Manex Pagola. Kantugilea

«Herritarrak nigan interesatzen ziren, eta ni interesatzen naiz herriaz»

Bizitza osoa darama Pagolak melodiak sortzen, eta euskal musikari askok interpretatu dituzte haren kantuak. Hori soilik ez, gizartearekiko engaiamendu handia du. Besteak beste, ikastolen eta irratien sorreran lehen lerroan izan da.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Bidatz Villanueva
Baiona
2016ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Euskal gizartearekin engaiatua da, eta, urteak iragan arren, sormena ez zaio agortu Manex Pagolari (Landibarre, 1941). Proiektuak ditu buruan, eta melodiak sortzen jarraitzen du. Kanturako edozein une da egokia, oholtza gainean edo goiz batean tabernako terrazan. Orain arte 120 kanta ondu ditu orotara, eta, Nafarroaren Egunaren karietara, haren lanak interpretatu zituzten atzo Baigorrin. Hori ere badugustuko, bere kantak musikariek abesten dituztenean entzutea. Manex Pagola. Bere kantagintza eta argibide zonbait (1958-2015) eta Manex Pagola. 100 kantu argitaratu ditu duela gutxi. Liburua ongi saltzen ari dela azaldu du, eta espero duela bigarren edizioa kaleratzea. Baikor dago, eta, haren aburuz, gizartea aurrerantz doa.

Aldaketa sumatzen duzu inguruan?

Nafarroan ikusten da. Nafarroa irabazi dugu, eta hori gauza handia da. Batzuek erraten zuten: «Nafarroa galdua da betirako». Baina berreskuratu dugu. Nafarrek ongi pentsatu dute gauzan. Horregatik kausituko nau jendeak optimismo batean. Ez da beti posible, baina orain hala naiz. Ni nafarra naiz, erdi Gipuzkoakoa eta erdi Nafarroakoa. Gure erroak Nafarroan dira. Familia zaharra haserretu zen behin, ondasunak eta beste gauza batzuk tarteko. Batzuk Nafarroara joan ziren, beste batzuk Gipuzkoara. Pagola izen zaharra da; semeak estudiatua du nahikoa. Berak badaki genealogia. Niri, ordea, ez zait batere interesatzen. Batzuetan erraten dut nafarrik gabe ez dugula ezer egiten, nafarrak direla inteligenteenak. Eta nola jartzen diren…

Argitaratu berri duzun liburuan, zure bizitzari erreparatu diozupixka bat, kantuak oinarri harturik, ezta?

Liburu horrekin kontent nago, baina, bestalde, ez. Liburu hori nik idatzi dut, hitzez hitz. Baina moldaketan alabakasko lagundu nau, eta halako buelta bat eman dio. Inpresioa ematen du liburu horrek garai bat bizi dudalako espantu egiten dudala. Nire neurrian bizi izan nuen, ez lehen lerroan. Gainera, lanak ez zidan uzten. Funtzionario nintzen, eta behin pasatu nintzen Baionako auzitegitik. Epaileari Eusko gudariak abestuz atera ginen kanpora, eta kaleetan gorde ginen. Hori alkateak jakin zuen, eta berehala bidali zion gutun bat nire zuzendariari. Antropologoa naizenez, badakit zer den neutro izaten saiatzea. Norbere buruari neutro izatea, ordea, zaila da.

Lagun askok lagundu eta aholkatu dizute?

Xipri [Arbelbide] nire koinatua da, eta oso begirada zorrotza du. Oso langilea da, borrokatua. Maite du lan hori. Hark asko lagundu nau.

Lan franko hartu izanen duzu beste liburuarekin, ez?

Yo Marisekin egin nuen. Garazin bizi da, eta 40 urte ditu. Gizon kuriosoa da. Goi mailako musikan zebilen Parisen, baina emaztea Garazikoa zuen. Esan zion egun batean: «Parisez nazka dut, eta nahi dut itzuli Garazira». Bazen motozikletak saltzeko leku bat, eta hura erosi zuen. Langile bat hartu zuen, oso ona omen zena. Berak esaten du nafarra dela. Laneko ero bat da; asko zekien. Harekin salbatu du bere enpresa, eta horrekin egin du diru zerbait ere. Momentu hartan motozikletak asko saltzen ziren.

Gazte zinelarik hasi zinen musikaren munduan?

