HILBERRIA. Roman Maiz 'Okelar'

Herri bertsolari bete-betea

Juan Luis Zabala
2015eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
«Nik ezagutu dudan herri-bertsolaririk finena». Hitz horiekin definitu zuen atzo Igor Elortza bertsolariak, Twitterreko txio batean, Roman Maiz Okelar bertsolari zendu berria, haren heriotzaren berri jakin orduko. Atzo hil baitzen Okelar, 87 urte zituela. Mutrikun 1928an jaioa zen, eta herri hartako Okelarbaserrian bizi zen bi urte zituenetik. Sagardotegi eta elkarteetan egin zituen bertso saio gehienak. Jon Azpillaga, Patxi Etxeberria, Jon Mugartegi, Nikolas Zendoia eta Juan Mari Narbaiza izan zituen, besteak beste, bertso lagun.

«Bertsolari maitagarririk bada, horixe da Roman Maiz, Okelar bertsolaria», idatzi zuen Pello Esnal idazleak Roman Maiz, Okelar bertsolaria liburuaren hitzaurrean (Gipuzkoako Foru Aldundia, Auspoa bilduma, 2012). «Eta norbaiten bertsoek plazaratzea merezi badute, Okelarren bertsoek merezi dute». Okelarren bertsoak jaso zituzten liburu hartan Nikolas Zendoiak, Pello Esnalek eta Joxemari Iriondok, Inazio Maritxalarren grabazioetan oinarrituta. Liburuan jasotako saio guztiak «jolasean eta festa-giroan» eginak dira, Esnalek dioenez. «Lagunarteko saioak izaki, bertsolariek berek aukeratuko dute gaia, nondik nora eraman saioa, noiz hasi eta noiz amaitu jardun bakoitza…; hitz batean, gaurko plazetakoak ez bezalako saioak dira. Egunean eguneko egoerak agintzen du, unean unekoak eta lekuan lekukoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.