Hilaren 14an hasiko da Literaktum Donostian, eta zinema izango du ardatz

Bost erakusketa, haurrentzako hamasei jarduera eta 29 aurkezpen egingo dituzte. Pio Baroja eta Juan San Martin ekarriko dituzte gogora

Likteraktum jaialdiko aurkezpena izan zen atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Azaroaren 14tik 27ra bitarte egingo dute Literaktum jaialdia, Donostian. Literatura jorratuko dute askotariko diziplinak zinemagintzaren lengoaiarekin uztartuz. Aurten 70 urte bete ditu Donostiako Zinemaldiak, eta, horren karietara, zinema izango du ardatz literatura jaialdiak.

Hitza du langintza literaturak; irudia eta soinua zinemak. Istorioak kontatzea dute helburu komuna biek, eta, ondorioz, film bihurtu diren eleberriek hartuko dute zentralitatea jardunaldian: literaturatik zinemarako moldaketak dakarren estigmak, adibidez. Hainbat galdera erantzuteko bide izan nahi lukete jardunaldiek: eleberri bat film bihurtzearen irabazi eta galerak zeintzuk diren aztertzea, eta ea kasu denetan nobela beti hobea den zehaztea, esaterako.

Galdera horiek eta beste zenbait erantzuteko, solasean arituko dira hainbat idazle, gidoilari, eta zinema zuzendari: Eduardo Mendoza, Lorenzo Silva, Jesus Carrasco, Virginia Feito, Gabriela Ybarra, Angeles Gonzalez-Sinde, Miren Gorrotxategi eta Jon Arretxe, esaterako. Gorrotxategi bere 33 ezkil (Elkar, 2016) nobelaz mintzatuko da, azaroaren 21ean,Liburutegi Nagusiaren San Jeronimo kaleko aretoan.

Literaktumek aurkezten du atalak bilduko ditu lan berriagoak ere, Hector Abad, Isaac Rosa, Maria Oruña eta Iban Zaldua idazleekin. Azken horrek, Miren Narbaiza musikariarekin, Ipuina engainua da aurkeztuko du Viktoria Eugenia antzokian.

«Zinema festa bat da»

Bi idazleren jaiotza urteurrenak ere ekarriko dituzte gogora, 150 urte baitira Pio Baroja jaio zela, eta mende bat igaro baita Juan San Martin sortu zenetik. Soledad Puertolas eta Luis Antonio Villena idazleen arteko solasaldi batek eta Barojaren Literatur postalak erakusketak (Ernest Lluch kultur etxean) gogora ekarriko dute idazle donostiarra. San Martinek euskal literaturari egindako ekarpena Oier San Martin semeak azalduko du, hilaren 22an, San Jeronimoko aretoan.

Diziplina ugari landuko ditu egitarauak, tartean izango baitira erakusketak, antzerkiak, bertso saio literarioak eta errezital musikatuak. Gainera, Katixa Agirrek Zinemaldiaren inguruan egindako Zinema festa bat da, enkontru ezinezko bat liburua ere izango da, Tabakaleran, hilaren 23an. Haurrentzako jarduerak Literaktum txikia programan bildu dituzte.

Itzultzaile ibiltariak izenburupean, mahai inguru musikatua egingo dute Itxaro Bordak, Ainara Maiak, Leire Martinez de Marigortak, Maria Callafellek eta Miren Agur Meabek, hilaren 18an, Okendo kultur etxean, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.