1993ko urtarrilaren 24an lehenik, Donostian, talde osoarekin. 2019ko irailaren 26an bigarrenik, Bilbon, Josu Zabala eta Iñaki Igon Garitaonandia Gari-rekin. Eta bikoteari Luis Xabier Sainz Txanpi bateria jotzailea gehituta orain. Hirugarren agurra izango du Hertzainak taldeak oraingoa, eta, diotenez, baita denetan azkena ere, eta bi kontzertu joko dituzte horretarako: 2022ko abenduaren 16an izango da bata, Barakaldoko BEC erakustazokan, eta urtarrilean bestea, Gasteizen. Urriaren 5ean jarriko dituzte Barakaldorako sarrerak salgai, eta 29, 40 eta 45 euroan egongo dira. Urriaren 4an Kutxabankeko bezeroek aurresalmentan eskuratu ahalko dituzte, eta horregatik sortu da nahasmena datekin hedabideetan.
Beste talde batzuk ere arituko dira emanaldietan Hertzainak-en aurretik, eta, horrez gainera, taldearen lagunak ere igoko dira oholtzara. Gasteizko saioa zer egunetan eta non egingo duten ez dute iragarri oraindik, baina esan dute «bilduagoa» izango dela. «Lagunarteko agur ospakizun bat».
Zabalak eta Garik Bilboko Kafe Antzokia lehenik eta Euskalduna jauregia gero bitan bete zuten 2019ko agur kontzertuetan, eta orduan sortu zitzaien amaiera Gasteizen egiteko ideia, taldearen jatorrizko kide gehiago ere gonbidatuta. Pandemiak eten zuen asmo hori, ordea, taldekideek azaldu duenez. «Bilbon bizitakoak Gasteizen ere bizitzea lortu behar genuke. Bertan hasi zen dena, eta bertan bukatzea zor diogu. Egin dezagun azkena gure alde, sortzen ikusi gintuen hirian. Horrenbeste merezi dugu bai Hertzainak-en zaleek, bai guk. Egin dezagun azken gure alde».
Euskal musikagintzan izen handia da Hertzainak taldearena. 1978an hasi zuen ibilbidea, eta estudioko zazpi disko luze grabatu zituen bere ibilbidean. Oraindik ere bistakoa da haien musikaren eta jarreraren eragina egungo taldeetan, eta euskaraz abesteko hautua egin zuten musikariek beti. Jakin-min handia piztu zuen horregatik Zabalak eta Garik 2019an egindako bira txikiak, eta oraingoan ere arreta handia piztu du taldearen azken agurra izango denak.