Joxean Fernandez. Euskadiko Filmategiko zuzendaria

«Herritarrari itzuli egin behar zaio hemen pilatzen den ondarea»

Zinema historia hedatzeko tresna moduan ikusten du, besteak beste. Kargua hartu berritan, Euskal Herriko zinemaren ondarea hedatzeko erronka jarri dio bere buruari.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Borja Kobeaga zinemagile donostiarraren No controles film plazaratu berriarekin estreinatu du Euskadiko Filmategiak Zineguneak ziklo berria. Ikus-entzuleak zinemagileekin harreman zuzenean jartzeko asmoa dauka egitasmo berri horrek. Filmategiak duen ondare historikoaz gain, egun egiten den zinemaren edukiak gizarteratzeko helburua dauka, hain zuzen ere, Joxean Fernandezek (Donostia, 1973), zuzendari berriak. Historian doktorea da, eta azken 11 urteetan Naonedeko Unibertsitatean aritu da irakasle, Bretainian. Hango zinema jaialdiko zuzendari ondoko lanetan ere aritu izan da. Historia eta Zinema irakatsi ditu, ez baitzuen egin alferrik doktore tesia zinemari lotua. Cine y Guerra Civil en el País Vasco. 1936-2006 (Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian. 1936-2006) izan zen haren tesiaren izenburua. Euskara herdoildua duela eta lehenbailehen berreskuratu nahi duela dio, baina arazo handirik ez du nahi duena txukun azaltzeko. Azken urteetan euskaraz geroz eta film gehiago egiten direla eta, gustura dago. Filmategiak kudeatzen duen Kimuak programari egozten dio neurri batean euskararen ugaltzea: «Geroz eta jende gehiago bizi da euskaraz, eta hori islatu egiten da zineman ere. Gazteek konplexurik gabe erabiltzen dute eurentzat ohikoena den hizkuntza. Gizartearen isla baino ez da».

Noiztik duzu interesa zinemarekiko?

Ia betidanik. Ziur asko Zinemaldiarekin loturiko zaletasun bat da. Nire kultura zinematografikoa hortik dator.Historia ikasi nuen, baina beti historiaren eta zinemaren arteko harremana biltzen jardun dut. Tesian, gainera, gustuko dudan dena batu ahal izan nuen: nire herria, zinema eta historia.

Bereziki markatu zaituen filmik?

Gerra garaianfilm giltzarria izan zen Nemesio Sobrevila bilbotarraren Gernika (1938). Errepublikako eta Agirreren gobernuaren propaganda nazionalaren egitasmo handia izan zen hura. Hortik aurrera ez dira film asko izan, baina ziur aski interesgarriena Jose Antonio Zorrillaren Lauaxeta (1986) izango da. Hura izan zen Euskadin eginiko fikziozko lehen filma 36ko gerraren inguruan.

Gai konkretu hori albo batera utzita, zein zinema mota duzu gustuko?

Denetik gustatzen zait, baina hiru zinema zuzendari nabarmenduko nituzke, beste askoren artean: Howard Hawks, Billy Wilder eta Luis Buñuel. Haien filmak beti ikusten ditut plazer handiz.

Zerk bultzatu du historia irakasle bat Filmategiaren ardura hartzera?

Niretzat erakargarria da alde askotatik. Historialari modura oso interesgarria da Filmategiaren ardura hartzea, gure zinemaren ondarea berreskuratzea, mantentzea, zaharberritzea, ikertzea eta zabaltzea izanik helburu. Nik zinemaren inguruan dudan ikuspegiarekin bat egiten du, hau da, zinema badela artea, badela industria, baina badela historia iturri ere. Ohore handi bat da. Eta euskaldun modura, 11 urte kanpoan egin ondoren, berriz etxera itzultzea da. Nire ikuspuntua historialari batena da, eta ahal duen neurrian, neurri umilean, zinemarekiko kezka izan duenarena, historian sakontzeko modutzat hartu duenarena.

Aurkezpenean esan zenuen Filmategia ez dela zinemako altxorrak lurpetik atera eta berriz lurpean gordetzeko erakundea.Museo usaina kendu nahi diozu Filmategiari nolabait?

Arazo ekonomikoek asko mugatu dute Filmategiaren jarduna, hori begi bistakoa da. Eta, esaterako, Filmategiak ezer gutxi egin ahal izan du programazioari dagokionez. Ez dugu lehendik zehaztuta zeuden helburuetako bakar bat ere alboratu behar: ez kontserbazioa, ez berreskuratzea, ez ikerketa... Lantegi horiek ardatza dira, baina hemendik aurrera hedapenean ere ahaleginduko gara. Herritarrak ordaintzen du Filmategia, eta hari itzuli egin behar zaio hemen pilatzen den ondare eta kultura guztia. Programazio txukun batek osatu beharko lituzke aurreko helburu horiek. Aurten programazioa oso txikia izango da, ez dugulako ez dirurik, ezta eskarmenturik ere... Baina, orain arte landu gabeko esparru horiek lantzen hasi behar dugu.

Eta nola saiatuko zarete osatzen programazioaren hutsune hori?

Liburu bat argitaratuko dugu aurten, Alex de la Iglesiari buruzkoa. Zuzendari asko landu ditu Filmategiak. Azkena Antxon Ezeiza izan zen, baina aurretik Montxo Armendariz, Enrique Urbizu eta beste zenbaiten inguruko lanak eginda daude. Uste dut beharrezkoa zela De la Iglesiari buruzko lan bat egitea. Berekin hitz egin genuen. Baietz esan zuen, eta, beraz, 2011n liburu hori egingo dugu. Berritasuna izango da liburu horri erantsiko diogun programazioa. Alex de la Iglesiari buruzko atzera begirako ziklo bat programatuko dugu, EAEko hiru hiriburuetan, eta posible baldin bada, baita Iruñean ere. Ni horretan saiatuko naiz, Nafarroako Filmategiarekin akordio bat sinatu ostean. Horretan ari gara oraintxe.

Zineguneak proiektua aurkeztu berri duzue. Zer izango da?

Gure zinema ikusleei hurbiltzeko proiektua da. Oso asmo erraza. Herritarrei emango diegu gure zuzendariekin filmei buruz solasean aritzeko aukera. Gustatuko litzaidake hori ohitura bihurtzea. Aretoetan Euskal Herriko film bat dagoenean Filmategiak Zinegune bat antolatuko du zuzendariarekin, edo aktoreekin, edo...

Non egingo dira Zinegune horiek?

Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean izango dira; Bilbon, Alondegian, eta Gasteizen oraindik ez daukagu egoitza finkorik. Eta Iruñean ere egingo ditugu, Nafarroako Filmategiarekin adostasuna lortzen badugu. Zuzendarien agendek ere asko eragingo dute, eta baita film horien kopiak non dauden ere. Gerta liteke film batekin Zinegune bakarra egitea, Bilbon adibidez, beste hiriburuetan ez dagoelako filmik. Ahal bada, lau hiriburuetan egingo dugu, baina horrek esan nahi du zuzendariak lau egunetan izan behar duela gurekin, eta gastuak ere biderkatu egiten dira...

Zinema areto komertzialetara iristen diren filmez ari zara. Eta aukera hori ez duten lanekin zer egingo duzue?

Beno, areto komertzialetara iristen den zinemak ere behar du laguntza. Iriste hutsa ez baita nahikoa izaten. Bestetik, une honetan ez dugu nahiko baliabide programazio jarraitu eta sendo bat osatzeko. Horiek ditugunean oso interesgarria izango litzateke aretoetara iristen ez den euskal zinema ere bultzatu ahal izatea. Epe ertainera helburu garrantzitsua izango da hori guretzat, aretoetara iristen ez den zinema ezagutaraztea.

Nola lor liteke Filmategiaren eta herritarren artean harreman bizi bat izatea? Jende askorentzat Filmategia ondarearen gordailu moduko bat da...

Herritarrak guregana ekarri baino gehiago, guk joan behar dugu haiengana. Horretarako sortu dugu Zineguneak, horretarako antolatuko ditugu hitzaldiak...

Duzuen materiala nola egongo da eskura jendearentzat?

Edozein ikertzailek zabalik ditu gure ateak, jakina. Baina hau ez da bideoklub bat ere, eta, beraz, ezin da edozein herritar etorri besterik gabe. 3.000tik gora film ditugu denetariko formatuetan eta gure liburutegiak 5.300 bat ale ditu. Liburutegiko materiala, zoritxarrez, oraingoz ez dago eskuragarri modu praktiko batean. Hori da epe ertainera konpondu beharra daukagun erronketako bat. Urdanibiako jauregian dago liburutegia, Hondarribia eta Irun artean, baina ez dago eskuragarri. Eta hori ez da posible. Hori aldatu egin behar dugu. Ez dakit nola oraindik, baina egin behar dugu. Liburutegiak erabilgarria izan behar du, bestela zertarako dago?

Beste filmategiekin eta zinema jaialdi batzuekin elkarlana indartzeko asmoa azaldu duzu. Zeintzuekin eta zertarako?

Zenbait aukera lantzen ari gara, baina oraindik ere batzuk zehazteke daude. Etxepare Institutuarekin batera ari gara lanean. Prestatzen ari gara euskal zinemari buruzko ziklo bat Guadalajarako zinema jaialdian, Mexikon. Beste bat Naonedeko jaialdian. Han, azken 11 urteetan egin dugu Euskal Leihoa izeneko zikloa. Argentinako zinematekarekin ere lanean gabiltza, eta AEBetan ere aukera bat zabaldu da euskal zinemari buruzko ziklo bat egiteko. Oraindik ikusteko dago, baina... Naonedekoa baieztatua dago. Nire asmoa da ikuspegi historikoa landuko duten zikloak antolatzea, ez soilik azken berritasunekin osaturikoa.

Filmategiak ia ziur Tabakaleran izango duela egoitza baieztatu duzu. Nola baldintzatuko du zuen egitekoa?

Asko lagunduko digu. Guretzat oso interesgarria izango da. Orain dugun egoitza txikia eta umila da. Tabakalerara joaten bagara, gure instalazioak asko hobetuko dira. Gainera, badakigu, Tabakaleran zinema aretoak izango direla. Beraz, gure egoitzaren ondoan zinemak izango ditugu eta gure programazioa hara joango da. Eta mediatekaren barruan gure funtsak joango lirateke, besteak beste lehen aipatu dugun liburutegia. Beraz, aurrerapausoa litzateke. Jauzia handia izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.