«Hau bai benetako orgasmoa!». Arraultz bat pinu batean abestiaren erdian definitu zuen Iñaki Garitaonandia Gari-k Hertzainak taldearen atzoko kontzertua. BEC jendez lepo bete zuten 16.000 zaleei galdetuz gero, antzeko hitzak erabiliko dituzte Azkena gure alde agur birako kontzertu sortaren lehen alean bizitakoa definitzeko. Egun gogoangarri horien traza hartu zuen gauak hasieratik, eta aurreikuspen oro bete zen Hertzainak-eko kideak oholtza gainean egon ziren bi orduetan. Gaur ere BECen izango dira, eta urtarrilaren 6an egingo dute behin betiko agurra, Gasteizen. Jaio eta bukatu.
Ia 30 urte igaro dira lehen aldiz agur esan zuenetik, eta hiru pasatxo Garik eta Josu Zabalak elkarrekin zenbait kontzertu eskaini zituztenetik. Ordukoan ez ziren Hertzainak, baina baziren, eta hazi horren fruitua dira azken hiru kontzertuak. Nostalgiari helduta, bai, baina orain dela hiru hamarkada bezain fresko. Argi geratu zen Hertzainak-ek bere lekua egin duela euskal entzuleen oroimenean, eta bizirik egon dela urteotan. Izan ere, hainbat belaunaldi bildu ziren BECen, ez soilik 1980ko eta 1990eko hamarkadetan taldea entzuten zutenak; baita orduan haurrak zirenak eta jaiotzeke zeudenak ere; Ane Labakak kontzertu hasieran bertsotan esan bezala: «Ni jaio nintzen urtean desegin zuten taldea».
Nola ez, Luis Javier Saiz Txanpi gehitu zaie Gariri eta Zabalari agur birarako, eta hainbat musikariren babesarekin aritu zen hirukotea. Hasi, bosteko formatuan hasi ziren, Miguel Moyanorekin eta Oier Aldekoarekin —biak, Maldanberako kideak—; baina orotara hamasei musikari igo ziren taula gainera kontzertuan. Abestiak eskatu ahala, kide batzuekin edo besteekin jo zuten. Esaterako, No time for love eta Arraultz bat pinu batean kantuetan hamahiru ziren Hertzainak, haizezko eta harizko musika tresnen moldaketekin.
Izan zen txikira jotzeko unerik ere. Soilik gitarra eta esku soinua hartuta, «kantu xume bat» abestu zuten Garik, Zabalak eta Txanpik: oraindik gatibu dauden euskal presoei zuzendutako 564. Gaueko une hunkigarrienetakoa, ezbairik gabe. Eta abesti horren jarraian jo zuten kantuak, Hertzainak izenekoak, guztiz piztu zituen zaleak, salto eta jauzi jarrita pista eta harmailak. Gutxitan egingo zuten dar-dar Bizkaia Arenako zimenduek Eh txo!, Si vis pacem, parabellum, Ta zer ez da berdin eta Pakean utzi arte kantu-ereserkiekin bezainbeste.
Ile urdindua eta zimurrak baino adierazle nabarmenagorik ere egon zen denboraren igaroaren erakusle. Telefonoen pantailen konstelazio batek ordezkatu zuen garai batean pizgailu sutea zena Aitormena-ren lehen akordeak entzun eta berehala. Halere, azken mohikano batzuek tinko eutsi zioten pizgailuaren sugarrari, eskua gora ezker zein eskuin. 16.000 eztarrirekin abestutako kantu bat gehiago.
Bi orduko kontzertua eskaini zuen Hertzainak-ek. 22:15ean ekin zioten, Rokanrol batzokian abestiarekin, eta orotara 24 kantuz osatutako errepaso borobila egin zioten taldearen ibilbideari, disko guztietako kantuak jota. Eta haizezko eta harizko musika tresnentzako pentsatutako moldaketak ez ezik, halako kontzertu batek merezi duen argiteria ere izan zuten. Bereziki ederrak izan ziren Aitor Oñederrak hainbat abestirentzat beren-beregi ondutako animazioak.
Gaua gogoangarria zela ulertzeko adierazle onena, baina, zaleen aurpegia izan zen. Urduritasuna ere nabari zen kontzertu hasieran, eta, akaso horregatik, hotz samar ziren hasieran. Baina, askatu eta berotzen hasi zirenean, lehertu zen festa: sanferminen hasieran bezainbesteko jauzi, besarkada eta euforia uneak izan ziren. Hitz bakarrean: gozamena.
Bertsolariak eta musikariak
Sortutako ikusmin horren erakusle zen ingurua ateak ireki eta minutu gutxira. Zazpi lurraldeetako zaleak bildu ziren BECen, eta 19:00ak pasatxo autoz iritsi zirenek pazientzia behar izan zuten, auto pilaketen ondorioz. H-rik gabeko ertzainek ere lan egin behar izan zuten. Kontzertuak irekitzen dituzten taldeek ez dute beti zale askoren aurrean jotzeko aukerarik izaten, baina atzo goiz aritu ziren entzuleak, eta, tantaka-tantaka, pista berehala bihurtu zen musikazale itsaso, eta gainezka zegoen 21:00etarako, Tapia eta Leturia oholtzan zirela. «Rockero zaharrak» ez direla itzaltzen esan zuen Tapiak, baina trikitilari eta pandero jotzaileek ere fin eusten diote dirdirari. Zerbaitengatik lortu zuten gaueko lehen dantza saio kolektiboa.
Orain 30 urte bezala, musikariak ez ezik, bertsolariak ere igo ziren oholtzara kontzertuaren atarikoan. Bost emakume aritu ziren: Maddalen Arzallus, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Ane Labaka eta Erika Lagoma, nostalgiari, emanaldiari eta taldearen hitzei erreferentzia eginez. Rola aldatu zuenik ere izan zen; 1993an bertsotan egin zuen Jon Maiak, baina, oraingoan, musikari lanak egin zituen, Gorka Hermosarekin eta Pello Ramirezekin batera. Zea Mays taldeko Aiora Renteria eta Iñaki Imaz ere gonbidatu zituzten; baita Mikel Markez ere. Gaurko eta Gasteizko emanaldirako bestelakoak izango dira gonbidatutako musikariak eta bertsolariak.
Amaieraren hasiera ederra eskaini zuen Hertzainak-ek BECen. Oraingoan bai, jaio eta bukatu, azken agurretan dira Gari, Zabala eta Txanpi. Azkena, haien alde; abestiak eta ondarea bizirik mantentzea, entzuleen esku.