Hezurdurak bere horretan

Gorka Hermosa konpositore eta akordeoi jotzaileak nazioartean gehien interpretatzen diren bere 11 pieza bildu ditu 'Fragilissimo' disko berrian. Bakarka grabatu duen lehen aldia izan da

Gorka Hermosa akordeoi jotzailea, 2019ko irudi batean. 25 urteko ibilbidea osatu du musikan, eta horren isla bat jasotzen du lan berriak. TXAKEL URARTE.
IItziar Ugarte Irizar
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Pandemiak ekarri dizkio behar zituen baldintzak, baina pandemia baino lehen buruan zuen proiektuaren ideia Gorka Hermosak (Urretxu, Gipuzkoa, 1976). «Duela pare bat urte momentu transzendental horietako batek harrapatu ninduen, eta pentsatzen egon nintzen zer gustatuko litzaidakeen grabatuta uztea, baldin eta hiltzear egongo banintz. Sentitzen nuen gauza pila bat egiten ari nintzela eta agauza polit pila bat gertatzen ri zitzaizkidala, baina galdera hori nuen bueltaka: 'Hilko banintz, zer gustatuko litzaidake grabatuta uztea?'». Musikari, konpositore eta eguneroko irakasle lana uztartu beharrak, baina, beste asmo horiek geroratzera behartu izan zuten ordura arte, harik eta pandemia heldu zen arte. «Zerbait ona izan badu honek, agenda lasaiagoa ekartzea izan du. Denbora izatea barrura gehiago begiratzeko eta urgenteak ez diren baina garrantzitsuak diren lanei ere heltzeko». Bestelako lan erritmo hori baliatuz ondu du, bada, Fragilissimo Hermosak, bere bederatzigarren diskoa eta erabat bakarka grabatu duen estreinakoa.

Azken puntu hori da, hain justu, disko berria ezaugarritzen duen elementu nagusia: orain arte ez bezala, akordeoiarekin baina bakarrik sartu dela konpositore eta musikaria grabazio estudiora. «Beste norbaitekin geratuta oso gustura egiten dut lan, baina nor bere buruarekin geratzea askoz gehiago kostatzen da beti. Horretan ere lagundu du pandemiak, beste inorekin geratzea asko zaildu den heinean».

11 kantu bildu ditu diskoan, 25 urteko jarduna jasotzen dutenak nolabait. Alabei da berriena, diskoa zabaltzen duen lana; Gernika 26/4/37 zaharrena; eta tartean datoz Pater Noster, Paco, Anantango, Saudade Africa, Goya: Caprico 43, Fragilissimo, Oda, Northern Lights eta 11 Variaciones Sobre El Libertango. «Momentu berezi baten isla da bakoitza», egilearen hitzetan. Irizpide nagusia munduan gehien interpretatzen diren bere konposizioak biltzea izan du; han-hemen egin diren hainbeste bertsioren ondoren, jatorrizko bertsiorik «intimistenak» biltzea. Hermosa: «Nire musikarekin gusturen nagoen aldeetako bat zera da, oso malgua dela. Horrek baimendu izan dit orkestra sinfonikorako, duorako, ganberarako, bandarako... moldatzea, baina pieza guztietan hezurdura beti egokitzen dut akordeoi bakarlariarentzat, eta gero datoz moldaketak». Alde horretatik, disko berriak badu «esentziara» itzultzetik egilearentzat. «Konposatzen ditudan bezala daude, bere horretan».

Berak egin nahi zuen lan bat izan da, baina baita hainbatek eskatu izan dioten zerbait ere. «Nire pieza ezagunenetako batzuek bertsio ugari dituzte, Youtuben esaterako, eta hori oso pozgarria da. Baina erreferentzia bertsio horiek izan beharrean, nik neuk jatorrizkoak publikatzeko eskatu izan didate, abiapuntua izateko».

Normalean, «proiektu oso ezberdinetan paraleloan» aritu ohi da lanean Hermosa. Azken urteetako gutxi batzuk aipatzera, duela bi urte landutako Atlantia e ria egitasmoa —musika afrikarra, flamenkoa eta euskal musika uztartu dituena—, iazko Gorka Hermosa & Blanchard Strings diskoa—akordeoi eta orkestrarako piezak batu zituena— eta Iparragirreren omenezko Urretxutik munduraobra —«Urretxurekin nuen zorra kitatzeko balio izan dit»— oroitu ditu, eta, horien aldean, lan berriak bere errepertorio guztitik «kontserbatorio munduan» jotzen direnak batu dituela zehaztu.

Fragilissimo hitzak —eta piezak— akordeoi jotzailearentzat duen esanahi bikoitzagatik eraman du hura diskoaren izenburura. Lehenik, pieza mugarri garbi bat bezala ikusten duelako bere ibilbide profesionalean. 24 urte baino ez zituenean konposatu zuen, Granadako (Espainia) Musika eta Dantza jaialdikoek enkargu bat egin ziotenean. «Londresko orkestra sinfonikoarekin eta beste izen handi batzuekin jo behar nuen, eta han nindoan ni nire ilajearekin eta Kortaturen kamisetarekin. Rock disko bat atera nuen orduan, Ilunabar, eta paraleloan klasikoko kontzertuekin segitzen nuen. Flipatzen nuen: rockaren aldean, hain zen zorrotza dena klasikoan; txaloak, isiltasuna...». Horrek eragiten zion «barne borrokarekin» puskatzeko idatzi zuen Fragilissimo, zeina «soinu bihurtzen den zaratekin» hasi, eta oihuka bukatzen den. «Shock bat» izan zen unean, eta urte batzuk erdi lozorroan egon ostean, Zeelanda Berriko Grayson Masefieldek partitura eskatu, eta kontserbatorioz kontserbatorio zabaltzen joan zenean, gauzak aldarazi zizkion Hermosari. «Leku guztietan piztu zuen polemika. Orduan hasi zitzaizkidan gonbidatzen Pekindik, Moskutik, Pragatik, Hego Amerikatik...».

Mugarri izaera horrez gainera, hitzak berak dakarren hauskortasun adierarengatik ere aukeratu du titulurako: «Hala sentitzen zara bakarrik jotzean».

Akordeoia «erromerietatik haragoko» tresna dela defendatzen jarraituko du Hermosak, eta oraindik orain aurkezpenen zirkuitua mugatuta badago ere, baditu hitzorduak datozen hiletarako. «Bestela ere, ez da pop-rock disko bat, modaz pasatuko dena. Luze jarraituko dut kantuokin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.