HERRI MUSIKA, BERPIZKUNDEEN BIDEGURUTZEAN

Euskal Herriko talde eta bakarlari askoren proposamen berriak herri musikarekin lotzen dira, eta berrikuntza agerikoak egiten ari dira azken urteetan agertokietan. Iragana presente dute, baina ez gurtu beharreko zerbait gisa, baizik eta bide berriak irekitzeko ate moduan.

BERRIA.
Yasmine Khris.
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Eurovisionen zaleek oraindik gogoan dute aurtengo Benidorm Fest. Gainerakoek ere bai, baina beste motibo batzuengatik. Garaipenak eragindako kritikak kritika, 2022ko saioak gai bat ekarri du hizpidera, Galiziako Tanxugueiras taldearen bidez: herri musika bueltan da, eta aurpegi berri bat du. Beren burua «panderero jotzailetzat» jotzen duten hiru abeslari galiziarrak Euskal Herrira ere etorriko dira,Zeinen Ederra Izango Den festibalera, Barakaldora (Bizkaia), apirilaren 2an.

Terra kantuaren sortzaileak ez ezik, beste hainbat artista ere igo dira herri musikaren agertokira azken urteotan: Baiuca eta Boyanka Kostova (Galizia), Rodrigo Cuevas (Asturias, Espainia), Califato 3/4 (Andaluzia, Espainia) eta Maria Arnal i Marcel Bages (Herri Katalanak), besteak beste. Oin bat tradizioan eta bestea berrikuntzan, musika kritikari anitzen hitzetan, baina batez ere belaunaldi berri baten Spotifyko zerrendetan. Euskal Herrian, beti nabarmendu izan da herri musikaren presentzia, baina aldaketa prozesu batean da hemen ere, sortzaile berrien ugaritzea kontuan izanik.

Aspaldiko eztabaida berriz piztu da, hots. Xabier Erkizia soinu artistaren arabera (Lesaka, Nafarroa, 1975), herrikoi bihurtzen den musika gisa definitzen da herri musika: «Musikak komunitate sentimendua jorratzen du. Nortasunarekin zerikusi handia du; ereserkien inguruko erotismoa du nolabait».

Ana Arsuagak (Tolosa, Gipuzkoa, 1994) Verde Prato bakarkako lehen proiektuan esperimentatu du herri musikarekin. Kondaira eder hura diskoa genealogia batean sartzen da; zazpi abestiz osaturiko obra hori ahozko tradizioan oinarritzen da, Amaren kanta-tik Neskaren kanta-ra. Folkloreari begira, ordea, zalantzak dituela adierazi du. «Badirudikontzeptu hori tradizioan oinarritua dela, baina badirudi ezin dela mugitu hortik, klixeetan geratzen dela nolabait, kulturatzeko paradigma ezagun batean». Onartu du ez dela identifikatzen hitz horrekin. Izan ere, kontzeptuak ñabardura anitz hartzen ditu, eta zailtasunak jartzen ditu esanahi propioa izendatzeko orduan: herri musika,musika tradizionala eta musika folklorikoa deiturak aurki daitezke, bertzeak bertze.

Askotariko izenak janzten dituen musika estilo bat da, eta eszeptizismoa pizten du, baita musikarien artean ere. Iban Urizar Amorante-k, adibidez, esan izan du ez datorrela bat folklorismoaren ideiarekin. Amorantek esperimentuak egiten ditu gitarrarekin, harmoniumarekin, ukelelearekin, zintzarriarekin eta tronpetarekin, baina tradiziotik ez du edaten, musikariak berak aitortu duenez. Haren apustua erabat estetikoa da; izan ere, hitzei eta soinuei jartzen die arreta.

Garaiz garai

Fermin Etxegoien kazetari eta idazleak (Oñati, Gipuzkoa, 1966) kontrastea ekarri dio fenomeno berriari. «Folklore hitza garai bateko bizimodu jakin bati lotzen zaio. Baina niri ez zait iruditzen momentu honetan Tanxugueiras bezalako proposamenak nagusi direnik herri musikan, are gutxiago Euskal Herrian».

Hor datza gakoa: herri musika garaiak bezain aldakorra da. Denbora bateko logika aplikatzen ahal da gaur egungo musikan? Ildo horretan, teknologia eta musika tresna modernoak ere elementu funtsezko bihurtu dira produkzio fasearen testuinguruan. Verde Pratoren proposamenak, errate baterako, sinbiosian nahasten ditu kantu zaharrak erritmo errepikakorrekin, ahots hipnotiko batek gidatuta. Amorantek leku handia uzten dio inprobisazioari, eta Rodrigo Cuevasek oinarri elektronikoak uztartzen ditu Asturiasko musika tradizionalarekin.

Erkizia ikuspuntu kritikoago batetik mintzo da: «Gaur egun, sampler batekin, nahi duguna egin dezakegu. Doinu bat hartu, zatitu, puskatu. Ez dago bertze ikerketarik estetikoa ez denik». Hain zuzen ere, artista askok nabarmentzen dute irudiarekin sortzen duten harremana. «Ematen du egungo musikak ez duela bizirik bideoklipik gabe». Xedea argitzeko, 1965 eta 1972 bitartean jardundako kultur mugimendua sarritan azaltzen da eztabaidan, abiapuntu gisa: Ez Dok Amairu. «Askok dakigu mugimendu abangoardista izan zela, baina sakonki ikertuko bagenu, konturako ginateke oso ariketa estetiko gutxi izan zuela», adierazi du Erkiziak. Ez Dok Amairutik ereserkiak eta hitzak geratzen dira. Irudikapen grafikoa, ez hainbertze.

