Heroi anonimoen aurpegiak

Azken 40 urteotako artelanen bilduma jarri du Xabier Morras margolariak Iruñeko Ziudadelan

Xabier Morras, Amaiurko batailaren omenez egindako margolanaren inguruko azalpenak ematen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2014ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Obra geldoak dira Xabier Morras margolariarenak. Behin baino gehiagotan galdetu izan diote ezagunek: «Baina zuk margotzen duzu?». Egunero margotzen du, ahal duen bakoitzean. Haren obren garapena, baina, hausnartua da. «Geldoa». Azken 40 urteotako artelanen bilduma jarri du orain ikusgai Iruñeko Ziudadelan. Atzerriari eta Nafarroari, garai politiko ezagunei eta heroi anonimoei, guztiei jarri die aurpegia Morrasek azaroaren 23ra arte Armen Aretoan egongo diren obretan.

Gogoan dituen momentu, une edo pertsonen ordezkari dira Morrasen artelanak. Tamaina handiko koadroak daude erakusketan, lihozko oihalean egindakoak. Amaiurko batailari egindako omenaldia da handiena. Nafarroako Erresumaren azken defendatzaileak irudikatu ditu artistak obran. Baina pertsonaiak ez dira ordukoak, haren senide eta lagunak dira. «Esker oneko pertsona naiz, eta bizitzan ekarpenen bat egin didatenak eskertu nahi izan ditut koadroarekin», azaldu du.

Gerra koadroa da Amaiurkoa, baina ez dago borrokarik. «Ez nuen heriotzarik erakutsi nahi, nafarrek etsaia ikusi zuten momentua jaso nahi izan dut; aurpegien espresioa». Ia bost metro garai da artelana, eta, besteak beste, Nestor Basterretxea, Jorge Oteiza eta Jimeno Jurio daude Nafarroa defendatzen. «Asko kostatu zitzaidan ideia garatzea», argitu du. Artelana, gainera, ez dago amaiturik. «Dokumentazio historikoaren arabera, 200 pertsona izan ziren Amaiurren; koadroan 135 pertsona daude». 2022. urterako amaitu nahi du; 200 lagunen aurpegia erakutsi.

Margolanek eta marrazkiek osatzen dute Morrasen azken 40 urteetako bilduma. Eta artistak haurtzaroan ikusitako heroi anonimoak bildu ditu, alde batetik.Aurpegi ezezagunekin batzuk, ezagunekin besteak. Familia erretratu bat bada erakusketan:«Ohiko erretratuak egiteko teknika alde batera utzi nahi nuen. Eta, azkenean, haurtzaroan Lakar eta Zabaldika herrietan ikusi nuen egunerokotasun gogorra irudikatu nuen». Martxoko ekaitza gainean dutela, Morrasekin batera, zaldi batekin lanean dira haren emaztea eta seme-alabak margolanean. «Egunerokotasunean borroka egiten dutenei egin omenaldia da», azaldu du.

Atzerritar ikuspegia

Londresen ikasi zuen Morrasek 60ko hamarkadan, eta, 70eko hamarkadaren hasieran, New Yorkera joan zen ikasketak amaitzera. Atzerrian ikusitako eraikinek eta monumentuek liluratu zuten orduan, eta gogoan ditu oraindik ere. «Margotu behar nituen», aitortu du. New Yorkeko tren geltokia, Chicagoko kaleak edo Londresko fabrikak aurkitu daitezke Ziudadelan. Atzerritar baten ikuspegiarekin egindako lanak dira, Morrasen esanetan. «New Yorkeko pertsona batek ez luke inoiz nik irudikatutakoa margotuko».

Baina ez dira New York, Londres eta Chicago Morrasek margotutako hiri bakarrak. Mosku eta Berlin ere margotu ditu: «Interes handia dut erregimen politikoek egindako monumentuekiko». Leipzigeko (Alemania) Nazioen guduaren monumentua margotu zuen, esaterako, 2008an.

Figurazioaren eta abstrakzioaren artean daude Morrasen lanak. Hala ere, gehiago dute figuratibotik abstraktutik baino. «Teknika tradizionalak erabiltzen ditut, jendeak erraz ulertuko dituen artelanak dira», dio. Akuarela, olio eta pastel teknikaz egindako lanak. «Ez nago teknika modernoen aurka, baina tradizionalekin, oraingoz, asetzen ditut nire behar artistikoak». Dioenez, ordu asko sartzen ditu elementu figuratiboak margotzeko. Eta abstrakzioaren izaera emateko, zenbaitetan, lurrean jartzen ditu artelanak: «Pintura ontziak hartzen ditut, eta orban abstraktuak egiten ditut».

Kolore «itzaliak» dira margolanetakoak: grisak eta okreak. Haurtzaroko oroitzapenekin lotu du artistak kolore horiek erabiltzeko duen ohitura.«Gama kromatiko iluna da, baina ez da tristea», aitortu du. Duela hamabi urte izan zen Morrasen artelanen azken erakusketa Iruñeko Ziudadelan. Oraingoan, 30 obra jarri ditu ikusgai. Gehiegi, haren ustez: «Artea dosi txikietan gozatu behar da. Zapore hobea du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.