Herritartasun Kontratuak ez du jaso euskarazko kultura bereziki sustatzeko xedea

Jaurlaritzaren kultur politikak gidatuko dituen planaren zirriborroa aurkeztu dute

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren zirriborroa osatu du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, eta herenegun iluntzean aurkeztu zuen kultura eta gizarte arloetako eragileen aurrean,EITBren Bilboko egoitzan egin zuen ekitaldian. Aurreko gobernuak Juan Jose Ibarretxe lehendakari zuen Eusko Jaurlaritzak ondutako Kulturaren Euskal Planaren ordezko izatea nahi dute. Diotenez, kulturaren munduko eragileen «ekarpenak» jaso nahi dituzte, eta xede horrekin atari bat abiarazi dute Interneten: plancultura-kulturaplana.wikispaces.com.Hilaren 19a arte izango da aukera zirriborroa eskuratzeko eta proposamenak helarazteko.

Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordeak eta Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aurkeztu zuten dokumentua. «Denen ekarpenekin» osatzeko asmoa dutela azaldu zuten, «oraindik ere eratzeko fasean dagoen agiria» dela behin eta berriro azpimarratuz.

Aurreko gobernuak onduriko Kulturaren Euskal Planeko zenbait ideia eta ekimen bere hartan jaso dituztela esan zuen Riverak, «ez dagoelako zertan aldatu ondo dagoena». Alabaina, Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua Patxi Lopezek gidatzen duen gobernuaren kultur arloko plan estrategikoa izanik, «zenbait aldaketa» egiteari ezinbestekoa iritzi ziotela adierazi zuen. «Identitatean bainoago, herritartasunean» kokatu dute ardatz nagusia. «Herritarra ardatz duen plana izango da; herritarra izango da abiaburua eta helburua». Horrela azaltzen du Jaurlaritzak planari izena aldatu izana; hots, Kulturaren Euskal Planetik Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratura igaro izana.

Haatik, Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuak ez du jasotzen euskal kulturari bereziki eusteko eta laguntzeko xedea. Euskara espainieraren pareko jartzen du, eta ez du planteatu ere egiten espainierazkoaren aldean euskarazko sorkuntza indar bereziz sustatzeko aukera. Areago, Herritartasunaren Kontratuaren «helburua da euskarazko kultur eskaintzak erantzun diezaion berez elebiduna den eta gerora ere elebidun izan nahi duen gizartearen eskaerari».

Kulturaren Kontseilu berria

«Euskalduntasunaren irudi ireki eta unibertsala» sustatu nahi dutela diote, «bazter utzita estereotipoak eta metahizkuntza». Aurreko gobernuak diseinaturiko Etxepare Institutua helburu horrekin abiarazi dutela nabarmendu zuen Auzmendik. «Kalitatezko kultura nahi dugu, munduari irekia, zeinean euskarak eta gaztelaniak dagokien tokia beteko duten eta autonomia erkidegoko bi hizkuntzetako kultur eskaintzen bateragarritasunaren ideia bultzatuko duena».

Krisi ekonomikoak plan osoa «goitik behera baldintzatuko» duela aurreratu zuen Riverak. Dokumentuak ere ohartarazten du horretaz, baita iraultza digitalak ekarri dituen molde berriez baliatzeko aukeraz ere.

Kulturaren Euskal Plana eratzeko, sektorekako lan taldeak sortu zituen aurreko Jaurlaritzak, eta horietatik bi baino ez daude martxan gaur egun: artekoa eta eskulangintzakoa. Horrenbestez, Kultura Sailaren egiteko nagusietako bat adituen lan taldeak osatzea eta abian jartzea da orain, Herritartasun Kontratuan jasotako ildoei dagozkien neurri zehatzak eztabaidatzeko, proposatzeko eta erabakitzeko.

Halaber, Kulturaren Euskal Kontseilua berrituko dute, «zaharkitua ez geratzeko». Eusko Legebiltzarrak izendatzen ditu kide batzuk; eta Jaurlaritzak bestetzuk. Diziplina ahalik eta gehienetako adituak biltzeko asmoa du Jaurlaritzak. Abenduaren erdialdean kontseilua osatua egotea espero du. Organo horrek izango du azken dokumentua ontzeko lana.



Guggenheimen egin du Jaurlaritzak aurrekontu murrizketarik handiena

Eusko Jaurlaritzak %4 murriztu ditu Kultura Saileko 2011ko aurrekontuak. 285 milioi euro izango ditu. Etxepare Institutuari 2,8 milioi euro emango dizkio, aurten baino %126 gehiago. HABEren aurrekontuari eutsi egingo dio, 30,7 milioirekin. EITBren aurrekontua %3,9 murriztuko du, diru gehien emango dion arren: 144 milioi euro. Guggenheimentzat obrak erosteko 1,4 milioi euro jarriko ditu, orain arteko 3 milioi euro beharrean.





«Gizarte zibil antolatu bat»dagoela ezkutatu nahi izatea egotzi diote Jaurlaritzari

Riverak dio identitatearen gainetik «denok lekua izango dugun bide zabal gisa» ulertzen duela Jaurlaritzak kultura
I. B. Bilbo

Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren zirriborroa elkarte eta erakunde askoren arteko elkarrizketaren ondorio dela nabarmendu zuen ekitaldian Auzmendik. «Harremanetan izan gara 31 elkarterekin, 34 udalekin, 12 erakunderekin, hiru aldundiekin eta Jaurlaritzako bost sailekin». Nolanahi ere, galderen eta iradokizunen txanda zabaltzean, nabarmen geratu ziren, beste behin ere, Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietan agintean den EAJren arteko tirabirak. Gipuzkoako Aldundiko ordezkari batek azaldu zuen hiru aldundiek elkarrekin eginiko proposamena ez duela aintzat hartu Jaurlaritzak. «Adierazgarria da zuen jarrera; planera gehitzen zara edo kanpoan zaude», egotzi zien. Euskara eta euskal kulturaren kontzeptuak planetik ezabatu izana leporatu zien, baita herritar kontzeptua «gizarte zibil antolatua badagoela ezkutatzeko asmoz» erabiltzea ere. Riverak erantzun zion: «Batzuek identitateari lotua ulertzen duzue kultura. Eta guk denok tokia izan behar dugun bide zabal gisa». Agiriak honakoa dio: «Esparru hau ezin da itxiera ideologikoen edo beste edozein manipulazio hegemonikoren esku utzi, [...] ezta arrazoi idiomatikoen esku ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.