Badator beste olatu bat, ordea, sinbolismoz kargatua, gizarte bati identifikatzeko aukera emanez. Gizartean, herri musikak ekarpen garrantzitsua du: «Behar bat dago, behar soziologikoa. Ez bakarrik Galiziako folklorearekin edo Andaluziako flamenkoarekin... Sumatzen dugu badagoela interes bat itzultzeko eta irakurketa bat egiteko, helburu identitario batek bultzatuta».

Atzerako begirada bat eginez, 2008ko krisi ekonomikoak areagotu egin zuen kantautore fenomenoa, benetako ziurtasunaren bila baitzihoazen entzuleak, pop mugimenduak protagonismoa hartu zuen hartan. Ordainez, koronabirusak eragindako pandemiak berriz piztu omen du herri musikaren generoa. «Kuriosoa da: joerak masifikatzen direnean, tradiziora jotzen dugu. Krisia dagoen aldiro, ezaguna dugun horretara jotzen dugu: pandemiarekin, musika tradizionalera,egonkortasunera», azaldu du Erkiziak.

Nortasuna, harrotasuna, kontsumoa... Etxegoienek zalantzan jarri du herri musikaren kontzeptu berria. «Eztabaidagarria da, baita ere, tradizionaltzat jotzen duguna... Zenbateraino fosilizatzen eta berriz erakusten ditugu ideiak? Zer da musika, eta zer da postala?».

Industria eredua aldatuz

Internetek areagotu egin du mugimendua, osagai ezinbesteko bihurtuta. Orain dela urtebete baino gehiago, Chill Mafia taldeak lehenbiziko obra sareratu zuen, askotariko inspirazio iturriz elikatua. Etxegoien: «Indar berritzaile bat izan da, herri musikak urban doinu bat baitu nagusi. Troiako zaldia bezala etorri ziren: trapa espero genuenean, Nafarroa Behereko dantzarien estetika txertatu zioten bideoklip bati, adibidez». Bertzalde, Erramun Martikorenaren omenez idatzi dute Atzerrian kanta, eta sare sozialetan bideoak publikatzen dituzte Joseba Tapiarekin, musika kolaborazioak simulatuz.

Estetikatik kanpo, musika genero bat berrasmatzen ari da, bere osotasunean. Eta abiapuntuak ere aldatzen ari dira. «Zaila da nire musika definitzea. Egia da folklorearen edo herri musikaren osagai batzuk dituela, baina nahiko eklektikoa da; aske da iturri ezberdinetatik edateko», egin du apuntea Ana Arsuagak. Kondaira eder hura-k argitan jartzen ditu post-punkaren eragina, reggaeton oinarri bat eta operako ahots baten kutsua, baina ez ditu ematen pandero eta trikiti baten notak. «Euskal Herrian beti presente izan da herri musika; artisten artean elementu oso potentea da. Gaur egun ere bai». Amaia Zubiria eta Haizea aipatu ditu, baina egungo agertokian hortxe dira Amorante, Ibon RG, Mursego... Proposamenak ez dira falta korronte horretan. «Euskal Herrian, herri musika beti izan da iturri bat musikari berriek beste norabait eraman dutena».

Eklektizismoa da, beraz, herri musikaren ezaugarrietako bat. «2022. urtean, herri musika aldarrikatzen baduzu, herri tradizio baten izenean, ez ote da posible mota orotako herri musika egitea?», galdegin du Etxegoienek. Eta gaineratu du: «Herri musika deseraikitzen ari da zentzu batean. Proposamen berriak askoz hitz eginagoak dira, ahozkoagoak».

Verde Pratoren kasuan, ahozkotasunak leku handia du proiektuan. Antzinako melodien kutsu hori dute haren abesti batzuek, eta gaiak aldatu egiten dira, inspirazioaren arabera. «Ni jolasean ibiltzen naiz melodiekin, marrazki batzuk egiten ditut ahotsarekin, eta proiektu oso bat sortu dut estetikarekin. Gaur egun, herri musikak oroimenaren forma har dezake».

Ezin da ukatu gaur egun musika urbanoak monopolioa bereganatu duela, izan musika atarietan, izan salmentetan. Horregatik, deseraikitze prozesua logikoa egiten da, entzuleengana hurbiltzeko. Lengoaia berri baten bidez, mantrak ezartzen dituzte, hiztegi bat sortzen dute, arauak gainazpikatzen.

Hala eta guztiz ere, herri musikaren komertzializazioak ez du konbentzitzen zenbait artista:«Publiko orokor bati gai berri bat azaltzen ari garela ematen du. Berria deitzen dute telebistan agertu delako, besterik ez. Nik uste dut guztiak zaku berean sartzen saiatzen direla, marketinaren izenean», aitortu du Arsuagak.

Musika industriaren arintasunak ere dudak pizten ditu, iragankor bihurtzen dela eta. «Gaur egun, dena segituan egiten da; azkar ekoizten, zabaltzen eta ahazten dira kantuak», azpimarratu du Etxegoienek. Alabaina, abestiak joan eginen dira, baina estiloa hortxe geratuko da, beste forma bat hartu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.