Musika

Hesian-ek agur esan du

Hamabost urteko ibilbidearen ostean, jotzeari utziko diola iragarri du taldeak sare sozialetan. Zortzi disko plazaratu dituzte, eta ehunka kontzertu eman.

Hesianeko Ane Bastida, Fran Urias eta Zuriñe Hidalgo, euren azken diskoaren aurkezpenean, 2018an. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko urtarrilaren 18a
11:38
Entzun

Amaitu da Hesian-en ibilbidea. Ska-rock taldeak ehunka kontzertu eman ditu azken hamabost urteotan, baita zortzi disko argitaratu ere, baina orain «tristuraz beteta» agur esan dute nafarrek. Atzo iragarri zuten euren sare sozialetan, eta jakinarazi zuten ez dutela agurreko kontzerturik ere egingo. 

«Hasiera guztiek dute amaiera bat, eta guri kantuz, izerdiz, maitasunez, borrokaz, barrez eta malkoz jositako istorio honi amaiera ematea dagokigu», dio taldeak argitaratutako gutunak: «Emandakoarekin pozik eta jasotako guztiarekin zoriontsu gaude».

Beti arte, lagunak!💛 Zuengatik, guregatik! ESKERRIK ASKO!!! Maite zaituztegu!

Posted by Hesian Taldea on 2021(e)ko urtarrilaren 17(a), igandea

Dena, ordea, ez da nahi bezalakoa, eta Hesian taldeko kideek aitortu dute agurra ez dela esperotakoa bezalakoa izango: «Bestelakoa imajinatzen genuen, baina errealitateak nahi baino gehiago lotzen eta mugatzen gaitu. Tristuraz beteta jakinarazi nahi dizuegu ezingo dugula merezi duzuen eta nahi genuen despedidarik egin».

Gainera, publikoki esan ez duten arren, aitortu dute bazekitela urtarrilaren 9an Bilboko Santana aretoan eman zuten kontzertua azkena zela, eta horregatik esan zutela berezia izango zela. Euren agurrean, bereziki, taldearen jarraitzaileei eman dizkiete eskerrak: «Zuengatik izan gara izan garen guztia, eta bihotza beteta, bagoaz». 

Hamabost urteko ibilbidea

Hesian 2006ko udan sortu zen, Sakanan, Nafarroan, eta 2007an plazaratu zuen lehen diskoa: Maite dugu. Euren ibilbidean, nagusiki, ska, rock-a eta pop-a landu dituzte, eta urte haietan musika estilo horrek Euskal Herrian izan zuen goraldiaren erreferente nagusietako bat izan zen.

Azken boladan, taldea osatu dute Zuriñe Hidalgok (ahotsa), Fran Uriasek (ahotsa eta gitarra), Ane Bastidak (baxua), Danel Ferreñok (bateria), Iker Toralek (gitarra), Eneko Garziandiak (tronpeta) eta Beñat Larraurik (tronboia). Hamabost urteko ibilbidean, ordea, taldeak hainbat aldaketa egin ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.