Jon Maia. Bertsolaria eta idazlea

«Herri honi eman didan guztia itzuli nahi diot»

Kantuan aritu da beti, beste batzuk berak idatzitako hitzak kantatzen aritu diren bitartean; «bizitza propioa» dute dagoeneko. Kantuak liluratzen du: «Garenaren proiekzio zirraragarrienetako bat da».

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Iaz 30 urte bete ziren Jon Maiak (Urretxu, Gipuzkoa, 1972) Negu Gorriak-en Gure jarrera diskoko zenbait kantaren hitzak idatzi zituenetik. Orduan ia estreinakoz ibilitako bide hori etxeko zaio orain, 160 abestirekin baino gehiagorekin egin du-eta dagoeneko. Maiak besteentzat idatzitako hainbat hitz bildu ditu Kantu bat gara disko-liburuan (Elkar), eta horietako batzuk bere ahotsean eman ditu, gainera. Zuzenean aurkezten ari da; Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da otsailaren 2an eta 3an.

«Zenbat gara?» ez, «zer gara?» galdetu diozu zeure buruari.

Horretarako joera izango dut agian... Nik ideia bat zabaltzeko egiten dut hau, eta ideia hori da: kantu bat gara. Horren atzean existentzia bat dago, identitate bat, kontzeptu erromantiko bat. Geure burua definitzeko, termino juridiko administratiboetara edo politikoetara jotzen dugu: autonomia erkidego bat gara, departamendu bat gara, erresuma bat izan ginen, estatu bat izan nahi dugu, errepublika bat... Hori gure autorretratua egiteko modu bat da; pragmatikoa eta estrategikoa, noski. Baina niretzat estrategikoa da kantu bat garela esatea ere, forma horiek guztiak iragankorrak direlako. Beti-beti izan garena eta izango garena identitate kultural bat da.

Zergatik egin orain zure hitzen bilduma bat?

Norbera hainbat fasetatik pasatzen da: orain politikoago, orain ezdakitzerago... Ni orain iritsi naiz kontzeptu hori formulatzera, gure existentziaren muina kantuan dagoela. Eta, zehazki, aitzakia eman didana zera izan da, 30 urte bete direla nire lehenengo kanta argitaratu zenetik. Aspaldi nuen ideia buruan, testu pila bat idatzi dudalako baina ez daudelako inon horrela argitaratuta. Lan horri balioa eta ikusgaitasuna eman nahi nion. Niretzat letragintza literatura genero bat da, eta hori ere aldarrikatu nahi dut.

Liburua irakurtzean, ohiko erreakzioa da: «Hau ere bai?».

Jendearentzat deskubrimendu bat izaten ari da, bai. Normala iruditzen zait ez jakitea hitzen egilea zein den. Izan ere, idatzi ditudan kanta guzti-guztiak enkarguz izan dira, eta ni taldearen edo abeslariaren zerbitzura jarri naiz. Bera da kantaren autore nagusia.

Kantuari berari buruzko gogoeta ugari idatzi dituzu liburuan...

Kantuaren izaerari begira jarri naiz. Zenbat funtzio eta gaitasun dituen: ez du behar euskarri fisikorik, gure baitan dago; indibidualki bizi dugu, baita intimoki ere, bizipen batzuetara garraiatzen gaituelako, eta, aldi berean, kolektibotasuna sortzen du, borrokarako arimak pizten ditu, ez baitago iraultzarik bere jendeak kantuak kantatzen ez dituenik; herriak ordezkatzen ditu himno denean... Milaka urtetatik dator, gainera. Izturitzeko kobazuloko [Nafarroa Beherea] hezur zulodun horretan musika egin zuen norbaitek orain dela milaka urte, baina kantua lehenagokoa da.

Kanten bertsioak egitean, garbi zenekien zer nahi zenuen?

Garbi nuen zer musikari nahi nituen, eta zer instrumentu mota. Pello Ramirez eta Gorka Hermosarekin nahi nuen lan egin; harreman sakon batek lotzen nau biekin aspaldiko urte hauetan, eta Euskal Herrian dauden musikaririk handienetako batzuk iruditzen zaizkit. Haien bidez iritsi zen Nacho Soto, sentsibilitate handiko pianista gazte bat. Zuzenekoetan Nerea Quincoces perkusionista aritzen da; diskoan Ander Zulaikak grabatu zituen. Txeloan eta akordeoian oinarritutako musika nahi nuen, instrumentu oso sarkorrak direlako, nortasun handikoak. Gainera, jatorrizko kantak askotarikoak zirenez, banekien bateratu egingo zutela diskoaren musikaltasuna. Uste dut kalitate handiko diskoa dela, ez direla edonolako bertsioak, eta haien maisutasunari esker da hori.

Kanturako lagunak nahi zenituen?

