Hil ostean ere nobedade

Erakarmen handia du Pio Baroja idazlearen lanak, eta, horregatik, behin eta berriz bueltatzen dira euskal irakurleak haren testuetara. Hil zenetik 60 urte bete izana da aurten aitzakia.

Inigo Astiz
2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Sendagaiak ia beti dosi txikietan erabiltzen nituen; askotan ez zuten eraginik izaten, baina, hala, gutxienez, ez nuen baldarkeriaren bat egiteko arriskurik». Pertsonaiak ia hezur-haragizko irudikatzeraino baliatu zuen mediku gisa falta zuen ausardia Pio Baroja idazleak (Donostia, 1872 -Madril, 1956), eta indar horregatik da Euskal Herriko eleberrigile nagusietariko bat. Baina bere memoria liburuetan kontatzen duenez, Zestoan (Gipuzkoa) hartu zuen ofizio batetik bestera pasatzeko erabakia. 1893an. Errebelazio hirukoitza izan zuen herriko mediku etxean: han ohartu zen medikuntzak aspertu egiten zuela; han jabetu zen benetan idazle izan nahi zuela, eta han berreskuratu zuen jada galdutzat zuen euskalduntasuna. «Zestoan euskaldun sentitzen hasi nintzen, eta galdutzat jotzen nuen arraza hari hori bildu nuen». Horra idazle bat nola jaiotzen den.

Antiklerikala, antiabertzalea, antisemita eta antierrepublikanoa. Etsai sorta bat zuen Barojak, baina milaka dira belaunaldiz belaunaldi haren prosari esker literaturara zaletutako euskal irakurleak. «Gaur egungo euskal narratzaile askoren aitona literarioa, onartu ala onartu gabe, Baroja dela, ez beste inor». Egungo euskal literaturaren iturritzat aurkeztu zuen Aingeru Epaltza idazleak Baroja, haren heriotzaren 50. urteurrenean, eta euskal idazle zerrenda batek ere egin du bat aurten haren heriotzaren 60. urteurrenean Donostia 2016k antolatutako ekitaldietan. Eta atzo ere, ehunka pertsonak eman zuten izena Donostian Jakintzaren arbola eleberriaren irakurketa jarraitua egiteko.

Literaturaren paradoxak: hil zenetik 60 urte joan direnean ere, liburu dendetako nobedadeen apaletan topa liteke Barojaren sinadura. Urteurrenaren aitzakian, esaterako, Espasa argitaletxeak lehenengoz argitaratu ditu liburu bakarrean idazlearen euskal tetralogiako lanak. Berez, trilogia bat egitea zen idazlearen hasierako asmoa, eta ideia horrekin idatzi zituen La casa de Aizgorri, El mayorazgo de Labraz eta Zalakain abenturazalea. Elkartuta ere argitaratu zituzten hiru lanak bera bizirik zela, baina 1922an Altzateko jaun liburua idatzi, eta tetralogia bilakatu zuen trilogia. Eta orain argitaratu dituzte laurak batera aurrenekoz.

Baina zentsurak ere izan du pisurik Barojaren argitalpen data bihurrietan. Bizirik zela, 1936ko gerrari buruz idatzitako trilogiako liburu bakarra ikusi ahal izan zuen kalean, esaterako: El cantor vagabundo. Debekatu egin zizkioten beste bi lanak; 2006an argitaratu zen trilogiako bigarrena: Miserias de la guerra. Eta, azkenik, iaz heldu zen hirugarrena: Los caprichos de la suerte. Idazleak bizitoki izan zuen Berako Itzea etxean egon zen ordura arte, karpeta gris batean, soka gorri batzuekin bilduta. Baina horixe da argitaratu gabe geratzen zen haren azken lana. «Ez dago material literario berri gehiago», zehaztu zuen Pio Caro Baroja ilobak.

Urmaelen aurka

Baroja gutxiegi euskaratu ote zen, eztabaida bazegoen garai batean, eta susmoa zen ea haren jarrera politikoen eraginez izan ote zen. Ordea, azken urteetako publikazioek erabat itxi dute polemika hori, 2006tik hona Jakintzaren arbola eta Zalakain abenturazalea eleberriak eta haren ipuin bilduma bat euskaratu baitituzte, hurrenez hurren, Koro Navarro, Josu Zabaleta eta Felipe Juaristi itzultzaileek.

Izen handia da Barojarena, eta horregatik dabil beti haren izena errekarri bat bezala kultura orrietan bueltaka. Eta, hain justu, jarioan ulertzen zuen hark ere literatura. «Nobela, oro har, Historiaren korrontea bezalakoa da: ez dauka ez hasierarik ez bukaerarik; nahi den lekuan hasi eta amaitzen da. [...] Noski, badago jende abila Historiaren jario horri hormak jarri, hura geldiarazi, enbaltsatu eta gero Erretirokoen moduko urmaelak sortzeko gai dena. Batzuek maite dituzte muga horiek; beste batzuoi aspergarri eta gogaikarri zaizkigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.