Antzerkia

Hika Teatroaren 'Zorretan' lanak jasoko du Donostia antzerki saria

Antzerkiaren Nazioarteko Egunean jasoko du saria konpainiak, martxoaren 27an. Viktoria Eugenia antzokian egingo da ekitaldia, eta berriro taularatuko dute antzezlana.

 Intxaurraga, Irastorza, Barandiaran eta Gaztañaga, Donostia antzerki saria eskuetan dutela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Intxaurraga, Irastorza, Barandiaran eta Gaztañaga, Donostia antzerki saria eskuetan dutela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko otsailaren 25a
10:15
Entzun

Aspalditik elkarrekin bizi diren senar-emazte batzuek dei bat jaso dute, emaztearen amarena. Eurekin bizitzera joango dela dio, eta ezinegona eragin dio horrek bikoteari. «Zuk esan diozu?», galdetu dio emazteak senarrari, berria sinetsi ezinda. Hori du abiapuntu Miren Gaztañagak, Jabi Barandiaranek eta Iñake Irastorzak antzezten duten tragikomedia absurdo eta poetikoak.

Zorretan antzezlanak jasoko du 25. Donostia antzerki saria, martxoaren 27an, Viktoria Eugenia antzokian. Agurtzane Intxaurragak idatzi eta zuzendu du, eta Hika Teatroa konpainiak taulara eraman. Antzezlanak amatasunaz eta zaintzaz hitz egiten du, egoera komikoak eta surrealistak tartekatuta. Antzerkiaren Nazioarteko Eguna da martxoaren 27a, eta, urtero bezala, saria irabazi duen antzezlana oholtzaratuko dute bertan —galarako gonbidapenak martxoaren 25etik aurrera egongo dira eskuragarri—. Horrez gain, Hika Teatroak 12.000 euro eta Juan Ignazio Mendizabal Mendi artistaren eskultura jasoko du sari moduan. Joan den urtean Donostian estreinatutako euskarazko antzezlanen artean hautatu du epaimahaiak Zorretan

Pozik egoteko arrazoi ugari

Irribarrea ahotik kendu ezinda agertu dira prentsaurrera Zorretan antzezlaneko partaideak. Intxaurraga zuzendariak adierazi duenez, «zalantzak» izan zituen idatzitako testu hori taula gainera eraman edo ez, baina «ingurukoen bultzadak» eman zion behar zuen indarra: «Antzerkia pertsonala da, neronek idatzia eta zuzendua. Eta halakoetan norbera da epailerik handiena». Iaz 35 urte bete zituen Hika Teatroak, eta, zuzendariaren hitzetan, Zorretan antzezlana izan da hori ospatzeko «modurik politena»: «2024a urte emankorra izan zen, eta landatutako hazi guztien ostean, uzta jasotzen ari gara orain».

Izan ere, Donostia antzerki sariarena ez da Hika Teatroak azken asteetan jaso duen albiste on bakarra. Intxaurragak berak jakinarazi duenez, Max sarietan sei hautagaitza jaso ditu antzezlanak: obrarik onena, zuzendaririk onena, gizonezko aktorerik onena, emakumezko aktorerik onena, egilerik onena eta ekoizpenik onena. Gainera, udaberrian testua editatuko dutela ere jakinarazi du zuzendariak. Susa argitaletxeak editatuko du, Ganbila bilduman. Hori horrela, ondoan zituen aktoreei eskerrak eman nahi izan dizkie: «Luxuzko taldea izan da. Sormen prozesua benetan gozagarria izan zen, aktoreek sinetsi egin zutelako testu horretan. Testuak berak zeukana baino hezurdura eta gorputz handiagoa eman diote, antzezlana beste dimentsio batera eramanda».

Antzezleak ere pozik agertu dira Viktoria Eugenian egin den prentsaurrekora. Gaztañagak lantaldea azpimarratu nahi izan du, eta hamabi asteko lana prozesu «ederra eta betegarria» izan dela nabarmendu du: «Agurtzaneren begirada eta estiloaren barruan aritu gara lanean, baina prest zegoen gure proposamenak jasotzeko. Eta horrek sortzaile bezala bete egiten zaizu». Bide beretik jo du Irastorzak ere: «Agurtzanek deitu zidanean eta testua irakurri nuenean, asko gustatu zitzaidan proposamena. Eta pozten naiz ez nintzelako erratu. Gauza bat da testua ikustea eta interesatzea, eta beste bat taula gainean gauzatzea. Baina, zorionez, erantzun oso ona jasotzen ari gara». 

Eskaerak egiteko ere baliatu nahi izan dute tartea antzezlaneko partaideek. Intxaurragak esan du «asko eskertzen» duela horrelako sariak egotea euskararen inguruan, euskara «erdigunean» jarri behar dela iritzi baitu. «Hiriburu edo hiri handietan euskarazko obrak aste barruan programatzen dira. Eta bada garaia euskal antzerkiak, euskaraz izan behar duen horrek, erdigunea hartzeko». Barandiaran aktoreak, berriz, kulturaren beharra gogorarazi nahi izan du. «Aitortu behar dugu herri honen berezitasunik handiena ez dela kultur zaletasuna. Baina, batzuetan, publikoak demostratzen du kultura beharrezkoa dela egunerokotasunean. Hori gogorarazi nahi dut, izan ere, badirudi batzuetan instituzioek hori ahaztu egiten dutela».

Modu eta ikuskera ugari

Aurtengo edizioko epaimahaiak arrazoi ugari eman ditu Zorretan antzezlanari Donostia antzerki saria emateko. Nagusiki, bertan jorratzen diren gai sakonak «oso ongi ekarriak» daudela iritzi du —ama-alaben arteko harremana, zaintza, maitasuna, dolua...—, eta gai horiek planteatzeko egileak «modu eta ikuskera ugari» erabili dituela.

Era berean, gaiari buruzko «beste begirada bat» landu izana balioetsi du epaimahaiak, eta gai bakoitzari buruz «gizartean errotuta dagoen iritzia zalantzan» jartzea. Eta antzezleen lana ere goraipatu du: «Indar handiz eta irudimenez beterik taularatu dute lana, eta umore absurdoa eta drama uztartzeko gaitasun paregabea dutela erakutsi dute».

Bira betean daude oraindik ere Hika Teatroa konpainiako kideak, Zorretan Euskal Herriko hamaika txokotara zabaltzen. Antzezlana bizirik dago oraindik ere, baina datorren hiletik aurrera, antzezlanaren «anaia bikia» ere izango da ikusgai. Hala definitu du gaztelerazko bertsioa Intxaurragak. Dferian estreinatuko dute Mi deuda, martxoaren 19an, Intxaurrondoko kultur etxean (Donostia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.