Heriotza gonbidatu du oholtzara Iñaki Ziarrusta antzerkigile eta Atx Teatroko kideak (Bilbo, 1974). Heriotza bera, eta galdera bat: Prest al gaude hiltzeko? «Sekula ez diogu erantzun galdera horri: horregatik pizten dit kezka gaiak». Ezinegon horrek bultzatuta sortu du, hain zuzen ere, bere antzezlan berria: Balbea. Erantzunik apenas duten eta bata bestearen atzetik kateatuko dituen galderez osatutako bakarrizketa saioa. Igandean estreinatuko du antzezlana jendaurrean, Gasteizko Baratza aretoan, 19:00etan.
Hizketaldi bat da obraren abiapuntua, semearekin izandako elkarrizketa «intimo» bat, Ziarrustak aitortu duenez. «Ideia duela lau urte hozitu zen, nire semearekin hitz egiten hasi nintzenean. Orduan ohartu nintzen ailegatzen garela garai batera non konforme gauden bizitzarekin eta heriotza geroz eta presenteago dagoen». Aitortu du denboraren joanak halabeharrez bultzatu zuela ingurukoekin gaiaz hausnartzera. «50 urte bete ondoren, ikusi dugu hurbileko jendea joaten, hiltzen. Gehienetan, istripuak edo gaixotasunak dira. Eta pentsamendu irrazionalek lekua hartzen dute halakoetan: haserrea, injustizia». Bada, ideia zurrunbilo horrek eraman zuen sortzera eta galderak egitera.
Agertokiaren gainean, galderak ez ditu berak egingo, hala ere, fikziozko pertsonaia baten rola antzeztuko baitu: Gregorio. Gurpil aulki batekin mugitzen den gizon bat da, buru eta gorputz ahalmenak galtzen ari dena. «Protagonista zoratzen hasiko da, errealitatearen eta delirioaren artean. Ulertzen ez dituen gauzak azaltzen saiatuko da».
Bakarrizketa izan arren, oholtzan ez da bakarrik arituko Ziarrusta; txotxongiloak izango ditu lagun: 2 urteko haur bat, kuadrilla bat eta heriotzaren irudi bat. Argizarizko panpinek delirioa irudikatuko dute, gizonaren baitan bizi diren munstroen gisan. «Nire ustez, Euskal Herrian txotxongiloak umeen antzerkiarekin lotzen ditugu, baina, Balbea obraren bidez, helduengana eraman nahi ditut». Kasu, txotxongilo ikuskizun soil bat ikusi nahi duena desengainaturik gera daitekeela ere ohartarazi du: «Ez dira ardatza izanen, baina hiru pertsonaiak aterako dira protagonistaren momentu irrealetan». Txotxongiloak Valentina Raposok sortu ditu, Zornotzako (Bizkaia) Anita Maravillas konpainiaren tailerrean.
Atx Teatroa konpainia txikia da, Ziarrustak azpimarratu duenez. Naia Muñoz Muruak eta biek osatzen dute. Konpainiaren laugarrena lana da Balbea, eta, oraingoan ere, dena modu autogestionatuan egin dute: apaingarriak, teknika, idazketa... Haiek arduratu dira guztiaz. «Ez gara kabitzen antzoki konbentzionalaren zirkuituan. Antzerki hurbila egiten dugu, normalean egiten ez dena».
Nork bere motxilarekin
«Nire gogoari eta egiteko grinari idatzi diot. Barruan ditudan geldiezintasun horiek atera nahi nituen, nolabait», azaldu du Ziarrustak. Izan ere, heriotzaz hitz egitea aski zaila da oraindik, haren hitzetan; egun ere «gai tabua» dela sinisten du, heriotza hurbil izan arte bederen. «Orduan, ezintasuna eta trauma sortzen dira gure inguruan». Pedagogia falta sumatzen du, hain zuzen. Behar horrek eraman du heriotza ikusleen aitzinean irudikatzera, bere konplexutasun guztiekin bada ere. «Ikusle bakoitzak bere motxilaren arabera ikusiko du antzezlana. Gustatzen zait imajinatzea heriotzarekin harremanik ez duen jende gaztea izanen dela, eta ondoan alzheimerra duen norbait, edo suizidatu zen norbaiten laguna...».
Suizidioa, eutanasia eta zahartzaroa ere azalduko dira obran, baina Ziarrustak esan du piezaren edukia molda daitekeela, ikuspuntuaren arabera. «Ez dut aurkitu modurik obran diren galderei erantzuteko. Akaso, norbaitek izango du erantzuna. Lehen emanaldiarekin ikusiko da, eta, horren arabera, puzzlea osatuko dugu».
Igandean estreinatuko dute obra, Zurrunbilo Jaialdiaren barruan. Baina, estreinaldiaren ondotik, bertze hiru emanaldi ere eginen dituzte: azaroaren 10ean, Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamoa zentroan izanen dira; eta abenduaren 8an eta 9an, berriz, Donostiako Viktoria Eugenia Antzokian.
Heriotzaz galdezka agertokian
Atx Teatroa konpainiak 'Balbea' antzezlana estreinatuko du igandean, Gasteizko Baratza aretoan. Heriotzaz dihardu obrak, eta bakarrizketa saio bat da, baina txotxongiloak ere azalduko dira oholtzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu