Sorbururaino egin dute abestien jarioan gora Josu Zabalak eta Iñaki Garitaonandia Gari-k. Hiru kontzertuko bira egin zuten udazken hasieran Hertzainak taldearen abestiekin, eta diskoa osatu dute orain irailaren 17an Bilboko Kafe Antzokian emandako zuzenekoarekin. Bederatzi kanta hautatu dituzte, haien hitzetan «magikoa» izan zen gau haren muina erakusteko. Kafe Antzokiak argitaratu du lana, eta BERRIAk zabalduko du orain. Berria Dendan eskura dezakete jadanik BERRIAlagun direnek, eta 12 euroren truke kioskoetan ere erosi ahalko dute irakurleek larunbatean eta igandean egunkariarekin batera. Bederatzi kanta horien jatorriraino egin dute bidea bi musikariek egunkariarentzat.
1. SI VIS PACEM, PARABELLUM
«Kanta honek adierazi nahi zuen biolentziari genion gorrotoa eta nazka »
«Buf!». Trumilka etorri zaizkio oroitzapenak Zabalari, eta azalpena hasi eta berehala bota du hasperena. Taldearen lehen diskoan zetorren Si vis pacem, parabellum abestia, eta ibilbide luzea egin du geroztik. Ez, ordea, taldekideek hasieran uste zuten bidetik. «Gure beste kanta asko bezala, jendeak bere eremura eraman du hau ere. Berez, eta bere jatorrizko zentzuan, zen guardia zibil baten heriotzari egindako negar bat. Gerora jendeak, eta bereziki jende batek, bilakatu zuena borroka armatuaren goraipamen edo horrelako zerbait. Baina kanta horrek adierazi nahi zuena zen biolentziari genion gorrotoa eta nazka, eta biolentziaren zergatiari buruzko gogoeta egiten genuen galderen bitartez».
Letra puskak eta gogoetak nahasian deklamatuz jarraitu du azalpenak. «Noiz arte jarraituko dugu dantza? Zure brigada txuskeroak agintzen dizu hor egoteko. Akatu egingo zaituzte. Beste numero bat jarriko dute zure ordez, eta abar eta abar. Eta hori izan da, batez ere 80ko hamarkadan, gure historiaren zati beltz eta oso gogorra. Eta kanta hau horren inguruko gogoeta bat da. Ez dauka poztasunik batere».
Eta baietz Garik, buruaz. «Hertzainak-ek egiten zituen garai haien kroniketan agertzen ziren batez ere galderak. Ez genuen erantzuten».
Eta berriz Zabala. «Bai, jendeak pentsatzen zuen erantzunak ematen genituela, baina ez. Eta gauza bera gertatu zaigu beste kanta askorekin ere: Pakean utzi arte-rekin ere bai, adibidez. Harritu nintzen behin, egin zelako ETAren kantutegia biltzen zuen disko bat edo halako zerbait, eta hor zetorren Pakean utzi arte, nahiz eta protagonistak autonomoak izan, eta ez ETAko kideak; eta, gainera, abesti oso-osoa zegoen galderaz beteta. Zergatik ostia gertatzen da hau gure herrian? Min horretatik sortutako abestiak dira. Jendeak erantzun gisa hartzen zituen, eta zer esango dugu, ba, kantak publikatzen direnean jada ez dira gureak. Publikoak eskubide guztiarekin egin dezake hori. Ezin dira kontrolatu abestien eraginak eta ondorioak».
[YouTube]https://www.youtube.com/watch?v=36bVYrfTaQ4[/YouTube]
2. SIGARRILLOS AMARIYOS
«Hertzainak-en kantutegian maiz azaltzen dira ahulen istorioak»
Soinuaren lehen notak entzun eta bereziki harrera beroa egin zion publikoak Sigarrillos amariyos abestiari Kafe Antzokiko kontzertuan. «Gure kanta gehienek, edo behintzat nik egindakoek, beti dute detonante bat», azaldu du Zabalak. Eta ñabardura guztiekin gogoratzen du, adibidez, Sigarrillos Amariyos-ena.
«Zure lagunaren etxean geunden», hasi du azalpena, Gariri zuzenduz, «Puente farmaziaren gainean, eta gonbidatu gintuzten bazkaltzera irakasle eskolan ikasten zebiltzan ikasle batzuen pisura. Egun hartan, greban zeuden guztiak, eta haiekin batera zegoen Alfredito, gure lagun bat: inoiz ezagutu dudan galtzailearen prototiporik handiena. Bazkalostean kanuto batzuk erretzen genbiltzan, eta tar eta tar, eta halako batean Alfredito haserretu zen kristo guztiarekin, bera zelako hango langile bakarra; lehertu egin zen gizona, eta eman zigun bi minututan bere bizitzari buruzko azalpena». Garik irribarre: «Izan zen ikaragarria». Zabala: «Hasi zen bere drogadikzioetan nola sartu zen kontatzen, tabako marka zailetatik, eta hasi zen kritikatzen ze gogorra zen bizitza harentzat, eta zeinen era arinean bizi ziren gazteak. Momentu ikaragarri bat izan zen. Gogoratzen dut momentua, zehatz-mehatz; sutan zegoen! Hasi zen berbetan, eta hartu nuen papera eta boligrafoa, eta idatzi nuen berak botatako zabor guztia, eta hortik atera zen kanta».
Gari: «Hertzainak-en kantutegian hainbat aldiz azaltzen dira horrelako pertsona ahulen istorioak. Guztiok geundelako mixeria batean, eta hori aldarrikatzen genuen». Baina Garik ez du gogoan 80ko hamarkadan abestiak Bilboko azken emanaldietan jasotako harrerarik izaten zuenik. «Funtzionatzen zuen beste modu batean».
Eta detailea etorri zaio, bat-batean, Zabalari. «Alfreditok 'La vida sigue igual' esan zuen momentuan, honek [Garigatik] esan zion, 'Shakespearek!', eta ezetz berak, Julio Iglesias zela». Eta barre biek. «Ematen du istorio surrealista bat dela, baina da kontrakoa; hiperrealista da! Baina zehazki zer kontatzen den inork ulertu ez arren, bihotzetara heltzen da. Ez dakizu nola funtzionatuko duten abestiek».
[YouTube]https://www.youtube.com/watch?v=oxePtQGbJ-Y[/YouTube]
3. - 4. 'LARRU BELTZAK' ETA'EGUNETIK EGUNERA'
«Itxaro Borda oso inportantea da; eman zigun euskal globalitatea»
Abestiaren izenburua eman, eta eten txikirik ere egin gabe segidan gehitu ditu izen-abizenak Garik. «Larru beltzak: Itxaro Borda». Izan ere, giltzarria izan zen idazlearen parte hartzea taldearentzat bi musikariek azaldu dutenez. Zabala: «Iparraldera joaten ginen aldiro hantxe egoten zen bere ahizparekin eta lagunekin. Kontzertu osteetan poteo luzea egiten genuen beraiekin, eta halako batean bidali zizkigun poema batzuk». Zalantza, orduan, Garik. «Nik uste bidali zigun lehena izan zela Bi minutuero, edo igual Egunetik egunera? Nik uste Bi minutuero izan zela, bai». Eta gero heldu zen Larru beltzak.
[YouTube]https://www.youtube.com/watch?v=IBuK8zqT2II[/YouTube]
«Itxaro [Borda] guretzat da elementu oso inportantea, ze eman zion taldeari euskal globalitatea. Gu, berez, oso talde arabarra ginen, eta horrek eman zigun Iparraldeko konexioa. Modu naturalean gertatu zen dena. Gainera, poema horiek ez daude argitaratuta inongo liburutan, argitaratu ziren espresuki gure kantuen bitartez». Gari: «Dute ukitu malenkoniatsu bat, asko gustatzen zaidana, eta oso eroso sentitzen naiz beti haren testuak abesten. Eramaten nau neure mundura».
Bordak idatzitakoa da Egunetik egunera abestia ere, eta batera gogoratzen dituzte diskoan ere bata bestearen atzean doazen bi abestiak Garik eta Zabalak. «Oso kantu inportanteak dira gure kantutegian, horiek kenduta, talde dezente pobreagoa izango ginateke», borobil, Zabalak.
[YouTube]https://www.youtube.com/watch?v=V6sEdZV9f2s[/YouTube]
5. ISPILUAREN AURREAN
«Egitura aldetik, gure errepertorioko kantarik borobilena da»
«Ahulen eta galtzaileen kronika bat da Ispiluaren aurrean», lehen laburpena Garik. Eta osoago Zabalak ñabardurak: «Gaupasa baten osteko, ohera joan baino lehenagoko ispilu aurreko begirada, eta hor aurkitzen duzuna». Eta Gariren ahotik apunte musikala: «Egitura aldetik, Hertzainaken kantarik borobilenetako bat da. Pop egitura argia du, eta oso zaila da horrelako egituradun kantak topatzea Hertzainak-en errepertorioan. Oso ongi funtzionatzen du».
[YouTube]https://www.youtube.com/watch?v=5MCRiLCKo0Y[/YouTube]
6. ZORATZEN NAIZELA
«Kanta honetan euskaldun bat dago amodioaren aurrean»
Bereziki harrera ona izan zuen Zoratzen ari naizela abestiak ere Zabalak eta Garik elkarrekin emandako hiru kontzertuko biran. Kafe Antzokian bertan ere bai. «Bueno», Garik, «amodiozko kanta bat da». Eta ñabardura bat gehiago, segundo bateko isiltasunaren ostean. «Euskaldun bat da, amodioaren aurrean». Zergatik euskaldun bat? «Euskaldunok ez gara oso iaioak gauza horietan, edo ez ginen, akaso oraingo belaunaldiak beste modu batekoak izango direlako, eta zailtasun hori islatzen du kantak. Lehenengo muxu hori, eta lehenengo maite zaitut horiek, eta, kantak esaten duen bezala, halako zerbait lehenengoz esaterakoan, hobe tartean bi txupito baldin badaude, badaezpada ere».
Mugarri da abestia Hertzainek-en ibilbidean ere. «Hau izan zen Garik sortu zuen lehen kantua», Zabalak. Barre Garik, eta giroa alde ikusita Zabalak segi. «Nahiko alferra zen, baina gauzak apur bat aldatu ziren kanta honekin. Neurritxo batean. Jakina, hori egin eta berehala taldea puskatu, eta segitu zuen bakarka lanean. Dena esan egin behar da». Eta berriz barre Garik.
[YouTube]https://www.youtube.com/watch?v=pH-3x0pgJcA[/YouTube]
7. EZ DAGO ILUSIO FALTSURIK
«Joseba Asensio kartzelan hil zen, eta poliziak zerraldoa bahitu zuen»
Zehatz gogoratzen du Zabalak berriz ere Ez dago ilusio faltsurik abestiaren jatorrian dagoen detonantea. «Letra nire andreak idatzi zuen [Rita Murphyk]. Irlandarra da bera, eta garai hartan zuzenean gurekin aritzen zen Reiner W. alemaniarra teklatuak jotzen. Eta suertatu zen halako batean Joseba Asensio Kirruli hil egin zela espetxean, eta haren hilotza kalean zeramatenean, poliziak bahitu egin zuen zerraldoa, eraman egin zuen, eta ostiak egon ziren. Ba, horren harira, emazteak eta Renier W.-ek eduki zuten sekulako bronka, eta bronka horretatik atera zen kanta hau». Eta letra deklamatu du, buruz: «Emaidazu eskua, eta gertatu zeneko lekura eramango zaitut, baina zuk nahiago dena ederki ikustea begiak itxita, eta abar eta abar».
Gari harrituta. «Ez nintzen horretaz gogoratzen», aitortu du. «Hainbat kantarekin gertatzen zait hori. Josuk [Zabalak], bai, denak gogoratzen ditu». Baina ez dela memoria kontua dio lagunak. «Hori da abesti guztiek daukatelako detonante bat, eta ahaztu ahal dituzu gauza pilo bat, baina detonante hori hortxe geratzen da, normalean oso gauza potentea izaten delako».
[YouTube]https://www.youtube.com/watch?v=JCO4RVr4lww[/YouTube]
8. ESAIOK
«Lagun bat enamoratu zen, baina ez zion ezer esan neskari»
«Josuk [Zabalak] bakarrik eta ausardia handiz abestu zuen Hertzainak-en lehen kanta da Esaiok», azaldu du Garik. «Gabon zaharreko gauean idatzi nuen abesti hori», Zabalak, «eta 564 ere bai, beste urte bateko Gabon zaharrean».
Gau hartako parrandatik bueltan, etxera heldu zen Zabala; buruan melodia bati buelta eta buelta ibili, ordea, eta ezin zuenez lorik hartu, altxatu zen, etxean zeukan estudioan gitarra eta soinua hartu, abestia grabatu, eta gero soilik hartu zuen lo.
«Esaiok-en kasuan, lagun bat enamoratu egin zen gau hartan», hasi du azalpena Zabalak, eta gero eta irribarre handiagoa Gariren aurpegian, kontakizunak aurrera egin ahala. «Lagun horrek esan zidan nahi zuela txortan egin usotxo batekin, eta etxe bat behar zuela, eta eskatu zidan laguntzeko eta etxera eramateko. Aitzakia horrekin erabili ninduten gau osoan [Gari irribarre gero eta handiagoz dena entzuten], eta ibili nintzen haien atzetik, eta, azkenean mutilak ez zion esan ezer neskari, eta bueltatu nintzen etxera bakarrik, eta kristoren ostia txarrarekin!». Gamarran bizi zen orduan musikaria, eta Gasteiztik hara oinez joan zitzaion abestia sortzen Zabalari. «Goizeko ordu horietan, oinez, eta erritmoa hartuta, berehala duzu oinarri erritmikoa».
Garik: «Kontzertu hauetan abesti horrek oso modu ezberdinean funtzionatu du. Garai batean modu batera sartzen zen abestia taldearen errepertorioan, eta orain hartu du beste indar bat».
[YouTube]https://www.youtube.com/watch?v=5TAhdXw6Agw[/YouTube]
9. 564
«Bere garaiari aurreratu zitzaion; senideei eskainita dago, ez presoei»
Beste Gabon zahar gau bat. Beste parranda bat. Beste paseo bat Gasteiztik Gamarrara. Eta beste kanta bat. Portal de Villareal kalean ikusi zuen Zabalak kasu honetan abestiaren hazi bilakatuko zen kartela horman itsatsita. «Ni orduan LKI alderdikoa nintzen, eta LKI-ren kartel bat ikusi nuen. 564 zenbakia ikusten zen handi, eta presoen argazki txikiz osatuta zegoen irudia. Hori buruan sartu, eta betikoa: etxera joan, ohera sartu, ohean lorik ezin egin, eta berriro altxatu, joan behera, grabatu kanta, eta hurrengora arte».
«Inoiz idatzi duzun kantarik borobilena da», Garik lagunari, «bai hitz aldetik, eta egitura aldetik, inongo dudarik gabe. Aitormena da Hertzainak-en kantarik ezagunena, baina kantarik borobilena, eta taldearen ikur bilakatu dena da 564». Eta baietz Zabalak. «Bere garaiari aurreratutako kanta bat dela esango nuke, ez zegoelako eskainia presoei, baizik eta presoen senideei. Eta uste dut hor daukala berezitasuna. Horixe sentitu nuen, eta hortxe dago». Musikaz oharra Garik: «Doinua dator mundu tradizionaletik. Hasten zara abesten, jendea sartzen da berehala, eta tradizio hori lotzen da pop doinuekin». Eta detailea Zabalak. «Hain zuzen, zortziko bat da letra».
[YouTube]https://www.youtube.com/watch?v=DWEV8K6efdw[/YouTube]