Anagrama argitaletxeak 2023an berreskuratu zuen 2016an argitaratutako Casi nada que ponerte liburua (Janzteko ezer ez ia). Lucia Lijtmaerrek (Buenos Aires, 1977) Deforme semanal podcastarekin izaniko arrakastak zuzenean eragin zuen berrargitalpen hartan, baina liburuak bere hartan merezi du bigarren bizitza hau. Isa Calderonekin batera sortzen du podcasta, baina, horrez gain, itzultzailea ere bada Lijtmaer —harenak dira Jarvis Cocker musikariaren hitzen itzulpenak (Mother, Brother, Lover, 2011)—, eta subkulturak ere ikertu ditu testuinguru akademikoan: Britpop mugimendua, zehazki. Christina Rosenvinge musikariak dio Lijtmaer dela Deforme semanaleko pailazo tristea, bestearen ifrentzua, eta bi partaideen arteko kimikak eta talkak ematen diote saioari gatza.
Hibridazioa ez da soilik forma kontua
Lijtmaerrek txikitatik ezagutzen dituen Simon eta Jorge dira Casi nada que ponerte-ko protagonistak. Argentinan jaioa baina Bartzelonan hazia baita Lijtmaer, eta, Argentinara joan zenean, hasieran, bi ezagun horien moda etxeari buruzko erreportaje liburua idaztea zuen xede nagusia. Lanean hasi ondoren, ordea, Argentinatik erbesteratutakoen alaba izateak sortutako bizipenak gurutzatu zitzaizkion idazketa prozesuarekin. Lijtmaerren identitatea hibridoa da, eta horren oso irudi ederra ematen die irakurleei: erbesteratuen burmuina tuper bat dela dio, zehazki. Etengabeko selekzio ariketa bat, eraman daitekeenaren eta maletan sartu ezin denaren artean, eta horren araberako etengabeko berridazketa izango da liburuaren ardatz nagusietako bat.
Haren txikitako argazki bat dugu liburuaren azalean, esaterako, ama argentinarrek maite zuten pontxoa zeramala, eta ez, besteek bezala, anoraka. Eta aukera estetiko horrek erabat nabarmentzen zituen bigarren belaunaldiko haur argentinarrak eskolan.
Tom Wolfe eta Tennessee Williams idazleak eraman zituen maletan Lijtmaerrek, eta haien eskua ikusten da liburuko hainbat pasartetan: darabilen erreportaje estiloan Wolfena da, eta dekadentziaren estetizazioan, Williamsena. Eta, hain justu, kazetaritzaren eta literaturaren arteko harremanari eskainitako Kazetaritzak kontatzen du, fikzioak ez du asmatzen solasaldian izan zen idazlea aurten Bilboko Gutun Zuria literatur jaialdian, Brenda Navarrorekin batera. Alde batetik, istorio errealak kontatzearen erronkaren erroa batik bat etikoa zela aipatu zuen Lijtmaerrek. Eta lana dela beti zuzentasunez jokatzea. Bere liburuan eskatu beharreko baimenak eskatu zituela zehaztu zuen horregatik, eta, beharrezkoa zenean, lekukoen izenak aldatu zituela ere bai. Liejtmarrek eta Navarrok kolokan jarri zuten Truman Capoteren Odol hotzean (1966) eredu kanoniko bakartzat izatea. Lijtmaerren hitzetan, oximoron hutsa baita Capotek bere lanari emandako kategorizazioa, «ez-fikziozko nobela»; «hildako biziduna» kategoria bezain hutsala. Bestalde, Wolfen kazetaritza berrian ikuspuntu subjektiboa garrantzitsua dela ere nabarmendu zuen: erreportaje objektiboa ameskeria hutsa denez gero, Lijtmaerrek bere gorputzetik ere idazten duelako kontakizuna.
Tom Wolfen eta Tenessee Williamsen gainetik, Manuel Puig da Lijtmaerren kontakizunean itzalik handiena. Mario Vargas Llosak Puigi leporatu zion Corin Telladok bezala idazten zuela, eta idazle argentinarrak egiten zuena literatura arina besterik ez zela. Baina Lijtmaerrek betidanik egin dio aitortza Puigi.
Manuel Puig deserrian hil zen, Mexikon. Aldez aurretik, militarrek haren liburuak debekatuak zituzten, eta erbesteratze bikoitza jasan zuen, gay aktibista eta idazle gisa. 60ko hamarkadan Espainiatik bultzatu zen Hego Amerikako literatur boomean, emakumeak ez ezik, gizon lumadunak ere kanpoan gelditu ziren. Puig bera eta Severo Sarduy kubatarra periferian gelditu ziren. Gutun Zurian ere Puigen ekarpenaren garrantzia aldarrikatu zuen Lijtmaerrek, haren ustez ukatua izan baita. Disidentzian dauden idazleei prestigioa ukatzen zaielako. Argentinako literaturen bidegurutzean, askorentzat ezinezko den Borgesen edo Puigen arteko aukeran, Lijtmaer bigarrenaren pop irudimen queer-ean murgiltzen da.
Sexilioa politikoa da
Puig landa eremuan jaio zen, General Villegas herrian. Lijtmarren pertsonaiak ere Buenos Airesera kanpotik etorriko dira: Jorge, Rosariotik, eta Simon Campo, Sagradotik. Puigek zioen amen etxeak zirela Argentinako Panpako maskulinitatetik ihes egiteko modua, eta, beraz, garai hartako emakumezkoen unibertsoa kontatzen du bere nobeletan, Hollywoodeko filmen eta glamourraren bidez, eta irrati nobelen bidez. Periferiaren periferian dauden materialak josiz idazten du. Jorgeren eta Simonen egiteko moduak antzekoak dira, eta sortzen duten moda etxea da euren gotorlekua. Europatik ekarri eta kopiatzen duten moda hibridazioa da, jatorrizko materiala eraldatzen baitute. Nestor Garcia Canclini antropologo argentinarrak azaldu duen bezala, modernizazio prozesu anitzek eragiten dituzte forma hibridoak.
Jorgeren eta Simonen sexilioen itzalean Manuel Puigena dugu. Gay izateagatik herri txikietatik hirietara joatea erbesteratze mota bat izan ohi da, maiz azpiratua izan dena, ez baita politikotzat jo. Hemen, bidaia hori Bilbora edota Bartzelonara izan ohi da, edota, esate baterako, euskal literaturan, Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak nobelan (Susa, 2004) ageri den Londres.
Lijtmaerrek narrazioa eta antzezlana tartekatzen ditu kontakizunean. Peio Agirrek Estilo: Estética, vida y consumo saiakeran (Turner, 2022), Oscar Wilderen «Artelana izan edo izatera iritsi beharko genuke» aipuaren bidez azaltzen du nola norberak estilo aukeren bidez identitatea eraikitzen duen. Artelan izan nahi hori antzezlanen bidez perfomatzen da testuan. Susan Sontagek Camp-ari buruzko oharrak saiakeran azaldu zituen camp ezaugarriak daude antzezlan horietan: mailegatua, kitsch-a eta gehiegizkoa. Lijtmaerrek Simonen eta Jorgeren bizitzak Argentinaren garapenaren adierazle gisa aurkezten ditu, 70eko hazkundetik dekadentzia garaikidera arte. Peio Agirrek dio globalizazioak desberdintze prozesua berdindu duela, eta, horren harira, marka globalek eta Internetek ekarri zuten Simonen eta Jorgeren moda etxearen gainbehera.
Pontxoa edo/eta anoraka? Suede edo/eta Pulp? Pedro Pascal eta/edo Paul Mescal? Halako dilemak maite dituzten irakurleek gustuko izango dute Lucia Lijtmaerren pop irudimen gozagarria.