Irati Goikoetxea. Idazlea

«Herriak biktimak maite behar ditu»

Minaz eta sufrimenduaz dihardu, oro har, Goikoetxearen azken lanak: 'Herriak ez du barkatuko'. ETAk hildako gizon baten alaba da narrazioko protagonista nagusia.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Duela 22 urte, ETAk aita hil zion Oihanari. Orain, doluaren oinazeari kontatu beharrarena batu zaio, Santi izeneko antropologo batek proposatu baitio aitaren hilketaz hitz egin eta hainbat indarkeriaren biktimekin batzeko. Mina gordinki agertzen du Irati Goikoetxearen (Beasain, Gipuzkoa, 1984) lehen eleberriak: Herriak ez du barkatuko.

ETAz asko hitz egin da euskal literaturan; biktimez ez hainbeste, agian. Hutsune hori betetzeko helburua ere badu liburuak?

Protagonistak mina eta sufrimendua dira, baita bidegabeki sufritu duten eta sufritzen ari diren pertsonak ere. Horiei buruz hitz egitea interesatzen zait, horiek jartzea aurreiritzi, alderdikeria, arrakala eta interes politiko guztien aurretik. Sentsazioa dut askotan atzetik kokatu izan ditugula, eta horrela zaila da bat egitea. Besteen minarekin bat egiten ez duen herriak nekez eraikiko du ezer; uste dut elkarbizitzarako lehen pausoa minaren kontzientzia hartzea dela, eta horretarako min hori ikusi eta ukitu behar dugu.

Ez da aipatzen ETAk zergatik hil zuen Oihanaren aita. Mina lehen lerroan jartzeko modu bat ere bada azalpenak baztertzea?

Uste dut indar gehiegi gastatu dugula eta irrist egin dugula horretan, eta askotan ari garela eragindako min hori guztia justifikatzeko lerroan. Hori gainditzeko hartutako erabakia da: ulertu dezagun pertsonak hil, torturatu, mehatxatu eta zapaldu dituztela, eta ez diezaiegun pertsona horiei inolako etiketarik jarri, ez ditzagun aurreiritziekin epaitu, labain egiten dugulako justifikatu ezina dena justifikatzen. Sentsazioa dut besteari ez dakit zeren izenean mina emateko erabili ditugula pentsamendua, ideologia, ofizioa, ezberdina egiten gaituen hori. Abiapuntua da ikustea pertsona bat urratzen ari garela, eta haren inguru hurbila eta ez hain hurbila.

Abiapuntu hori forman ere islatu duzu: aurkezpenean esan zenuen pertsonaia guztiek dutela pisu bera, baina erabaki duzu Oihanarengan ardaztea, narrazio introspektibo bat eginda.

Liburuaren abiapuntua eta ardatza Oihana da; aita ETAk hil zion, baina liburuan badago ere GALek eragindako biktima bat, Poliziak eta Guardia Zibilak eragindako beste bat, torturatua izan den biktima bat... bakoitzak bere espazioa du. Asmoetako bat da irakurleak ere bat egitea pertsonaia bakoitzaren minarekin. Haria Oihana da, gogoa neukalako ETAren indarkeria sufritu duen pertsona baten ondoan aritzeko eta kontaketa bere ondo-ondotik egiteko, euskaraz eta esplizituki, ikusi dudalako hori ezkutatzeko arriskua dagoela. Nahi dut irakurleak eskua eman diezaiola, eta sentitu ditzala haren emozioak eta gorabeherak. Irudipena daukat hori falta zaigula: norbaitekin bat egiteko hurbildu egin behar gara, eta sarri huts egin dugu horretan; ez gara hurbildu, eta arrazoiak asmatu ditugu.

Indarkeria mota ezberdinak diren arren, infernu bera bizi dutela dio Oihanak.

Ezinbestean. Bakoitzak minaren bere diziplinak ditu, bakoitzak mina bere modura bizi du, baina muinean sufrimendu bera dute infernu. Kontua da zer gertatzen den inguruan gabiltzan guztiekin, eta zer gertatzen den hasten garenean batzuen eta besteen minen bueltan bereizketak egiten. Niri oso gogorra egiten zait azpimarratu behar izatea min guztiez ari naizela. Minaz ari naizenean min guztiez ari naiz, edo bestela ez naiz minaz ari. Minari aitortza zor diogu, eta horretarako biktima bakoitza bere horretan egin behar dugu ikusgarri. Mina unibertsala da, eta sailkaezina, eta hanka sartzen dugu sufrimendu batzuk ikusten ditugunean, baina beste batzuk ez. Edo mina ikusten dugu, edo ez dugu ikusten, eta orduan ez gara ari giza eskubideez, beste zerbaitez baizik.

Oihanari min ematen dio hutsuneak, baina baita kontatzeak ere. Doluaren eta transmisioaren arteko gatazka bat dago?

Bai. 22 urte asko dira, eta, aldi berean, gutxi. Aita hil izanak erabat baldintzatu du haren bizitza: batzuetan mina presenteago dago, beste batzuetan hari ihes egiten dabil. Baina momentu batean kontzientzia hartzen hasten da, inguruneak baldintzatuta: seme-alabei erantzunak zor dizkie; nerabeekin lan egiten duen irakasle bat da, eta ikusten du ikasleen egunerokoan zer presentzia duen indarkeria fisikoak eta hitzezkoak; eta, aldi berean, Santiren proposamena datorkio.

Badu bere buruarekin zer landua, eta alabari transmititu nahi dio zer gertatu den, ahalik eta ondoen, gorroto izpirik gabe eta modu eraikitzailean. Konturatzen da gaur egun bere ikasleek apenas dakitela gertatu zenaz, eta bera ere ahazteko arriskuan dagoela. Santirekin harremanetan hasten denean, kontatu beharraren min hori du, alde batetik, biziberritu egiten delako mina, baina, beste aldetik, konturatzen da ondo datorkiola askatze hori, aurrerapausoak ematea dela, eta errespetutik eraikitzea dela.

Santiren jarrera tematiegia da maiz. Zilegi edo etikoa da transmisioaren ardura hein handi batean biktimen gain uztea?

Bi kontu daude: batetik, Santik bere aitarekin izan du gatazka, eta horrek jakiteko behar bat eragiten dio, Oihanaren eta haren aitaren arteko bizimodua irudikatzeko beharra, berak izan ez duena. Bestetik, askotan joera hori dugu: Santiren helburu nagusia ez den arren zama biktimengan uztea, lortu du biktimak elkargunera joatea, sentipenei esker. Esango nuke ezin ditugula ezertara behartu; nahikoa dute egun batean ezarri zitzaien biktima etiketa eraman beharrarekin.

Uste dut ariketa gainerakoei dagokigula, gizarte bezala: begiak irekitzea, errespetuz eztabaidatzea. Biktimak ariketa hori egiten ari dira, eta iruditzen zait eskuzabaltasun handiz ari direla jokatzen, eta gizartearentzat eredua direla, aurretik doazela eta lezioak ematen ari zaizkigula. Hori txalotzekoa eta eskertzekoa da. Ez genieke exijitu beharko, baina ematen ari dira. Galdera da: zer gertatzen da inguruarekin? Zergatik daude isiltasun horiek? Eta zergatik jarraitzen du indiferentzia horrek gaur egun ere, zenbateraino luzatu behar dugu mina, jarrera aktiboa hartu gabe?

Santiren jarreraren kontrakoa dirudi Jorge senarrarenak: espazioa emateko hautua egin du. Kezka du, halere, biktima ez den abandonatzen ari.

Azkenean, oso zaila da hori guztia kudeatzea; itotasun sentsazioa dago liburua irakurri ahala. Eguneroko edozer gauza gertatzen dela ere, gure inguruan daudenek edozein erabaki hartzen badute ere, dena kolokan jartzen da. «Pauso bat eman dut; ondo emana dago?». Kasu honetan, Oihanaren ama Felirekin batera, Jorge bada helduleku bat, edo hala izan nahi du, baina askotan, asmatzen dugu, eta beste batzuetan, ez. Inkomunikazioa dago zenbaitetan, ez dugulako ikasi mina sufritzen duen pertsona batekin nola jokatu. Txikitatik lantzeko modukoa da, familian eta hezkuntzan.

Herria eta gizartea kontzeptuak agertzen dira sarri: Herriak ez du barkatuko pintaketaren harira, galdetzen da ea nor den herria; eta, Oihanak neba Martinekin duen elkarrizketa batean, Martinek dio aita eurena dela, eta Oihanak erantzuten dio aita gizartearena dela. Kontzeptuekin ere badago gatazka bat?

Erabiltzen ditugun hitzen eta hartzen duten esanahien kontzientzia hartu behar dugu. Herriaz ari garenean, konturatu behar gara gutako bakoitzak osatzen duela herria, eta gutako bakoitzaren ardura dela mina eragina izan eta gero hartzen dugun jarrera. Nik Oihanarekin egiten dut bat: uste dut mina gizartearena dela. Martinek mesfidantza du, paretetan agertzen den herri horrek ez dituelako bere beharrak ase, eta ez du ulertzen zergatik konpartitu behar duen aita erantzun ez dion herri horrekin. Erabilpen kontu bat dago: herriaren izena erabili baldin bada mehatxu egiteko, kasu honetan, herriari erantzukizuna eska dakioke orain mehatxu hori irauli eta eraikitzen hasteko.

Uste dut liburuko gakoetako bat dela irakurlea bera izatea aipatzen diren herria eta gizartea. Alde horretatik, irakurlea interpelatua sentitzen da, pertsonaia bat gehiago da. Ederra iruditzen zait liburu batek eragitea oroitzapenak, emozioak, hausnarketak, bakarrizketak eta elkarrizketak.

Oihanari bizkarra ematen diote herrian, Euskal Herritik joaten da, eta sozialki oso bakartuta bizi izan dela aipatzen da. Birgizarteratua izan behar du?

Bai. Oihana ere herria da, Euskal Herria. Bere 3 urteko semearekin itzultzen da, hari Euskal Herri eder hori zor diolako, baita bere buruari ere. Zokoratu ditugun biktima oro ere Euskal Herria dira, haien herria maite dute eta herriak ere maite behar ditu, herritar bakoitza maite duen bezala. Eta, Oihanak ez ezik, hil zioten aitak ere bere tokia behar du, eta zor diogu. Beren tokia behar dute agerian eta besteekiko interakzioan. Bizikidetzan sarri egiten dugun hausnarketa bat da hori: elkarbizitza ez dela bata bestearen ondoan jartzea, baizik eta elkarrekin bizitzea.

Oihana artista da, eta obrak agerian uzten du arteak transmisiorako duen ahalmena. Zure liburuak ere bai, adierazpen kultural bat den heinean.

Sinisten dut arte adierazpide ezberdinek balio dezaketela memoriaren, gertatutakoaren eta balioen transmisioan eta heziketan. Oihanak forma eman nahi dio gertatzen ari denari, eta aitaren irudia osatzeko nahia du, memoriari oso lotuta dagoelako ahanzturaren arriskua. Betikotze nahi horretan lagun diezaioke marrazten jakiteak, eta niri ere lagundu dit: hitzak falta direnean, bila ditzagun beste forma batzuk definitu nahi dugun hori kontatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.