Hilerrian ehortzitako misterioak

Gaizka Zabartek desagertuen inguruan girotu du 'Zaharrak ez zuen hil nahi' bere lehen nobela

Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2011ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Hildakoak bakean utzi behar direla esan ohi da. Lurperaturakoak lurpean gelditu behar duela. Baina ehorzleak deitu eta aitaren hilobiaren alboan iragana nahaspilatzen hasiz gero, zaila da jakinminari eustea. Misterioa da nagusi Gaizka Zabarteren (Zaldibar, 1960) lehen nobelan, eta desagertutako jendeak utzitako arrastoa eta hutsunea ditu ardatz. Zabartek adierazi duenez, ustekabez beterik dago Zaharrak ez zuen hil nahi, Susa argitaletxeak kaleratu duen nobela.

Josu Gezeta narratzaileak harritu tonuarekin kontatzen du ehorzlearen dei misteriotsu bat jaso ondoren hilerrira egindako bisita. Ohartzerako, ehorzleak aitaren iraganeko misterioetan murgiltzen du Gezeta, duela 35 urte ehortzita egon beharko zuen gorpua bertan ez dagoela esan ondoren.

Zabarteren nobelak desagertuen estela du oinarri. Idazleak adierazi duenez, ezagun baten desagerpenak galdera sorta jaiotzea dakar, istorioari mamia emanez: «Aspalditik lurpean edo behintzat hilda egon beharko zuen aita hor nonbait dabilela jakiteak mataza konplexua eskaintzen dionarrazioari». Misterioa korapilatuz doan heinean, narratzaileak agerian uzten ditu urduritasun eta ezinegonak: «Gezeta aitaren iraganean murgildu ahala, ordura arteko ziurtasun asko kolokan jartzen zaizkio; ezaguna zitzaion errealitatea erori egiten da».

Hainbeste ezustekori eutsi nahian, Gezetak idazteari ekiten dio, misterioa argitzen lagunduko diolakoan: «Tipo arrunta da Gezeta, gutako edonoren antzekoa. Baina ehorzlearen kontakizunak arruntetik beste eremu batera darama errealitatea». Hasiera batean, ehorzlearen istorioek limurtu egingo dute narratzailea: «Gezeta liluraturik dago ehorzlearekin, baina pixkanaka sentipen ilunak loratzen dira».

Heldu hasiberria

Ez dira ohikoak 51 urterekin nobelagintzan estreinatzen diren idazleak. Zabarte gaztetik egin ditu ipuinak eta saiakerak, baina orain arte ez du inoiz argitaratzeko premiarik izan: «Betidanik izan dut idazteko joera, baina orain arte ez dut nobelarik plazaratzeko ilusio berezirik izan». Nobela Josu Gezeta ezizenarekin entregatu zuen argitaletxean: «Duela lau urte hasi nuen lan hau, eta argitaletxeak aurreiritzirik gabe irakurri zezaten nahi nuen, idazlearen arrastorik gabe».

Zabartek ez du esan etorkizunean hasi berri duen idazle lanbidearekin jarraitzeko asmorik ote duen: «Ez dut inor mehatxatuko oraingoz. Dakidan bakarra da nobela honek ez duela jarraipenik izango.»

Desagerpen ederrak

Gezetaren aitarekin batera, Zabartek beste zenbait desagerpen ere aipatzen ditu nobelan, hala nola Matias Pascal edota Wakefield: «Literatura zein zinemaren munduko desagerpen ederrak gehitu nahi izan ditut nobelan. Desagertzeko modu ezberdinak daude, baina beti sortzen dira galderak».

Intriga azken unera arte luzatu du Zabartek: «Istorioa korapilatu egiten da etengabe, Gezetaren ezjakintasuna ia frustragarria bihurtzeraino. Azkenik, galderak bata bestearen barruan pilatzen dira, matrioxken antzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.