Josu Martinez zinemagileak hasi zuen, atzo, euskal zinemari dedikatzen zitzaion eguna, Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen barnean, Baionan. Goizeko hitzaldia Ipar Euskal Herriko zinemari buruzkoa zen, lau hizlarirekin: Maia Iribarne Olhagarai (Bañolet, 2023), Elsa Oliarj-Ines (Dans leur jeunesse il y a du passé, 2014; Basahaideak, 2017; Nortarzünak), Itziar Leemans (Parc Lenin, 2015; Bainera, 2018; Boca Ciega, 2021; Ximinoa, 2023) eta Eñaut Castagnet (Non, 2016; Nire eguneroko maitea, 2020; Muga, 2022) lekuko zinemagileak. Oren bat eta erdiz, haien pasioaz bizitzeko zailtasunez eta euskarak haien obran duen lekuaz aritu dira.
Segurtasun gutiko lana
«Autoreak aipatzen direlarik, prekaritateari ere lotzen da», atera zitzaion Graxi Irigarai mahai inguruaren dinamizatzaileari. Leemansek baietz burutik, irri tipi batekin ezpainetan, iragana gogoratzen ariko bali bezala. Bere lehen filmaz oroitu zen: «Ez nuen batere sosik, ezta ekoiztetxerik ere, baina, hala ere, hasi nintzen filmatzen. Lan egiten nuen beste zerbaitetan, ez zuena zer ikustekorik zinemarekin, eta bizitzen nuen hori denbora galtze bat balitz bezala, zinez». Gaur egun,aldizkako estatutua lortua du. Izan ere, sailkapen horri esker, film egileak zinemaz bizi litezke; artearen beste alorretan ere lan egiteko aukera ematen die. Leemans, adibidez, argazkilaritzan ere aritzen da; Iribarne, berriz, musikan.
Castagneten kasua, aldiz, desberdina da. Zinemagilea izateaz gain, iragarkietan eta komunikazioan dihardu; oso argi du «biak beharrezkoak» dituela, gaur egun gutxienez. Hala ere, azpimarratu du bere eguneroko esperientzia anitz erabiltzen duela gero bere obretan sartzeko. «Badut oreka hau, eta, oraingoz iruditzen zait aski ona dela, zeren eta batak bestea laguntzen baitu. Beti kamera eskuetan dut, orduan, ez da txarra».
Euskaraz, eta euskaratik
Ipar Euskal Herrian zinema egitea lehen erronka bat da; zinema hori euskaraz egitea, hozka bat goragokoa. Horri aurre egin behar izan diote, aurten, Iribarnek eta Paxkal Irigoienek, Bañolet filmaren sortze prozesuan. Hala dio Iribarnek: «Gure ardatz nagusietako bat zen euskarazko fabrikazioarena, horrek erran nahi zuen ere euskaraz hedatuko zela; euskara hutsean. Guk nahi genituen saio azpidatzi bezainbat saio euskara hutsean hedatuak izatea, ez baita existitzen holako espaziorik; eta hor ohartu gara errealitateaz, jende anitzek ez zutela bortxaz begi onez ikusten». Haren ustez, «hautu arrunt politiko eta kontziente bat ere bada euskaraz sortzea».
Sakondu du: «Biziki inportantea da hizkuntzarena kontsideratzea, eta euskal zinema ez izatea bakarrik euskaraz entzuten den film bat, baizik eta egiazki osoki euskaraz sortzen den zinema bat, euskaraz pentsatzen dena, euskaraz fabrikatzen dena». Haren erranetan, batzuetan, jendeak euskararen gaia arinegi hartzen du, eta minimoa guti aski izaten zaio; garrantzitsuena ahal bezainbat irekia izatea baitzaio, haren aburuz. Segitzen du: «Ados naiz irekidura espirituarekin, baina gu horretan beti petzero gara. Behar dira gauzak haien lekuan kokatu: egunerokoan gure hizkuntza arrunt mespretxatua da, eta bazterketa horren bortizkeria guk jasaten dugu; beraz, uste dut gai horrekiko erradikaltasun pixka bat ez dela batere sobera».
Publikoaren harrera aitzin, produktoreen arazoa planteatu izan zaie lau zinemagileei. Oilarjek azaldu duenez, bere lehen produkziorako, euskarazko pasarteei bikoizketa egin nahi izan zieten; berak, ezetz. «Ez zen posible haientzat azpidatziak ezartzea. Ene azken proiektuan, Nortarzünak-en, haurrak euskaraz mintzatzen dira, eta idatzi dudan boza ere euskaraz da. Baina izugarri kontent ziren, zeren eta badute Europako dirua, badute euskara kuota».
Sorkuntzaren akuiluak
Hizlari bakoitzari ahora jin zaion hitza: Zukugailua. Elkarte bat da hori, zinema independentearengarapena, ekoizpena eta hedapena laguntzeko xedea duena, bereziki euskaraz egiten delarik. Leemans eta Oliarj Zukugailuarekin lanean arituak dira usu. Haien ustez, halako elkarteek sostengu handia ekartzen diete lekuko zinemagileei. Leemansek azaldu du idazketa oso «lan luzea» eta «bakartia» izan ohi dela. Horregatik, «ezinbestekoak» iruditzen zaizkio halako egiturak «film egileen artean elkartrukatzeko, bai gidoientzat, bai diru laguntzen biltzeko». Oilarjek zehaztu duenez, idazketa tailerrak proposatzen dituzte, besteak beste.
Herriko zinema, euskaraz
Ipar Euskal Herriko lau zinemagile bildu dira, bakoitzaren esperientziaren eta xedeen inguruan solastatzeko. Lanbidea euskaraz egiteak zer arazo dakartzan azaleratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu