Herri kultura ezagutzeko asmoz

Juan Carlos Etxegoien 'Xamar' idazleak 'Biziaroak. Herri Kultura' liburua idatzi du. Euskal kultura ulertzeko gakoak eman ditu

Xamar. Biziaroak
Juan Carlos Etxegoien 'Xamar', Donostian, Biziaroak liburuaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

«Helburuak dira gure kultura, herria, hobeki ulertzea, eta motibazioa lantzea hizkuntzarekiko; atal askotan, gehienetan ez bada, hizkuntza gakoa da usadioak ulertzeko». Juan Carlos Etxegoien Xamar idazlearen hitzak dira, eta idatzi berri duen Biziaroak. Herri Kultura liburuaz mintzo da. Euskal kultura ulertzeko eta ezagutzeko gakoak ematen ditu lan horretan, eta transmisioa du xede. Pamiela argitaletxeak kaleratu du.

Ideiak modu sinplean esplikatu ditu Xamarrek, «denek ulertzeko moduan», eta uste du hizkuntzarekiko motibazioa garatzeko alor estrategiko bat ere badela hori. «Euskara irakastea nor-nori-nork eta subjuntiboa erakustea baino zerbait gehiago da, komunitate baten partaide sentiaraztea da. Eta hori ez bada horrela, gureak egin du». Hain zuzen, garrantzia eman dio dibulgazioari: «Jendeak erakutsi digu baduela jakiteko interesa. Liburuan ez daude nik asmatutako gogoetak, gure kulturaren zipriztinak eta edukiak daude».

Hamabi ataletan banatuta dago lana, eta «sortzetik heriotzara bitarteko urratsak» biltzen ditu. Hortik dator izenburua, hain justu: Biziaroak. «Liburuak tratatzen dituen gaiak dira haurren sortzea, haurtzaroa, gaztaroa, dantzak, etxearen transmisioa, gizarte antolamendua, mitologia, sinesmenak, erritualak, krimenak, bidegabekeriak, festak, aisialdia... eta, azkenean, heriotza». Herri kultura ulertzeko, erritual, sinesmen, usadio eta bizipenetan arakatu du, eta badago transmititu nahi izan duen beste kontu bat ere: bidean galdutako guztia ez dela txarra izan. «Sentipena dugu gizarteak hobera egin duela, eta lehen baino hobeki bizi garela. Baina ez da beti horrela, eta adibideak badira nonahi. Hain zuzen, ez gaude bereziki gizarte perfektu eta orekatu batean. Adibide gisa, hil bazkaria izugarri inportantea zen heriotza errituetan. Gaur egun, zer egiten dugu maite dugun norbait hiltzen denean? Medikuarengana joan, orfidal bat eskatu, eta bakar-bakarrean irentsi pildora. Lehen bildu egiten ziren herrian, komunitatean partekatzen zuten min hori, eta pixka bat arindu».

«Euskara irakastea nor-nori-nork eta subjuntiboa erakustea baino zerbait gehiago da».

JUAN CARLOS ETXEGOIEN 'XAMAR'Idazlea

Hori bezala, beste mila usadio eta sinesmen daudela azaldu du, ikertu direnak, baina ezezagunak direnak. Adibidez, esplikatu du duela urte batzuk senarra zela emazteari erditzen laguntzen ziona; edota badaudela Eulalia Abaituak duela 125 urte inguru egindako argazki batzuk, non gizonezkoak «gaztetxe bateko gaur egungo gazte bat ematen duen, orrazkeragatik». Hala gaineratu du: «Tradiziotzat hartzen dugu duela gutxi ezagutu dena, ohartu gabe hori baino lehen ez zela».

Mattin Irigoien ere izan du akorduan Xamarrek. Tradizioa, sortutakoan, momentuko kultura zela aipatzen du hark. «Ideia horiek oso gutxi zabalduta daude, eta, hain zuzen, horiek transmititu nahi ditut. Alegia, kultura hobeto ezagutzea, konturatzeko euskal kultura zer den: momentuan euskaldunok egiten duguna».

Idazlearen arabera, kultura guztiak etengabe aldatzen dira, garaietara eta zirkunstantzietara moldatzen baitira. Horregatik, ezbaian jarri du kultura tradizionala deritzon hori. «Trikitia musika tresna tradizionala da, eta gitarra elektrikoa ez? Trikitia Italiatik etorri zen, XIX. mendean. Edo galdera beste manera batean pentsatuta, zenbat urte behar ditu gitarra elektrikoak tradizionala izateko? Ideia horiek guztiak liburuan daude».

«Opari bat»

Jose Anjel Irigarai Pamielako editoreak argi adierazi du: «Xamarren liburuak, aldi oro, euskaldungoari egindako opari bat dira». Xamarrek hizkuntza eta euskal kultura landu izan ditu gehienbat, eta hortik jo du azken liburuan ere. «Hizkuntzaren bizitzan» jarri du arreta Irigaraik: «Hizkuntza esaten dugunean, badirudi hizkuntzaren gramatikaz eta gorabeherez ari garela, hizkuntza gugandik kanpo balego bezala. Eta hizkuntzak bizitzarik ez badu, ez da deus; fosil bat da, liburu bat. Hori presente du beti Xamarrek, eta haren liburu guztiak daude bizitzari lotuak, eta geure gizarteari eta herriari begira eginak. Horregatik diot oso opari bizigarriak direla».

«Erritual edo usadio batek irauten du, nahiz eta itxuraldatuta izan. Muinean dagoenak irauten du».

JOSE ANGEL IRIGARAIEditorea

Idazleak gaiak nola lantzen eta tratatzen dituen ere nabarmendu du editoreak. Adierazi duenez, ondo aztertuta eta neurtuta ematen ditu xehetasun guztiak, bibliografia eta ikerketa lan oparoa eginda, eta, gainera, modu erakargarrian azalduta. «Datuek ez dute irakurketa zailtzen, ez dute liburu idor eta astun horietakoa bilakatzen: laguntzen dute ulertzen, irakurtzen, barneratzen». Bisualki, liburuan dauden irudi eta argazkiek ere laguntzen dutela uste du.

Irigairen ustez, joera dago herri kultura garai bateko kontu gisa hautemateko, baina iraun egiten du: «Erritual edo usadio batek irauten du, nahiz eta itxuraldatuta izan. Muinean dagoenak irauten du, eta horrek komunitatea sortzen du; hori da garrantzitsuena. Eta hori ez da amaitzen, ez aro teknologikoan, ez inon, ez inoiz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.