Hertzainak taldeak bi kontzertu emango ditu, azkenean, Barakaldoko (Bizkaia) BECen. Hilaren 16ko kontzerturako sarrera guztiak amaitu ostean, hurrengo egunean (17, larunbata) beste bat ematea erabaki dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 16ko kontzerturako 16.000 sarrera inguru saldu dituzte.
Josu Zabala, Iñaki Igon Garitaonandia Gari eta Luis Javier Sainz Txanpi taldeko jatorrizko kideek joan den astean aurkeztu zuten zeintzuk izango diren taldearen amaierako kontzertuak. Orduan iragarri zuten, BECen kontzertuaz gain, urtarrilean Gasteizen beste bat egiteko asmoa dutela, baina ez zuten zehaztu ez zein aretotan ez zein egunetan izango den taldearen agurreko kontzertu hori.
BECeko bigarren kontzerturako sarrerak www.hertzainak.eus helbidean daude salgai.