'putzua'
Idazlea: Goiatz Labandibar. Argitaletxea: Erein.
Misterio gutxi eta azalpen asko ditu liburu honek. Alabari esan diodanean liburua hilekoa etorri zaion neska bati buruz dela, hark Jara ote den galdetu dit. Eta ez. Hau ez da Jararen abentura bat, hemen hilekoa ez da abentura abiatzeko erabiltzen den gertaera iniziatiko bat. Hemen, hilekoa da gaia, protagonista eta helburua. Baita izenburua azaltzen duena ere. Dena da.
Narratzaile ahots betiereko bat dago, lehen letratik azkeneraino istorio hau eraikitzen diguna. Eta ahots hau orojakilea da, badaki zer pentsatzen duten pertsonaiek, badaki iragana eta badaki oraina. Are gehiago, ematen du pertsonaiei zer pentsatu eta sentitu behar duten esaten diela, gidatu egiten dituela, gidoiari hertsiki loturik dauden aktoreak balira bezala.
Laure da protagonista, 13 urteko neskatoa, DBH ikastera ikastolara doana. Goizean jaiki denean kuleroak odolez zikindu dituela konturatu den neskatoa. Berarekin egingo dugu egun bat, goizetik gauerakoa, hamabi orduz edo, bere lehen inpresioak ezagutzeko.
Lehen erreakzioak. Eta, jarraian, senideen ekarpenak, aholkuak, azalpenak. Konpresa nola jarri behar den, tanpoiak erabiltzeko aholkuak, zer den hilekoa nerabe batentzat, zer den hilekoa menopausia hasten denean, zer den menarkia, zer den bizitzaren zikloa emakume batentzat, «nola» eragiten dion desberdin emakume bakoitzari, adibideekin. Zer egin hilekoa lagunen artean tabua denean. Nork hitz egiten duen norekin gai hauetaz, eta nork norekin ez. Odolaren usainak, baleude.
Bai, azalpen testu trinko baten itxura du honek. Eta hala da, den dena didaktikoa delako, jakingarria, ikastekoa.
Bueno, egiari zor, fikziozko eleberritxoa dirudien testu batek jantzi narratibo bat behar du, pertsonaia sorta bat eta gertakari soka bat.
Kasurako, Laurek ahizpa bat dauka, Ania izenekoa, lauzpabost urte zaharragoa dena eta institutura doana. Harekin ziurtatua du konplizitatea, hark erakusten dizkio di-da batean hilekoaren kontu praktikoak, hala nola tanpoiak jartzen. Eta pixka bat bihurria denez, kontakizunari gatza eta piperra eransten dizkio.
Ama ulerkorra eta hurbilekoa da, Laurek hari deitzen dio aurrena zer egin behar duen galdezka, nahiz eta bere kasa molda dadin erantzuten dion, hain pragmatikoa da-eta. Etxera etorri orduko, orduan bai, azalpen jakingarriak ematen dizkio, esperientzia propiokoak eta testuliburuetatik ateratakoak diruditenak.
Amona ama bezalakoa da, baina goxoa gainera, eta ez hain «pragmatikoa». Ulerkor agertzen zaio, hurbileko, sekretuak gorde gabe, garbia.
Aita eta betiko laguna den Xabat gutxi azaltzen dira, ulerkorrak eta enpatikoak dira, konplizeak.
Azkenik lagun kuadrilla dago: Ilazki, Nikole, Olaia, Katti, Enea, Aiala. Euren zeregina Laureren pentsamenduetan ispiluarena egitea da eta, bide batez, bestelako gaiekin ihesbideak eskaintzea, liskartxo eta anekdota arinekin kontakizuna aberats dadin.