Hesian-ek zuzeneko disko bat kaleratu du, 19 abestirekin

Gernikan emandako kontzertuaren bideoa eta taldeari buruzko dokumental bat ere argitaratu dituzte

Hesian taldekoak, Gernikan emandako kontzertuan. SAIOA CABAÑAS.
2013ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Hesian taldeak hainbat aldaketa izan ditu musikariei dagokienez. 2006an ekin zioten, eta orain, «inflexio» puntu batean zeudela eta, oraingo formazioarekin ibilbide hori islatu duen lana plazaratu dute Hemen eta orain diskoan, Fran Urias abeslari eta gitarristak (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1985) azaldu duenez. Joan den udan Gernikan eta Barakaldon emandako kontzertuetako hemeretzi abesti bildu dituzte diskoan, eta 22 kontzertuaren bideoan.

Horietaz gain, dokumental bat egin dute taldeari buruz, euren burua «biluzteko». Kontzertuengatik zergatik hasi ziren kobratzen, Euskal Herriko egoera politikoari buruzko gogoetak eta beste hainbat kontu bildu dituzte diskoarekin eta zuzeneko emanaldiaren bideoarekin batera argitaratu duten dokumentalean. «Talde bat gustatzen bazaizu, abeslaria aldatzea kolpe handia izan daiteke». Amets Larraza eta Urias aritu ziren hasieran abeslari, ondoren «beste batek» hartu zuen Larrazaren lekua, eta Zuriñe Hidalgok hartu zuen azkenean haren lekua. «Zergatik gertatu ziren aldaketa horiek, nola bizi izan genituen guk... Gure ikuspegiak banan-banan eta taldeak guretzat zer ean nahi duen azaltzen dugu». Euren ibilbidearen «atzera begirako bat» dela esan dute, «baina oraingo taldearekin».

Euren estiloa punk-rocka edo pop-rocka dela adierazi du Uriasek, nahiz eta batzuetan ska taldeen artean sailkatu izan dituzten. «Diskoaren aurkezpenean esan genuen ez garela ska talde bat. Badago abestiren bat ska erritmoko konponketa batzuk izan ditzakeena. Haize instrumentuak badauzkagu, bai, baina beste modu batean txertatzen ditugu. Ez gara ska talde bat».

Produktuari «berezitasun bat» eman nahi izan diote, «mundu guztia saiatzen den bezala». «Nahiko lanketa handia egin genuen kamerekin, muntaketari ere buelta asko eman genizkion, 'hemen hau, eta han bestea', argien eta soinuen proba luzea izan zen, dena perfektu egoteko. Ez genuen beti-betikoa egin nahi». Taldeari dagozkion lan guztietan asko inplikatzen direla dio Uriasek, eta bideoa egin duen produktorearen zirriborroak ikusten aritu dira, aldaketak-eta proposatzeko. «Oso gainean egon gara, ez dugu edozeinen eskutan uzten gure-gurea den gauza bat. Azken batean, hau geu gara».

Taldearen «ezaugarri garrantzitsuena» neska baten ahotsa izatea dela uste du Uriasek. Horregatik, batek utzi izan duenean beste neska bat bilatu izan dute beti. Horren harira, beste taldekide guztiak mutilak izatearen paradoxaz egin du berba Uriasek. «Beti eduki izan dugu ideia, beste taldekideren bat aldatu izan denean neska bat aurkitzekoa. Baina probetan aritu izan diren gehienak mutilak izan dira; ez dugu aukerarik izan neskarik hautatzeko. Zergatik den hori? Ez dakit. Gustatuko litzaidake jakitea». Jarraitzaile gehien-gehienak neskak direla dio ordea, eta kontraste horrek harritzen du.

Orain, zuzeneko emanaldiak izango dituzte udaberrian eta udan, baina datorren urtean beste disko bat aterako dute, «ia ziur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.