VÄSEN & HAWKTAIL
Horrelaxe transmititzen omen da herri-musika: eskarmentua dutenek haien jakinduria, ezagutza, trikimailuak.... ahalik eta modurik organikoenean, haiek baino gazteagoak direnen esku utziz. Eta, harritzekoa bada ere, oraindik transmisio mota horrek funtzionatzen du. Väsen, dagoeneko, folk musika nordikoaren izenik nagusienetako bat zen Hawktail taldekoak Nashvillen high-schoolera zihoazenean. Baina, nolabait, Suediarren itzala estatubatuar gazte horien inspirazio nagusienetako bihurtu zen, eta garrantzitsua; ez alderantziz ohituta gauden moduan. Horretan zer ikusia izango zuen, noski, talde suediarraren diskografia mamitsuak (20 diskotik gorakoa). Edonola ere, merezimendu osoz, ziurrenik, Väsen eredu nagusi bihurtu zen Hawktaileko lagunentzat.
Orduz geroztik, hiru disko eder kaleratu dituzte Nashvillekoek, izen propioa eginez folk instrumentalaren munduan. Gero eta ezagunagoak egin ahala jaso zuten Swedish Arts Council erakundearen eskaintza bikote suediarrarekin batera bi bira egiteko: bat AEBetan eta bestea Suedian zehar. Miresmenetik elkarlanera. Zenbait emanalditan zehar ondutako topaketa horren fruitu nagusia da disko hau.
Alde batetik Eskandinaviako herri-musikaren maisu beteranoak, eta, bestetik, bluegrass eta folk primitiboaren odol berria, eta tartean: biolinak eta fiddleak, nyckelharpa, gitarra akustikoak eta mandolinak. Ez, ez daude hain elkarrengandik urruti fiordoak eta Apalacheak, edo gutxienez, hala dirudi herri-musikaren erroekiko ezagutzak eta izpiritu musikal jostalari berak gidatzen dituenean musikariak. Berdin dio adinak, jatorriak edo bestelako edozein ezaugarrik. Horren adibide argia topa daiteke hamar pieza hauetan.
Errazegia litzateke esatea polka ardatza dela, baina... esan beharra dago. Gaineratu behar, nola ez, Väsenen pultsio melodikoa, jazz, edo beste folk musiketatik edaten duena, baretu ordez, anplifikatu egiten dela disko honetan. Logikoa dirudienez, honetan ere, legea betetzen da, gazteen ekinak sendotasuna ematen dio emaitzari: bikote izatetik seikote izatera egin dute jauzi eta asko nabaritzen da emaitzan. Horretaz gain, haien ekarpena, biolinen barealdietan nabarmen agertzen diren gitarra akustiko eta mandolinen marrazkietan sumatzen da, airea eta tempoa, biak azpimarratzen dituzte horrela.
Laburtzeko, disko instrumental gozagarria da, non, behingoagatik, hango eta hemengo musikarien elkarlanean ez den nagusitzen musika anglosaxoia, eta belaunaldien arteko elkarrizketa musikalak emaitza bikaina ematen duen. A! Eta ez da zuzeneko disko bat.