Herri kantak moldatuz

'Begirada bi' diskoa egin dute Iñaki Salvador pianistak, Olatz Saitua sopranoak eta Ainhoa Zubillaga mezzoak

Mikel Mendarte Kutxakoa, Iñaki Salvador, Ainhoa Zubillaga eta Olatz Saitua, atzo Donostian. GORKA RUBIO / ARP.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Idiarena, Kaiabarrenean, MariDomingi, Donostiakohirudamatxo, PelloJoxepe edo Zure besoetan herri kantak biltzen ditu Begirada bi diskoak, besteak beste. 23 abesti guztira. Iñaki Salvadorren piano doinuek jantzi dituzte kantu horiek, eta Ainhoa Zubillaga mezzo-sopranoak eta Olatz Saitua sopranoak, berriz, kantatu. Tomas Garbizu konpositoreak (1901-1989) 1971n harmonizatutako partituretan daukate oinarria, eta Kutxaren Gizarte Ekintzaren laguntzarekin kaleratu dute.

Orain dela 42 urte, hain zuzen, Donostiako Aurrezki Kutxak Donostiako kantu zarrak liburua argitaratu zuen, Garbizuren partiturekin eta Jesus Maria Arozamenaren glosa literarioekin. 90 abestiren partiturak eta beste horrenbeste glosa zeuzkan. «Gipuzkoako musikari eta ez musikarientzako liburu oso garrantzitsua izan zen. Asko erabiltzen zen», aitortu zuen Salvadorrek, atzo, Donostian egindako aurkezpenean.

90 abesti horietatik 23 aukeratu dituzte. Hamalauren moldaketa egin du piano jotzaileak, eta beste bederatziak Garbizuk moldatu bezala interpretatu dituzte. Abesti batzuetan Zubillagak kantatu du, besteetan Saituak, eta duoan ere aritu dira. Zubillagaren ustez, Garbizuk modu «oso garaikidean» moldatu zituen abesti herrikoiak. «Harmonazio haiek inpresionismoaren lurrina zeukaten». Salvadorren ekarpena ere gorapaitu zuen, «lan zoragarria» egin duela iruditzen zaiolako.

Salvadorri «iraganeko emozioekin» bat egiteko balio izan dio diskoak, eta, gainera, «zerbait berria» izan da bere ibilbidean. «Izan ere, sekula egin gabeko zerbaitekin esperimentatu ahal izan dut, herri kantak edo musika tradizionala kantari klasikoekin fusionatuz». Garbizurengan, hain zuzen, hori baloratzen du, batez ere: «Herri musika kultuzko musika deitzen den horrekin lotzeko zeukan gaitasuna, eta edozeinek abesteko moduko konponketak egiteko zuen abilezia».

Piano jotzailearen «erronka» izan da bere amak abesteko moduko konponketak egitea. Horiek «jazz ukitua» daukate, «popera gerturatzen dira», eta inprobisaziotik ere edaten dute. Saiatuaren esanetan, hasieran «lotsa» ematen zien jazz pianista batekin kantatzeak. «Soldaduak izatera ohituta gaude, eta esperientzia askatzailea izan da guretzako». Miramonen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan grabatu zuten diskoa joan den abenduan, «bizpahiru egunetan», eta han aurkeztuko dute, etzi, 11:00etan, jada kontzertu batzuk eman dituzten arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.