Hori ez nuen hain garbi. Hasiera-hasieran, nire ideia zen kantak biltzea, bertsiorik egin gabe. Baina berehala konturatu nintzen ez zuela zentzu handirik, jendeak entzungai dituelako. Bertsioak egitea erabaki nuen, ekarpen bat egiteko. Batzuek esan zidaten ezin zutela kantatu, eta atzera egin nuen: «Jatorrizko kantuak kantatzen dituzten denak edo inor ez», pentsatu nuen. Baina, entseatzen ari ginela, musikariek ere esaten zidaten askoz politagoa dela jendeak parte hartuz gero, ospakizun bat bihurtzen delako. Berriz saiatu nintzen, eta kolaborazio berezi asko daude. Pozik nago hori egin izanaz.

Bakarrik abestu dituzu, Karidadeko Bentaren Heldu gerritik kantaz gain, Negu Gorriak-enak eta Ken Zazpiren Itsasoa gara. Bereziak dira zuretzat?

Hasieran lotsa puntu bat ematen zidan kantu horiek nik bakarrik kantatzeak, jakinda nolako kantari handiak dauden horien atzean. Nire bizitzan garrantzitsuak izan dira, oso barruan daramatzat, eta jendearen memoria kolektiboan ere badaude. Aurkitu nuen justifikazioa, nolabait.

«Jon Maiak bizitza epikoki bizi du», idatzi du Xabier Amurizak hitzaurrean. Hala da?

Pixka bat horrelakoa naiz, bai [barrez]. Bizitza intentsitate handiz bizi dut, eta lau aldiz bizi naizela ere sentitzen dut batzuetan. Gauza askotan joaten zaizkit asteak, kasik pertsona desberdinak bagina bezala, baina guztietan ni naiz. Eta badut bizitza irenstearen antsietate puntua ere. Momentu bakoitza gozatu nahi dut, historia bizi nahi dut, eta bizi naizen aldian eta munduaren leku honetan eragin nahi dut.

Zergatik?

Umetatik daukat zerbait sartuta: herri honi, hizkuntza honi zor diodala naizen guztia. Norbaitek esango du kursia edo erromantikoegia dela; nik horrela bizi dut. Beharbada izango da etorkinen semea naizelako. Gure familian ez zuten zertan egon ez euskarak, ez Euskal Herriak ere, eta, pentsa, nik egiten dudan guztia horri lotuta dago. Herri honi eman didan guztia itzuli nahi diot, inoiz lortuko ez dudan arren.

«Gaur ez dut kantatu nahi epika», esaten du Hondartzako muxuaren himnoa kanta berriak.

Gazta zati bat dokumentala, Apaizac Obeto espedizioa, bertsoak egiteko modua, Riomundo nobela... Epika puntu bat dago askotan. Kanta horren azalpenetan esaten dut konturatu nintzela nire kantu askok epikoak izan nahi zutela, eta batzuetan gauza txikiak direla inportanteak: hitz bat, laztan bat edo telefono dei bat hil edo bizikoak izan daitezke. Baina, azkenean, kantu hori ere epikoa atera zitzaidan [barrez].

Zaila da jakiten kantu batek zer bide egingo duen?

Bai. Batzuetan usaintzen duzu. Kantari izen handidun bat baldin bada, badakizu entzunagoa izango dela. Batzuetan, melodia lehen aldiz entzutean, esaten duzu: «Hemen hitzekin asmatzen badut, hau himno bat izan daiteke». Beste batzuetan, ez. Kantuek bizitza propioa dute.

Oro har, bat etorri dira zure asetzea eta jendearen erantzuna?

Kantu batzuekin bete da hori. Adibidez, Itsasoa gara entzun nuenean, pentsatu nuen handia izan zitekeela. Garai hari kantu batekin lagundu nahi genion, eta modu desberdinetan ulertzeko moduan idatzi nuen: maitasun kantu gisa, baina baita Euskal Herriaren atzera begiratze bat bezala ere. Ikuspegi baikorrarekin; ez hainbeste uste duzulako baikor izateko moduan zaudela, baizik eta hori bultzatu nahi duzulako.

Kantak badu bere lekua...

Itsasoari begira-k ere bai; nahiko bat datoz idaztean sentitu nuena eta kantuak izan duen bizitza. Gora herria-k ere betetzen du bere funtzioa oraindik. Emoixtaxux muxutxuek-ekin ez nuen pentsatuko gertatu zena gertatuko zenik. Pozgarria da baita ere; oraindik bizirik dago.

Sarri jotzen duzu itsasora hitzak idazteko?

Bai, Gariri egindako zenbaitetan ere agertzen da, Welcome to Beach-en ere bai: «Itsasoa eta errepidearen/ artean dagoen/ lur zatian bizi naiz ni»... Natura ere bai, Benito Lertxundiren Kimu bat zuhaitzan-en, adibidez. Helduleku batzuk ditut nire barruan, eta batez ere itsasoa da nire ispilua, nire konstante handiena. Zumaian [Gipuzkoa] bizi naiz, arraunlaria izan naiz zortzi urtez, arrantza da nire zaletasuna... Han sortuak dira nire kantu asko.

Aurten sei urte beteko dira Donostiako Belodromoan Kantu bat gara errezitatu zenuenetik. Liburuari izena eman dio, eta idatziz eta ahotsez jaso duzu.

Leku oso berezian dago nire bizipenen kutxan. Ez nintzen inola ere jabetzen hori gertatuko zenik. Ia kontrastatu gabe eraman nuen. Amets Arzallusi, laguna delako, telefonoz irakurri nion Belodromora joan baino ordu batzuk lehenago, idatzi berritan. «Zer iruditzen zaizu hau, oso ideia zoroa? Hartzen diozu zentzua?». «Bai, bai, Jon, egin hori lasai». Eta iritzi horrekin joan nintzen. Musika han bertan aukeratu nuen, bi ordu lehenago-edo. Ez nuen proba bakar bat ere egin. Atera nintzen lau foliorekin, hasi nintzen irakurtzen, eta hori gertatu zen.

Zer zuen, zirrara hura eragiteko?

Ideia hori banuen aspaldi; kantu zatiekin josten hasitako dokumentu bat neukan hasita. Hortik tiraka jarraitu nuen, eta nire barruko dena atera zen: umetatik barruan neuzkan kantak, gurasoen soziedadeko bazkarietan ikasitakoak, kaseteetan entzundakoak, nik erositako diskoetakoak... Dena atera nuen. Uste dut islatzen duela ideia hori: gure istorioa kantuetan kontatuta dago; gu garenaren proiekziorik zirraragarrienetako bat da kantua. Zirrara handia sortu zuen, eta oraindik ere bueltan etortzen zaidala esango nuke.

Zer moduzkoak izan dira orain arteko kontzertuak? Urteetan ibili zara abeslari, baina plaza handiak izan dituzu oraingoan.

Nabaritzen dut ez dela Karidadeko Benta edo Hezurbeltzak bezala. Askoz jende gehiago etortzen da, ikusmina dago, handitasun batekin jaio da. Kontzertuak ere hala izan dira, handitasun bat sentitu dugu hor egon garenok. Niretzat ez dira kontzertuak ere, ekitaldi bat baizik; ideia baten zabalkundea. Luzeak atera zaizkit... Ez dakit beti horrela izango den, baina Bilbon bi ordu eta erdi egon ginen ia-ia. Izugarria izan zen. Garai honetan inoiz baino beharrezkoagoa da gure kontzertuetan gertatzen ari den katarsia.

Kantuan murgilduta zauden honetan, zeure burua nola ikusten duzu bertsolari gisa?

Momentu honetan neure burua Kantu bat gara-ren barruan gehiago sentitzen dut bertsotan baino. Baina bertsoa nire etxea da. Saio batera, afari batera, jaialdi batera noan bakoitzean nire etxera bueltatzea bezala da. Gero, hortik atera, eta nire abenturak egiten ditut. Baina beti nahi dut bueltatu etxera. Gauza guztien gainetik bertsolari sentitzen naiz, eta sentitzen dut horri esker naizela beste guztia.

Aldaketa garaiak dira?

Ikusten dut nola datozen belaunaldi berriak. Beharbada belaunaldi bat betikotu egin gara, hor jarraitzen dugu. Baina 20 bat urte dituztenenak olatu-olatua dira. Ikusten duzu horiek direla mutur berria eta zu zarela beste muturraren puntan dagoena. Aurten 50 urte egingo ditut, eta ezin dut sinistu. Atzo bertsolari gaztea nintzela sentitzen nuen, eta ja zaharrena naiz txapelketan. Poz handia ematen dit.

Aldatu zaizu bertsoa bizitzeko modua?

Lehen beste kezka batekin bizi nuen, erabat bertsotara nenbilenean. Beti nahi duzu ez galdu plazarik, telefono deiak jaso... Gurea gauza bitxia da: ez badizute deitzen, ezin duzu egin. Entzuleak behar ditugu, jendearen aurrean sortzen dugu. Eta hori angustia pixka batekin bizi nuen. Orain oso dibertsifikatuta nabil, nire zorion emozionala ez dago bertsoen menpe, eta horrek laguntzen du kanpotik ikusten gertatzen ari dena, angustiarik gabe.

Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatuko da aurten.

Poz handia ematen dit ikusteak bertsolari berriek nolako gaitasun intelektuala duten, nolako kriterioa, zer gauza kantatzen eta idazten dituzten. Horrek esan nahi du bertsolaritzak etorkizuna ziurtatuta daukala, zeren, iraungo badu, bere garaiari konektatuta eta egokituta egon beharko du. Hor ezaugarri nagusia emakumeen presentzia da, zalantzarik gabe. Baita identitate sexuala bizitzeko moduak nola sartzen ari diren ere, zer naturaltasunekin kantatzen zaien oraingo kezkei eta erronkei, bizi dugun munduarekin kontsonantzian. Lurraldeetako txapelketak oso onak izan dira; denek utzi dute eragin positibo bat. Euskal Herrikoa oso interesgarria izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.