«Prekaritateak bizi ditu artistak». Errealitate horren jakitun zegoen Lanartea lehendik ere; hain zuzen, «euskaraz eta euskaratik kultura egiten duten sortzaile eta interpreteen —hau da, artisten— lan eta bizi baldintzak hobetzeko» sortu zen elkartea, Amagoia Gurrutxaga koordinatzaileak gogora ekarri duenez. Orain, artistek bizi duten errealitatea zer-nolakoa den zenbakien bidez eman du argitara, Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzen I. Inkesta kuantitatiboaren emaitzak aurkeztuta. Gurrutxagak berak eta Koldo Izagirre idazle eta Lanarteko kideak —elkartearen sortzaileetako bat da— aletu dute azterketa. Eta datu esanguratsu ugari utzi du lanak.
Lanarteak «sindikatu bokazioa» duela adierazi du Gurrutxagak, eta «prekarizatuta dagoen sektore bat biziberritzea eta, ondorioz, gutxituta dagoen euskal kultur sistema hauspotzea helburu». Elkartea sortu zenetik sumatu zuten «zenbat-non-nola» zeuden ebazteko beharra. Hainbat diziplinatako langileen inguruko inkestak begiratu zituzten, baina apenas topatu zuten hizkuntzaren aldagaia aintzat hartzen zuenik. Hamaika kultur plan ofizialetan ere, «artistak oso-oso tantaka» ageri ziren. «Txosten horiei esker, asko ikasi dugu sektoreko patronalaren egoeraz; geure buruaz, apenas. Bitxia da, etsigarria dela ez esatearren, kultur sistema osoaren lehengai lehena sortzen dugula kontuan izanda... Balirudike gu ez garela langileak. Bagara, baina». Euskaraz sortzearen faktorea erdigunean jartzen ez duen plan orok «bazterrera» bidaltzen dituela erantsi du. «Gure bazterrak kartografiatzea ezinbestekoa zaigu, ondorioz».
Orain lau urte abiatu zuen kartografiatze lan hori Lanarteak, sektoreko beste zenbait elkarte eta eragilerekin harremanetan. Eta horren harira heldu da argitaratu berri duen inkesta. Irailean zintzilikatu zituzten sarean «galdetegi zorrotzak», bata komuna, eta diziplinakakoak besteak, «normalean galdetzen ez zaizkien zenbaki zehatzen xerka».
245 lagunek erantzun zituzten proposatutako galderak: 135 gizonek (%55,1), 99 emakumek (%40,4) eta 11 pertsona ez-binariok (%4,5). Erdiak baino gehiago Gipuzkoan daude erroldatuta, ia erdiek 45 eta 64 urte artean dituzte, eta 22,2 urte daramatzate batez beste jardun artistikoan, profesionalki zein ez profesionalki. Hizkuntzari dagokionez, %67,8k euskaraz soilik egiten dituzte hitzezko beren sormen edo interpretazio lanak; laurdenek, berriz, euskaraz eta erdaraz egiten dituzte, baina euskaraz gehien; eta %4,9k egiten dute lana euskaraz eta erdaraz neurri berean edo erdaraz gehien —%3,3k eta %1,6k, hurrenez hurren—.
Lantzen duten diziplinari dagokionez, berriz, Izagirrek azaldu du inkesta bete duten hamarretik sei kultur diziplina batean baino gehiagotan aritzen direla, eta hamarretik lauk bakarra lantzen dutela. Literaturan eta gidoigintzan jarduten dutenena da multzorik handiena, eta kasik beste horrenbestekoa da musikariena —bertsolariena da hirugarren taldea kopuruan—. Halaber, azterketan parte hartu dutenen ia erdiek beren kontura egiten dute lan —aldi berean besteren kontura eta euren kabuz aritzen direnak ere badira—, eta horietatik ia bi heren daude jarduera artistikoren batean alta emanda, autonomo gisa. Beste %45,7 besteren kontura ari dira lanean; eta horietatik gutxiengoa dira artisten erregimen berezian edota intermitentzian alta emanda daudenak.
Ogibide nagusi edo ez
Inkesta betetako artisten %40k beren jarduera artistikoa eta jarduera horren ondoriozko lanak dituzte irabazi iturri bakar edo nagusi, Izagirrek zehaztu duenez. Horietatik ia bi heren, musikan, literaturan eta gidoigintzan, edo antzerkigintzan aritzen dira. «Beste muturrean, %52,2ri beren diru sarreren erdiak edo gutxiago datozkie jarduera artistikotik eta jardueron ondorioz sortutako lanetatik».
Diru sarrerei erreparatuta, berriz, batez beste, 27.879 euroko diru sarrera gordinak jaso zituzten iaz sortzaile horiek —sarrera guztiak aintzat hartuta, jardun artistikoaren ondoriozkoak ez direnak ere bai—. Irabazi horien %43,3 izan ziren jarduera artistikoen ondorioz irabazitakoak; 12.073 euro, alegia. Irabazi garbien datu hori diziplinaren arabera ere zehazten du azterketak, eta badago alderik batetik bestera: 14.536 eurokoa da kopururik handiena, ikus-entzunezkoen multzoari dagokiona; eta 4.467 eurokoa txikiena, musikarien taldeari dagokiona.
Hizkuntza hautuari begiratuta, baina, «12.073 euroko irabazi garbien batezbesteko horrek beste dimentsio bat» hartzen duela ohartarazi du Izagirrek. Izan ere, euskaraz soilik sortu zuten artisten irabazi garbiak, batez beste, 4.717 eurokoak izan ziren; eta euskaraz eta erdaraz sortu zutenen irabazi garbiak, batez beste, berriz, 9.672 eurokoak.
Beste datu esanguratsu bat utzi du diru sarrerei buruzko atalak. Hain zuzen, jarduera artistikoa ogibide bakar edo nagusi dutenen artean, 12.330 eurokoak izan ziren iaz, batez beste, irabazi garbiak: hilean 1.027,5 euro, alegia.
Talde berean, 24.286 eurokoak izan ziren batez beste irabazi gordinak, baina segidan eman dute zehaztapena: «Batezbesteko horrek ezkutatu ezineko datu bat dakar: artista multzo horretako %30,7k 15.000 euro edo gutxiagoko diru sarrera gordinak izan zituzten, alegia, artista asko Hegoaldeko lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik bizi izan ziren, eta Iparraldekoaren oso azpitik».
Artisten kezkei eta aurreikuspenei begirako atal bat ere badu ikerketak. Izan ere, azken urtebetean beren jardun artistikoa uztea pentsatu ote duten galdetu zieten inkestan, eta %33,8k baietz erantzun zuten. Kopuru hori %42,7ra igotzen da kultur jarduna ogibidetzat dutenen artean. Arrazoi nagusien artean, nekea, gehiegizko presio administratiboa, baldintza kaxkarrak, eta dirurik eza eta ezegonkortasuna aipatu zituzten.
«Aski da»
«Honaino ekarri gaituzte euskarazko kulturaren alde beren-beregi egingo duten politikak indarrean ez jartzeko bateko eta besteko erabaki politikoek», salatu du Gurrutxagak. «Aski da. Ezin da betikotu, normalizatu, sektore bat hain baldintza kaskarretan bizitzea. Ezin diogu hau opa etorkizun diren euskal kulturgileei».
Lanartearentzat, inkestak argi utzi du egoera hobetu beharra dagoela, eta horretan hasteko tresnak ere badirela gaineratu du. Hala, sei proposamen zehatz egin ditu, eta beste eragile batzuekin lantzeko prest dagoela erantsi.
Lehena, euskaraz sortutako kulturaren legea egitea, sektoreko eragileen parte hartzearekin, eta artisten baldintzen hobekuntza xede duten neurriak lehentasun hartuta. Kulturgintzari dagozkion politikek artisten lan baldintzak erdigunean jarri behar dituztela eta hizkuntza zehar-lerro gisa eduki behar dutela ere uste du elkarteak.
«EITBk euskal kulturaren alde egiteko hartuko dituen neurrien inguruko eztabaida» lehenbailehen abiatu behar dela ere adierazi dute. Eztabaidan sektoreko eragileek parte hartu beharko luketela uste dute, eta Lanarteak hainbat aldarri eramango dituela gehitu, hala nola EITBn kultur programazioa emendatzea, irratietan euskarazko musika aireratzeko kuotak ezartzea, euskarazko ikus-entzunezko ekoizpen berriak sustatzea eta eskaintza guztia euskarara azpititulatuta eta bikoiztuta eskaintzea. Hedabideetan, erakunde publikoen kultur programazioan eta sustapen lerroetan ere euskarazko kulturaren aldeko gutxieneko kuotak behar direla ere esan dute.
Euskarazko kultura ikusgarri egiteko lan egingo duen erakunde autonomo bat sortzearen alde agertu dira. Eta artisten praktika onen gidak dauden moduan, «artistekiko harremanetan erakunde publikoek izan beharreko gutxieneko praktika onak» adostearen alde ere bai.
Amaitzeko, artistei «beren eskubideen alde» aktibatzeko deia egin diete, eta herritarrei, «kulturaren alde» paratzeko. Erakunde publikoei, berriz, galdegin diete sektorearekin elkarlanean aritzeko, «sektorearen aldeko politikak diseinatu eta gauzatu ditzaten».
hainbat datu
245Denera, 245 sortzailek erantzun dute inkesta. Horietatik %55,1 gizonak dira, %40,4 emakumeak, eta %4,5 pertsona ez-binarioak. Erdiak baino gehiago Gipuzkoan daude erroldatuta, eta ia erdiek 45 eta 64 urte bitarte dituzte.
%25Inkesta erantzun dutenen laurdenak (%25,7) literaturan eta gidoigintzan aritzen dira nagusiki, eta beste laurdenak ia (24,9), musikan. Bertsolariena da hirugarren multzo nagusia (15,9). Inkestatuen %40,4 diziplina bakarrean aritzen dira orobat.
22Batez beste, jardun artistikoan 22,2 urte daramatzate ikerketan parte hartu dutenek, profesionalki zein ez profesionalki. «Esperientzia eta euskal kultur sistemaren ezagutza handiko pertsonek bete dute gure inkesta, beraz», nabarmendu du Lanarteak.
%68Azterketan parte hartu duten sortzaileen %67,8k euskaraz soilik egiten dituzte hitzezko beren sormen edo interpretazio lanak; laurden batek euskaraz eta erdaraz, baina euskaraz gehien; eta %4,9k euskaraz eta erdaraz neurri berean edo erdaraz gehien.
%50%49,8k beren kontura egiten dute lana, eta horietatik ia bi heren jarduera artistikoren batean alta emanda daude, autonomo gisa. %45,7 besteren kontura ari dira lanean, eta horietatik bi heren langile erregimen orokorrean daude alta emanda.
%40Hamarretik lauk du jardun artistikoa eta horren ondoriozko lanak dituzte diru iturri bakar edo nagusi; horietatik ia bi heren musikan, literaturan eta gidoigintzan, edo antzerkian ari dira. Beste %52,2ei diru sarreren erdiak edo gutxiago datozkie jarduera artistikotik.