Hertzainak sentitzea

Hertzainak-ek BECen eta Gasteizen joko ditu azken bi kontzertuak, abenduaren 16an eta urtarrilaren hasieran. Urriaren 5ean jarriko dituzte sarrerak salgai

Iñaki Igon Garitaonandia Gari, Josu Zabala eta Luis Javier Sainz Txanpi musikariak, Hertzainak taldeko kideak. IBAI ARRIETA.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
1993ko urtarrilaren 24an lehenik, Donostian, talde osoarekin. 2019ko irailaren 26an bigarrenik, Bilbon, Josu Zabalarekin, Iñaki Igon Garitaonandia Gari-rekin eta gonbidatu zerrenda luze batekin. Eta jatorrizko bikoteari Luis Javier Sainz Txanpi bateria jotzailea gehituta orain. Hirugarren agurra izango du Hertzainak taldeak oraingoa, eta, diotenez, baita denetan azkena ere. «Bai, bai, hau definitiboa izango da», zehaztu du Zabalak irribarrez, «benetan, sinetsi baietz».

Bi kontzertu egingo dituzte horretarako: 2022ko abenduaren 16an izango da bata, Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan, eta urtarrilaren hasieran bestea, Gasteizen, oraindik zehaztu gabeko leku batean. Urriaren 5ean jarriko dituzte Barakaldorako sarrerak salgai, eta 29, 40 eta 45 euroan egongo dira, nahiz eta Kutxabankeko bezeroek urriaren 4an aukera izango duten jada aurresalmentan eskuratzeko. «Gure ondarearen festa handi bat ospatu nahi dugu», laburbildu du Garik.

Azkena gure alde deitu dute biratxoa, eta bi lurren artean deskribatu du taldea Zabalak: oin bat izan ziren hartan, eta bestea egun diren horretan. «Gure izaera ondo ordezkatuko duen zerbaitek egon behar du: jatorrizkotik zerbaitek egon behar du, eta 2022. eta 2023. urteetatik zerbaitek».

Beren diskografia osoko abestiak joko dituztela azaldu dute, eta kontzerturako beste talde batzuk ere gonbidatzeko asmoa dutela. Baina zein, oraindik ez dakite.

Euskaldunan gertatu zena

Berez, 2019an eman nahi zuten agurra, Zabalak aitortu duenez. «Jatorrizko ideia zen Euskal Herriko hiriburuetan despedida bira bat egitea, baina proiektua bertan behera geratu zen hainbat arrazoirengatik: talde osoa biltzeko zailtasunengatik, besteak beste». Andoni Aldekoa Euskalduna Jauregiko kudeatzaile ohia eta Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Kultura diputatua tematu, ordea, eta hala Zabala eta Gari berriz oholtzan izan ziren ordukoan. «Kaparrada itzela eman ziguten». Goraino bete zuten Bilboko Kafe Antzokia lehenik, eta baita Euskalduna jauregia ere bitan. «Eta hor zerbait gertatu zen», onartu du Zabalak. «Ustekabeko erantzun bat ikusi genuen, eta gure baitan ere zerbait gertatu zen».

Inor kanpoan ez uztea izan dute buruan, eta horregatik jo dute BEC erakustazokara. Baina, era berean, garrantzitsua iruditzen zaie azken agurra Gasteizen ematea ere. Zabala: «Neurri batean hiri horri zor diogulako gure izatea. Ni konbentzituta nago beste edozein lekutan Hertzainak ez litzatekeela izango gauza bera, Gasteizen sortzea inportantea izan zela, eta sinisten dut Hertzainak ere izan ginela gauza inportante bat Gasteizen. Gaur egun Gasteiz delako euskara gehien errekuperatu duten hirietako bat, eta hori faktore askorengatik izango da, baina uste dut horko aletxo bat gurea ere izango dela».

1978an hasi zuen ibilbidea taldeak, eta beti izan dute euskara ardatz. Erabaki horren garrantzia nabarmendu du Garik ere. «Hainbat izan dira gure aurretik; kate horren katebegi txiki bat gara, eta beste batzuk ere badaude oraintxe lan hori betetzen».

Gari, Zabala eta Txanpi ez ezik, Miguel Moyano gitarra jotzailea eta Oier Aldekoa baxu jotzailea ere izango dira oholtzan, eta, iragarri dutenez, hari laukote bat eta metal banda txiki bat ere izango dituzte ondoan.

Orain, Txanpi ere taldean izango dutela baliatuta, kanta batzuk jatorrizko bertsiotik gertu egongo direla iragarri dute, eta beste batzuk moldatu egingo dituztela. Gari: «Ez gara 80ko hamarkadako berak; espiritu hura gaur eguneratu genuen Euskaldunako kontzertuetarako».

Txanpik erronka handitzat jo du berriz ere Hertzainak-en jotzea, eta, azaldu duenez, denbora darama horretarako prestatzen.

Txalainak ikusten

Zabalak esan du duela egun gutxi, Iurretako festetan (Bizkaia), Txalainak izeneko tributo taldea ikusten egon zirela, eta erdi brometan kontatu du hura ikustean sentitutakoa: «Iruditu zitzaidan talde interesgarria zela. 'Joango nintzateke ni talde hau ikustera', tontakeria hori bururatu zitzaidan». Eta gero sakonago: «Gu beti gaude mugimenduan, ezer ez da egonkorra, gure kantuen mila bertsio egin ditugu, eta oso zaila egiten zait gogoratzea kantu baten jatorrizko bertsioa zein izan zen; ba Txalainak-ekoek gure kantuak jotzen dituzte diskoetan dauden bezala, eta ni flipatzen nengoen».

Baietz Txanpik, erdi barrez. «Sekulako kantak ziren». Eta Zabalak azkena: «Igual gonbidatu beharko ditugu kontzertura, giroa berotzeko edo».

Azken emanaldiak grabatu egingo dituzte. «Gaur egun erraza da», esan du Zabalak. Baina ez dakite diskoa aterako duten. «Ez da planaren parte. Izan liteke, etor daiteke, baina oraintxe ez da hori arduratzen gaituena. Lan talde hau ondo elkartzea, ondo sinkronizatzea dugu buruan. Berriro Hertzainak sentitzea, eta gero denborak esango du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.