Baina ni ez naiz musikaria: ni musikazalea naiz, melodista naiz. Laborari batek bezala, Iruritako Etxaunek bezala, badakit melodien egiten. Ikasi dut lehenik, asko behatuz. Nik kantua izugarri maite dut, edozein delarik musika. Gure herrian, ordea, fitsik ez zen. Orduan ni melodiazale bat naiz; melodiak egiten ikasi dut nire neurrian. Gero egin dezaket hola edo hala. Edozein modutan, musikaria ez naiz. Horregatik deitu dut Yo Maris, horrek zientifikoki jartzeko notak.

Gitarrarekin ere zure kabuz ikasi zenuen?

Zenbait akorde bakarrik. Hitzak nik egiten nituen; nireak ziren, berriak, eta melodia ere berria zen. Beste aldetik ere deitzen ninduten. Gainera, garai batean, [Benito] Lertxundik eta [Xabier] Letek ez zuten gehiago kantatzen. Ni deitzen nindutelarik, edozein herritatik, joaten nintzen. Behin Cadreitatik deitu ninduten. Iruñetik behera, herri bat Albako dukesarena zena, eta nahi zuenasaldu. 1974a zen. Izugarrizko esperientzia izan zen. Herritar guztiak bildu eta manifestazioa egin zuten, manifestazio trankil bat. Denok bazkaldu genuen kazola baten modukoan, eta denek jaten genuen kazola beretik. Beste mundu bat zen niretzat.

Kantuzaletasuna, hein batean, elizako abesti eta melodiekin sortu zitzaizula aipatzen duzu liburuan. Zergatik erakarri zintuzten hainbeste kantu horiek?

Oso ederrak direlako. Ez genuen entzuten besterik. Ni familia tradizionalista batekoa naiz, eta gure etxean asko maite zituzten elizako kantuak. Ostatukoak ere bai. Hor garatu nuen entzumena, eta berehala bereizi nituen melodia izugarri onak. Gaur badira abestiak latinez, aleluia esaterako, Regina coeli laetare latinez. Ospe handiko melodia bat izan liteke, alegia. Orkestrak, ordea, ez dira ausartzen jotzera, erlijio kutsua dutelako. Nik ez dut arazorik erlijioa dutenekin. Erlijioa ez dutenekin ere ez. Antropologian ikasi dut gauzei diren moduan behatzen.

Ikasketek lagundu zizuten bizi ziren ingurua ulertzen?

Bai, asko. Kantugaiak hautatzen ditudalarik, batzuetan urrun joan naiz: hitz egin dut aste honetan Watson izeneko Herbehereetako musikari batekin. Nire kantu liburuan falta dira hogei bat abesti, nire irudiz. Watson oso ona da abeslari gisa. Euskara ikasi du, eta hemen bizi da, nire herriaren aldamenean. Behin txistukatu ninduten Garazin Libro omen gira kantatu nuelarik. Esan nion hemen ez dela kantari bat ausartzen kantu horren ematera. Kantu bat, arrakasta ederra izaten ahal duena, ez handia, baina bai ederra. Libro, libro, libro omen gira! Libro, libro gure herria!. Gustatu zaio Watsoni. Berriro elkartu behar dugu hori ikusteko, eta, beharbada, horrek aterako du. Bera futitu egiten da.

Nola hautatzen dituzu gaiak kantuak idazteko? Zeri jartzen diozu arreta?

Lehenik, jendeak bizi duenari. Hori da erreferentzia bat niretzat. Aldaketarako gogoa eta esperantza; pixka bat horrekin ibili naiz kantuan. Nik nire sistema berezia dut, denek bezala. Hitz bakoitzak bere soinua badu, musika du bere baitan, eta nik asmatzen dudana gehitzen zaio.

Hortaz, hitzei jartzen zenien belarriaz melodia.

Bai, baina melodia sinpleak egin ditut. Bost konplikatuagoak. Askatasuna, adibidez. Behin Peio Ospitalek erran zidan: «Letek entzun dik hire kantu hori, eta esaten dik akats bat dagoela hire konposizioan». Horrek gaitzitu ninduen. Ez nuen ongi hartu, izugarrizko lana hartu nuelako horrekin. Eta esan nion Peiori erantzuteko hura ez zela inoiz nire maisu izan. Gaiztoa ni... [Barreak]

Musikariren bat izan al duzu erreferente?

Emazte arabiar bat, Fairouz, alegia. Libanokoa zen, eta hori miretsi nuen Aljerian nintzelarik. Han armadan egon nintzen, eta ni armadaren aurka nengoen, eta Aljeriaren gerlaren kontra. Kooperazioa egin nuen, eta irakasle izan nintzen eskola batean. Lagun giro izugarria; baginen euskaldunak, bretoiak, korsikarrak…

Zure kantagintzan izan al da bilakaerarik?

Nahitaez, ni horretaz gehiago konturatu ez arren. Heldu naiz momentu batera, ordea, nahi dudana aldatu, baina ez zait posible; nahiago dut errotarena izan. Melodia sinpleagoa nahi dut, baina biziagoa. Eredua George Brassens izanen litzateke. Brassensen estiloa nahiko nuke euskaraz asmatu. Duhaldek egin du hori pixka bat, eta bere gauzak atera ditu. Nik, adibidez, amodio lizunaren inguruan egin dut abesti bat publikatu ez dudana. Nahi dut bizia. Errotan deitzen diot nik modu horri. Nahi ditut istorioak kontatu laster.

Musika konprometitua da zurea?

Bai, gai asko ukitu dut. 120 kantu egitea ez da bestelako gauza ere. Nik nahi nuena beti zen jendea zerbait egiterat bultzatu, kolektiboki. Niri ikastolen sorreran deitu zidaten, izen bat falta zitzaiela. Bilerara joan nintzen, eta horrela sartu nintzen ikastolen sorreran.

Irrati bat ere sortu zenuen.

Hor ere paper bat etorri zen etxera, eta Xipri Alberbidek bidali zuen behar genuela entseatu zerbait. Hala sortu genuen. Gero, batzuek utzi zuten, eta Irulegiko Irratia sortu zuten; beste batzuek, Xiberokoa.

Zentsurak onartutako kantuaren argazkia darama liburuak.

Herri batean kantatu nahi baldin bazenuen, makinaz idatzi behar zenituen kantak, eta Polizia etxera eraman. Bazen hor asto handi bat makina zahar batekin; zure izena jotzen zuen makinan, eta dena zuen jartzen. Zentsurak jarraitzen zuen Franco hil eta gero; ez zen ezer aldatu mundu horretan. Niri hasteko beldurra sartzen zidaten. Edozer gauza erraten zidaten: «Cabrón! ¿Cantando para la ETA?». Nik frantsesez erantzuten nien ez niela ulertzen. Orduan autora joaten ziren, zerrendan nengoen bilatzera. Hori askotan gertatzen zen.

Gogoan duzu oholtzara noiz igo zinen lehendabizikoz?

Behar bezala, aurkezpen txiki batekin, Donibane Garazin izan zen. Euskaltzaleen biltzarra zen. Libro omen gira abestu nuen, baina ez oso ongi; eskasa nintzen gitarrarekin. Batzuek txalotu zuten, eta beste multzo batek txistu egin zidan. Sud-Ouest egunkariak jarri zuen pasarte hori. «Euskaltzaleen Biltzarrak egin du jaia, eta kantari berri bat agertu da, baina txistukatua izan da». Nik normal hartu nuen. Ni musikaria banintz, kantu hori entzunen litzateke Euskal Herri osoan. Horregatik pozik naiz Watson interesatua dagoelako.

Musikari asko ezagutu dituzu.

Bai, eta haiengandik ere ikasi dut. Leteren olerkiak, esaterako, biziki onak dira, gauza ederrak.

Musikak zer eskaini dizu?

Kantagintzak erakutsi dit banekiela herria interesatzen. Nik herritar gisa ikusten dut neure burua, nire txokoa egiten dut, nire harria jartzen dut. Beste edozein bezalakoa naiz. Herritarren artean bizi naiz, eta pozik nago herri horrek nigan interesa zuela ikusita. Nire kantak ikasten zituzten. Egia da interprete onak izan ditudala, handienak Peio eta Pantxoa, [Anje] Duhalde, [Erramun] Martikorena, Maite Idirin… Artea zuten. Ahots polita Idirinek, esaterako. Izan dut poztasun hori, herriaren partaide nintzela. Herritarrak nigan interesatzen ziren, eta ni interesatzen naiz herriaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.