Bihar 11:00etan zabalduko ditu ateak Hernaniko (Gipuzkoa) komiki azokak. Hirugarren aldia du aurtengoa, eta aurreko urteetan baino liburu aurkezpen gehiago izango ditu: guztira hamar liburuk izango dute jendaurreko ekitaldia, eta horietarik sei inprimategitik atera berriak dira.
Lehen egunean Oneka, Iruñeko Erresumaren sorrera (17:30), Aldaxka pozoituak (18:00), Mo (18:30), Argia Iraungi zen tokia (19:00) eta Mugako dragoiak (19:30) aurkeztuko dituzte, egileak bertan direla; hurrenez hurren, Eneko Lizardi, Aritz Ibarra, Pello Varela, Mikel Begoña eta Gregorio Muro. Iñaki Otamendik eta Iratxe Retolazak egingo dute moderatzailearena.
Bigarren egunean, Adur Larrea eta Gorka Bereziartuaren Abentura erraldoia (17:00), Iban Zaldua eta Julen Ribasen Botere handi batek (18:00) Asier Iturralde Gaston-en Egun bat Beti Berdin tabernan, Agustin Ferrer Casasen Ihes plana (18:30) eta Tupust kolektiboaren Ni, zu, gu bilduma aurkeztuko dituzte. Azken horren kasuan, Maite Caballero, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia eta Ainara Azpiazu Axpi mintzatuko dira kolektiboaren izenean, jendaurrean.
Horrez gain, Marrakatuek eta Asisko Urmenetak Dzirt-dzart saioa egingo dute 12:30ean. Ordubete lehenago Yurre Ugarte gidoilaria eta Julen Ribas marrazkilaria iaz elkarrekin argitaratutako Iris komikiaz ariko dira solasean, Ainara Azpiazu Axpi-rekin.
Bi erakusketa
HernaniKomik azokaren harira, bi erakusketa zabalduko dituzte: batetik, Space Opera euskal komikietan, azokaren eremuan berean; eta, bestetik, Asisko Urmenetaren ibilbide profesionalari eskainitakoa, azaroaren 16tik 29ra. Izan ere, Hernaniko azokak ematen duen Joseph Camino saria Urmenetak jasoko du aurtengoan. Sari ematea larunbatean izango da, 12:00etan.
Dobera Euskara elkarteak, urtero bezala, komiki lehiaketa antolatu du eskoletan. Parte hartzaileen lanak ere erakusgai izango dira komikien salmenta postuen inguruan. Sari banaketa, berriz, azoka zabalduko den egunean egingo du, 17:00etan.