen hitzetik azken esaldira arte garrasika aritu dira antzezle guztiak gauzarik sinpleenak oihu larriekin esaten, ez ahotsen proiekzio faltagatik baizik eta hautu estetiko ulertezin baten ondorioz. Eta, tamalez, garrasiak gora eta gorago, oihu jasanezinak edozein gauza esateko erabiliak, txilioka salbuespenik gabe hitz egin izana izango da lan estimagarri honetatik hobekien gogoratuko duguna.