Herria euskalduna, abertzalea eta feminista izan zedin

Asisko Urmenetak saiakera grafiko bat aterako du: ‘Gora euskal (h)errientsak!’. Horren barruan, Euskal Herriaren historiako bost emazte garrantzitsu ematen ditu argitara. Dom Campistronek ere parte hartu du proiektuan.

Asisko Urmeneta eta Dom Campistronen portreta, Donibane Garazi, 2023ko azaroaren 13an
Asisko Urmeneta eta Dom Campistron. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
Donibane Garazi
2023ko azaroaren 22a
05:15
Entzun

«Zuretzat, 2036ko irakurle orrentzat nere au. Norbait izandakoa naiz zuretzat; norbait izango zerana zera neretzat. Gerora etorriko dan aldikoa zu neretzat: aspaldi igaro aldikoa ni zuretzat. Alaere zu ta ni elez ta gogoz aituko gera» (Tene Mujika, 1936). Horrela hasten da Asisko Urmenetaren azken saiakera grafikoa: Gora euskal (h)errientsak!(Erroa, Herrima, Gureberriak, Begiraleak). Mujika ez zen errientsa izan, baina bai idazlea eta politikaria; eta transmisioaz hitz horiek idatzi zituen. Ala tradizioaz ari zen? Urmenetak bat ikusten ditu biak: «Tradizioa hemengo mendetik iruditzen zaigu oso gauza zaharra, baina tradizioa, nire ustez, transmisioaren sinonimoa da; lehengo hura ondokoei pasatzea». Lotzen duen haria. Garaia, jendea, historia, momentua, borroka... lotzen dituena. Hari hori, ordea, norbaitek alde bietatik lotu behar du, bestela lehengoaren eta ondokoaren harremana ez baita egiten. Besteren artean, «irakasleen lana, maistren lana, errientsen lana hori izaten zen».

Baina errientsa, nola da bilakatzen herrientsa? Hitz jokoa sorturik, Urmenetak bi alde batu ditu. Batetik, lanbidez errientsa izan ziren bost emazte: Kapitolina Buztintze Larrondo (Uxue, Nafarroa), Katalina Alastuei Goikoetxea (Iruñea), Malena Jauregiberri Erbin (Aloze, Zuberoa), Maritxu Olabe Uzin (Nevada, Ameriketako Estatu Batuak) eta Jule Fernandez Zabaleta (Iruñea). Bestetik, bi efemeride: joan den urtean, Emakume Abertzale Batzak 100 urte bete izana ospatu zen, eta batza horren parte izan zen Fernandez Zabaleta; eta, datorren urtean, 100 urte beteko dira Fernandez Zabaletak berak Donostian nazioarteko feminismoaz euskaraz hitzaldia eman zuenetik. Azken hori da saiakeraren protagonista, beste lau emazteen kontakizunen artetik agertzen dena. Bost emazte, beraz. Batzuek elkar ezagutu zuten, eta beste zenbaitek ez zuten besteen berri izan; zerbaitek, alta, bostak ber saiakera grafikoan bildu ditu: herriaren aldeko militantzia, feminismotik. Lotzen duen haria.

Jule Fernandez Zabaleta

«DOM Campistroni, barneko mapa eta 1924ko manifestua ilustratu baititu bere estilo askeaz bezain hausleaz. [...]», idatzi du Urmenetak liburuaren lehen orrialdeetako eskerretan. Hain zuzen, Zabaleta Fernandezen 1924ko diskurtsoa Domek ilustratu du. Julia zuen izena, berez, administrazioan; baina Jule deitzen zioten gehienek: Jule Fernandez Zabaleta (1898-1961). Errientsa euskaldun berria. XX. mendean, Iruñeko Udalaren burtsa eskuratu zuen Bartzelonara joateko, han Montessorirekin berarekin ikastaroa egiteko; Iruñeratu, eta lehenbiziko euskal eskola eratu zuen; Emakumearen etorkizuna mintzaldia eman zuen Donostian, feminismotik eta euskaraz.

Liburuaren erdian, badira hamabi bat orrialde besteetatik osoki bereizten direnak: marrazkiak erabat ezberdinak dira, baita testua idazteko manera ere. Dom eta Urmeneta ez baitira artista bera, eta begi bistakoa da bietako baten lana bestearen erditik sartzen dela. Baina istorioaren barne istorio baten gisa ekarria da Juleren diskurtsoa, ala Domen lana. Urmenetaren marrazkietan Jauregiberrik liburu bat erakusten du, manifestuarena hain zuzen, eta horren barruan sartzea bezala da: nola diskurtsoaren hala Domen mundu artistikoaren barruan sartzea bezala. Diskurtso zatiak Domek marraztutako hamasei emaztek erranik agertzen dira; horietako bakoitza garai bati identifikatzen zaio naturalki: jantziak, ile orrazkera, lanbidea, erretzea edo ez, ileak beso azpian... «Ideia zen garai batetik bertze batera joatea, eta emazte horien estiloekin erakustea gaur egungo diskurtso bat izaten ahal dela, berdin-berdina. Diskurtso horretan agertzen diren ideia batzuk biziki garaikideak dira, eta horrek, maleruski, erran nahi du garaian aldarrikatzen ziren gauza batzuk beti gaurkoak direla eta beti aldarrikatzen direla».

https://www.youtube.com/watch?v=lNMkC28jH8s

 

Zapalduen erreferentzialtasuna

«Zergatik ez da ezaguna Jule Fernandez Zabaleta? Nola da posible eskola bakar batek ere bere izena ez eramatea? Edo talde feminista batek, edo monumentu bat nonbaiten... Zerbait!», galdezkatu du Urmenetak, haserre abantzu. Alabaina, erreferentzialtasunaren gaiaz aritu da, eta azaldu du Euskal Herriaren historia eta historian zeharkako pertsonalitate garrantzitsuak gaizki ezagutuak direla: «Herri normal batean —azkenean, bere burua gobernatzen duen herri batean—, hauek [saiakera grafikoko bost emazteak] heroi nazionalak dira, eta denok ikasten ditugu haurtzarotik. Herri ez normal batean, herri desegituratu batean, herri ukatu edo menperatu batean, alderantziz: menperatzaileenak ezagutzen ditugu. Baina gureak, egiazki sekulakoak egin dituztenak euskaldunon alde, ez ditugu ezagutzen».

Hartara, Urmenetak usu idatzi du euskal historiari buruz eta horren barruan kokatzen diren gertakari edo pertsonaia garrantzitsuei buruz. Lan hau saiakera grafikoa izateak, gainera, halako askatasuna uzten dio Urmenetari historiaz idazteko. Lehendabizi AztiHitza: Xahoren biografikoa albuma atera zuelarik agertu zitzaion saiakera grafikoaren ideia, lagun batek emanik. «Komikia transgresiorako bide bat ere bada: ez da lan akademiko bat, ez da lan historiko bat, ez da lan filosofiko bat... saiakera grafikoa da». Liburuaren lehen aurkezpena azaroaren 24an eginen da, ostiralez, Donibane-Lohizuneko (Lapurdi) Dukontenian, 19:00etan. Solasaldia izanen da ondotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.