Herri txiki bateko doinuak

Unidad Alavesa musika taldeak hirugarren diskoa atera du: 'Made in Germany'. Lazkaon joko dute gaur, eta, etenaldia egin aurretik, Zumaian, Arrasaten eta Aian ere izango dira

Unidad Alavesa taldeko bost kideak, Ataunen. MAITANE ARRONDO.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Ez dakigu egoten talde batean jo gabe». Unidad Alavesa taldea duela bost urte sortu zen, eta hirugarren diskoa kaleratu berri dute. Bederatzi abestiz osaturiko Made in Germany bilduma da haien azken lana; Artza Records zigiluarekin kaleratu du. Aurreko bi diskoetako (Unidad Alavesa eta Martin Martin) prozesuari eutsi diote orain ere, Haritz Artola taldeko abeslari eta gitarra jotzailearen esanetan, «oso tradizionalak» direlako, eta Beasaingo Pottoko estudioan egin dute, Fredi Pelaez soinu teknikariaren gidaritzapean.Modu oso naturalean elkartutako taldea dela azaldu du abeslariak: «Abesti batzuk prestatu genituen, inongo intentziorik gabe, eta, entsegu batzuk egin ostean, konturatu ginen gauza polit bat atera zitekeela hortik».

Izenaren aukeraketa ere ez zen izan taldekide guztien artean sakonki eztabaidatutako erabakia, «ezustean eta bat-batean» hartu beharrekoa baizik: «Jazpana festibala antolatzen du lagun batek Beasainen [Gipuzkoa], eta, azken momentuan, talde batek huts egin zuen. Deitu egin ninduen, berak bazekielako proiektu batean lanean nenbilela, eta ea joko genuen galdetu zidan. Arratsalde horretan bertan erantzun behar genuen, kartela prestatzen ari zirelako. Izenik ez genuen adostuta, eta nik bakarrik asmatu behar izan nuen». Hura izan zen jende aurrean eman zuten lehenengo kontzertua.

Harrezkero hiru lan kaleratu dituzte: Unidad Alavesa, 2017an; Martin Martin, 2019an, eta Made in Germany, aurten. Artolaren esanetan, «antiliberalismo pixka bat, folk-rocka eta sistemari egokitutako euskal kulturari zaplazteko bat» aurkituko du entzuleak azken disko horretan. Bestela badirudi ere, lanaren izenburuak taldearen jatorriarekin du zerikusia. Ataunen (Gipuzkoa) oso ospetsua den gizon bati egiten dio erreferentzia: «Azalean Ataungo alemana esaten dioten pertsonaia bat azaltzen da, eta horregatik jarri diogu izen hori diskoari».

Erroetatik aldendu gabe

Berezitasunak inguratzen du taldea; izan ere, bakoitzaren benetako izena erabili ordez, ezizenez deitzen diote elkarri. Haritz Artola abeslariak Cantaro Garrafa du izena: «Gorroto delituak noraino iristen ari diren eta zer neurri hartzen ari diren ikusita hartu genuen ezizenak erabiltzeko erabakia». Horrela, Iker Artza baxu jotzailea Ternario Aja deitzen da, eta Gurutz Bikuña gitarrista, Bartolo Pichi. Eneko Dorronsoro trikitilari eta baxu jotzaileak San Pete ezizena hartu du, eta Unai Munduate bateria jotzaileak, Nabusin Origen.

Taldea gaztea bada ere, esperientzia handiko kideak batzen ditu, musika munduan ibilbide luzea dutenak: Artola, adibidez, Brigada Criminal, Los Rockinson, Fist Fucking, Bizardunak eta Fiachras taldeetan aritu da. Artza, berriz, Brigada Criminal, Stanislaw eta Los Rockinson taldeetan. Dorronsoro Los Zopilotes Txirriaos, Deack Hicks eta Errebal taldeetako kide izan zen. Bikuña, bestalde, Ancha es Castillarekin aritu da, eta Benito Lertxundirekin batera dabil egun. Munduatek, taldeko gazteenak, Kuntu taldean jo zuen.

Disko bat kaleratzeak dakarren lana eta denbora kontuan izanik, sortze prozesua «nahiko azkar eta sinple» egiten dutela aitortu du abeslariak, beste betebehar batzuk tarteko. Estiloari dagokionez, ez dira asko aldendu aurreko diskoetako genero musikaletik. folk-rock estiloan dituzte sustraiak, eta horretan jarraituko dutela dio Artolak. Hala ere, erroetatik urrundu gabe, denetarik aurki daiteke azken diskoan; folk-a, rock amerikarra, stoner-a eta musika beltzaren ukituak. Hautatutako estiloak ez du erritmo oso azkarrik; nahiko lasaia da, eta letrei eta soinuen konbinazioei ematen diete lehentasuna. Gainera, laguntzaileak izan dituzte Zegama eta Oh Cryer abestietan. Zegamako herriari eskainitako abestiak nostalgiari ere egiten dio lekua. Artolak hangoa du aita, eta han pasatutako momentuak gogoratu ditu. Abestia grabatzerako orduan, luxuzko bi gonbidatu izan dituzte, taldekideen aspaldiko lagunak: Gorka Urbizu eta Iñaki Urbizu Pela. Diskoko azken kantuan, Oh Cryer abestian, Aitor Aldanondoren laguntza izan dute: koruak egin ditu Aldanondok. Disko honetan ere, Fredi Pelaez aritu da teklatuarekin.

Kontzertu asko pandemian

Pandemiak kultura arloan sortutako arazoak nabarmenak izan dira, eta, egoera horretan, artista askok kontzertuak bertan behera utzi behar izan dituzte, edukiera murrizketak eta segurtasun neurriak zirela eta. Unidad Alavesa taldeak, aldiz, ondo aprobetxatu du momentua, eta, beraz, kontzertu ugari eskaintzeko aukera izan dute ataundarrek. Artolaren arabera, «ia merkatu osoa» beraientzat eduki dute, eta normalean baino jende gehiago joan da haien kontzertuetara. Haren ustetan, pandemiak «abantaila» bat eman dio taldeari. Hala ere, gauzak bere onera datoz pixkanaka, eta geroz eta talde gehiago prestatzen ari dira agertokietara bueltatzeko.

Kontzertuen martxa hartuta, Unidad Alavesakoen nahia da agertokietara igotzen jarraitzea. Lau kontzertu egingo dituzte, eta Gipuzkoako zenbait herritan izango dira hilaren azken bi aste hauetan. Gaur Lazkaon joko dute, herriko skate parkean. Hilaren 23an, Zumaian izango dira, eta sarrerak salgai daude jada, bost euroan. Hurrengo asteazkenean, hilaren 28an, Arrasaten joko dute, Cordona y Oro plazan. Screamers & Sinners Aretxabaletako punk taldeak joko du haiekin, Udazabal egitarauaren barruan. Uztaileko kontzertuei amaiera emateko, Aian izango dira hilaren 30ean, Probalekuan, 22:30ean. Abuztuan eta irailean, etenaldia egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.