«Heuscaraz escribaturen dut guthun haur»

Jose Maria Arriolaren eta Rosa Lertxundiren 15.000 eskuizkribuko bildumaren parte diren XII. mendetik XIX.era bitarteko 40 testu jarri ditu ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoak. Euskarazko ale esanguratsuak ere badira tartean.

'Arriola-Lertxundi liburutegiko eskuizkribuak' erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
'Arriola-Lertxundi liburutegiko eskuizkribuak' erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko urriaren 31
05:00
Entzun

Denboraren kapsula bat ezkutatzen du Bilboko Zazpikaleetako Espainiako Bankua kaleak. Jose Maria Arriola eta Rosa Lertxundi bildumagileek bertan dute gutxi gorabehera 20.000 liburu berezi —tartean, 1501a baino lehenago inprimatutako 140 argitalpen— eta 15.000 eskuizkribu biltzen dituen gordailua, eta haren lagin txiki baina esanguratsu bat jarri du orain ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoak. Ondare erraldoi horren parte diren 40 eskuizkribu biltzen dituen erakusketa zabaldu dute Obra gonbidatua izeneko programaren barruan. Eta, tartean, badira euskarazko bi argitalpen esanguratsu ere. 1616. eta 1617. urteetan Erronkariko mugak zehazteko Gabriel Etxarte zuberotarraren eta Miguel Ros erronkariarraren arteko eskutitz trukea da bata, eta Pierre Urtek 1700. urtean euskaratutako Bibliaren eskuizkribua da bestea. Museoaren bildumako hainbat artelanekin batera jarri dituzte dokumentuak ikusgai. Santander fundazioaren babesa jaso du museoak, eta Historiaren artea. Arriola-Lertxundi liburutegiko eskuizkribuak deitu dute erakusketa. Otsailaren 2ra arte izango dute zabalik.

Eraikin zaharreko lau areto hartzen ditu ibilbideak, guztira. XII. mendekoa da bertan ikusgai den eskuizkriburik zaharrenetako bat, eta XIX. mendekoa berrienetako bat. Tartean, badira pribilegio gutunak, noblezia gutunak, liturgia liburuak, Mediterraneoko portuen kokapenak eta mila toponimo biltzen dituen XVII. mende hasierako portulano bat, Albreteko etxearen 1459ko prozesio liburu bat, 1477ko erromatar zuzenbideari buruzko liburu bat, miniatura eta filigrana zehatzekin apaindutako otoitz liburuak, bai eta Francisco de Goyak Bilboko Udalarekin izandako eskutitz truke bat eta Juan Crisostomo Arriaga konpositoreak eskuz idatzi eta sinatutako Esklabo alaiak obraren partitura bat ere.

Jose Luis Merino Gorospe Bilboko Arte Ederren Museoko Antzinako Artearen kontserbatzaileak egin ditu komisario lanak. Kronologikoki antolatu ditu dokumentuak, eta museoaren bildumaren parte diren hainbat artelan ere txertatu ditu ibilbidean. 11 margolan, eskultura bat, akuarela bat eta bi argazki dira, zehazki, eta eskuizkribuekin dituzten antzekotasun estetikoak zein lantzen dituzten gaien arabera egin du hautaketa.

Goyaren misterioa

Goyak 1824an margotutako Moratin poetaren erretratua margolanarekin batera erakutsi dituzte pintoreak berak bere eskuz sinatutako eskutitzak, esaterako. Eta, hain zuzen ere, margolan bati buruzkoa da artistak Bilboko Udalarekin izandako eskutitz trukea. Udalak Manuel Godoiren erretratu bat eskatu zion artistari, kobrezko 12.000 errealen truke. Ordaina jaso zuela erakusten duen agiria ere ikus daiteke museoan, baina ez dago argi Goyak margolana amaitu ote zuen. Erakusketan bildutako azken eskutitzean, atsekabetuta azaltzen baita artista, Godoiri, nonbait, ez zitzaiolako egin zuen lehen bertsioa gehiegi gustatu, eta uko egin ziolako berriz ere margolariaren aurrean jartzeari, horretarako denborarik ez zuela argudiatuz.

«Historiak eta arteak elkarri aurrez aurre begiratzeko aukera eskaintzen du erakusketak; historiak arteari zabal diezaion bere denbora, eta arteak bere egia historiari»MIGUEL ZUGAZABilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria

Eta hor dago misterioa, komisarioaren hitzetan. Merinok azaldu duenez, oraindik ez dakitelako artistak, azkenean, margolana egin ote zuen eta desagertu egin ote den, edota kontua bere horretan geratu ote zen, eta Goyak dirua bueltatu ote zuen edo ez.

Pierre Urtek 1700. urtean euskaratutako bibliaren eskuizkribua. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Pierre Urtek 1700. urtean euskaratutako Bibliaren eskuizkribua. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Eta artearen eta argitalpenen arteko joan-etorriko joko gehiago ere badira erakusketan. Restaconeko Maisuaren Salvator Mundi margolana ere jarri dute ikusgai, adibidez. Hain zuzen ere, behealdean Europa, Asia eta Afrika erakusten dituen mapa bat du obra horrek, eta, horregatik, Mediterraneoko portuak erakusten dituen maparen alboan jarri dute zintzilik.

Artelanen eta argitalpenen arteko joan-etorriko harreman hori nabarmendu du Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak. «Historiak eta arteak elkarri aurrez aurre begiratzeko aukera eskaintzen du erakusketak; topaketa horretan, historiak arteari zabal diezaion bere denbora, eta arteak bere egia historiari».

Euskarazko Biblia

Pierre Urteren euskarazko Biblia ere ikus daiteke erakusketako azken aretoan. 1700ekoa da eskuizkribua. Donibane Lohizunen jaio zen Urte, eta, katolizismoan hezi arren, kalbinismora aldatu, eta Londresera erbesteratu zen. John Chamberlaine eta David Wilkins hizkuntzalariak ezagutu zituen bertan, eta han eman zuen argitara bere Bibliaren itzulpena ere, eta euskararen gramatika bat ere idatzi zuen. Erakusketan bisitariak erraz identifikatuko du Genesiko uholde unibertsalaren pasartea. Atertu ostean, justu, Noeren ontziak lurra jo zueneko unea kontatzen baitu ikusgai jarri duten orri bikoteak. «Eta çazpigarren illhabeteco hamaçazpigarren egunean arca guelditu içan çen ararateco mendien gagnean eta urac chumetuaz çihoazen lehen bagno lehenago hamargarren illhabeteragno, eta hamargarren illhabeteco lehen egunean mendi puntak agertu içan çiren».

Lehen kolpean uler daitezke Erronkariko gutunak izenarekin identifikatutako eskuizkribuak ere. 1616 eta 1617 bitartean idatzitako hamabost gutun dira guztira, eta erraz ezagut daitezke hartu-emanean dabiltzan bi pertsonen idazkera zein euskalkiak. Zubereraz mintzo delako Mauleko prokuradore lanetan zebilen Gabriel Etxart, eta erronkarieraz, berriz, Miguel Ros Erronkariko haraneko ordezkaria. Nafarroa Garaiaren eta Zuberoaren arteko lurren jabetzari buruzkoa da hartu-emana. Eta bi kideek argi izan zuten zer hizkuntzatan aritu. Hala azaldu zion euskararen aldeko hautua Etxartek Rosi, euren trukeko lehen eskutitzean: «Jauna ceren çuc ezpaituçu fraincez lengoageric endelgatzen, eta nic ezpaitaquit escribatzen espagnolez, haren causaz heuscaraz escribaturen dut guthun haur, esperançaz plazer harturen duçula goure lengoage naturalaz».

Eta, hain zuzen ere, Erronkariko gutun sorta hori aipatu du Jose Maria Arriola bildumagileak bere pieza kutunenen artean. «Dokumentu erabat bakana da», azaldu du. Eta esker ona ere adierazi nahi izan dio museoari, erakusketa antolatzeagatik. «Hunkituta gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.