Euskal herritar guztiek maite izango duten pieza bat. Kontsentsuzko ereserki bat. Euskal Herriaren izena mundu osora zabalduko duen kantu gogoangarria. Horra hor «lehendakariak» Ray eta Nik musikariei egin dien eskakizuna: Euskal Ereserki Berria konposatzea. Abiapuntu horri tiraka osatu du Xentimorik Gabe konpainiak Putinen guardasola antzezlana, Ramon Agirre eta Inazio Tolosa oholtza gainean eta aurrez aurre jartzen dituen hirugarren antzezlana —aurretik etorri ziren Xentimorik gabe eta Kokakola eta barea—, eta, haietan bezala, Asier Sota aritu da zuzendari. Estreinaldia larunbatean izango da, 20:00etan, Donostiako Gazteszena aretoan, Egia auzoan.
Xentimorik gabe estreinatu zutenetik (2010), bikote sendoa osatu dute Inazio Tolosak eta Ramon Agirrek, Nikek eta Rayk. Betiere elementu bereizgarriak erabilita, umorea eta musika uztartu dituzte hiru obretan. Xentimorik gabe hartan aurkeztu ziren jende aurrean Nik eta Ray, hogei urtean munduan bizitako pasadizoak kontatuz. Kokakola eta barea-k ekarri zituen bi artistak berriro oholtzara, Ez Dok Amairuren aitzakian euskal kantagintzaren nolabaiteko errepasoa egitera, eta Putinen guardasola hirugarren alea da.
Agirrek, Tolosak, Sotak eta Xabier Etxaniz Rojok —testuekin lagundu die— atzo aurkeztu zuten antzezlana, Donostian, eta, aurrekoetan bezala, umoreari eta antzerkiari heldu zieten obraren berri emateko. Horrela, azaltzerakoan «zergatik» aukeratu dituen lehendakariak beraiek euskal ereserkia idazteko, curriculumari begiratu zion Agirrek: «Teoria asko dago, artista asko daudelako maila handikoak. Baina Inaziok dio gure curriculumak duela hor pisua!». Eta curriculum horren gailurrak kantatuz aletu zituzten: Zornotzako suhiltzaileen ereserkia, Ezpeletako piperren martxa, Elgoibarko errugbi taldearen ereserkia....
Antzezlanean erakutsiko duten moduan, Nikek eta Rayk konposatzeko modu berezia garatu dute, metodo mistoa deritzotena. «Filosofia moduko bat da», azaldu du Agirrek. «Bagoaz nonbait eta hartu egiten dugu. Plagioa eta fotokopia erabiltzen ditugu. Guk, konposatu, gutxi konposatzen baitugu. Burundiko erritmo bat hartu, Mexikoko corrido bat...». Hain zuzen, antzezlanaren ardatzetako bat da hori, Nikek eta Rayk munduan zehar egiten dituzten bidaiak, Sotak azaldu duenez: «Bidaietara bidali ditugu ereserki lanaren funtsaren bila: Mexiko, Burundi, Tirol... Fisikoki bidaiatuko dute, baina barne bidaia bat ere izango da».
Antropologoek egiten duten lanarekin alderatzen du Rayren eta Niken lana Sotak: «Antropologoek munduan bildutako informazioa bidaltzen dute. Hauek ere [Rayk eta Nikek] hori egiten dute. Munduan bizitakoa hona ekartzen dute». Xentimorik gabe-n diasporan jarri zuten mikroskopioa, eta, orain, euskal herritarrei ezagunak zaizkien doinuetara bideratu dute «teleskopioa», Tolosak berak esan duenez.
Arrakasta handiko lanak
Bai Xentimorik gabe eta bai Kokakola eta barea leku askotan antzeztu zituzten. Agirre: «70 bat emanaldi egingo genituen Kokakola eta barea-rekin, eta aurrekoarekin ere, antzeko». Euskal kantagintzaren gaineko obrarekin ari dira oraindik, eta datozen hilabeteetarako badituzte hainbat saio lotuta: Igantzi, Sestao, Durango... Obra berria Donostian emango dute aurrenekoz larunbatean, baina itxaropentsu daude egingo duen bidearekin, estreinatu aurretik ere hainbat emanaldi lotuak dituztelako. «Itxura ona ematen du horrek». Pertsonaiak eta formatua lehengo berberak diren arren —bi pertsonaia (Ray eta Nik) oholtzan, hizketan eta kantuan— edukia obra batetik bestera erabat aldatzen dela zehaztu du Sotak; ez dagoela zertan aurreko obrarik ikusita eduki Putinen guardasola ulertzeko.
Izenburuak berak ez du askorik esaten antzezlanaren oinarriari buruz, baina ez Tolosak eta ez Agirrek ez dute azalpen handirik eman nahi izan: «Sekretua da, eta antzezlana ikusi behar da ulertzeko!», Agirrek.
Antzezlanaren aitzakia narratiboa lehendakariak egindako enkargu bat izanik, hura antzezlanaren estreinaldian izango ote den galdetu diete bi aktoreei. Eta Agirrek eta Tolosak, nola ez, umorearen bidetik erantzun: «Esan digute hasi dela lasaiago lo egiten. Eta konfirmatu digute bere absentzia. Kultura / Gastronomia Saileko ordezkaritza zabal bat izango da, ordea».Euskal Ereserki Berria entzuteko lehen aukera, larunbatean beraz.
ESTREINALDIA
Lekua: Gazteszena aretoan, Donostian.
Eguna: Larunbatean, 20:00etan.
Herriak behar duen ereserkia
Xentimorik Gabe konpainiak 'Putinen guardasola' obra estreinatuko du larunbatean, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu