«Neure buruari galdetzen nion ea zer gertatzen zaigun heriotzarekin, gaiak zeharo obsesionatuta baitauka literatura. Baina beti egoten da bukaeran. Eta ikusi nahi nuen ea noraino irits nintekeen heriotza batetik abiatu eta errealismoan mantenduta». Hain zuzen ere, goizean goiz jaiki, gerrira harri batzuk lotu, moilatik uretara jauzi egin, oinazpiekin heriotzaren hondo lizundua ukitu, eta, gorantz bultza egin —«ez dut damurik, egindakoa eginda dago jada. Jakin-mina da»—, eta zalantzazko suspentsio une baten ondoren, berriz ere ur azalera atera ostean, etxera itzuli berri diren senideentzako bazkaria prestatzeko garaiz bueltatzen den emakume baten kontakizunarekin abiatzen du Samanta Schweblin idazleak bere azken ipuin bilduman: El buen mal (Txar ona). Eta hori da, beraz, idazleak abiapuntutzat hartutako heriotza. Eta, agian, suspentsio une horretatik abiatzen direlako dirudite irrealtasun berniz geruza moduko batean bilduta liburuko sei kontakizunek. Eta errealitatearen alde irristakor hori kontatzeko duen zehaztasunak kokatzen du egilea egungo ipuingilerik esanguratsuenen artean.
Sorpresarik ez hor.
Schweblin Buenos Airesen sortu zen 1978an. Irudi eta Zinema ikasketak egin zituen, baina literaturan egin du ibilbidea, eta ipuingintzaren esparruan nabarmendu da nagusiki. 2002an eman zuen argitara bere lehen narrazio bilduma —El núcleo del disturbio—, eta berehala erakarri zuen irakurleen arreta. Eta, geroztik, ezin luzeagoa da atera dituen liburuei esker jasotako sari esanguratsuen zerrenda ere. Casa de las Americas saria eskuratu zuen Pájaros en la boca narrazio sortagatik (2009). Eta Siete casas vacias ipuin liburuarekin ere, Narratiba Laburraren Ribera del Duero Nazioarteko Saria jaso zuen lehenik jatorrizko bertsioarekin, 2015ean, eta National Book Award entzutetsua ere eskuratu zuen, ondoren, lanaren ingelesezko itzulpenarekin.
40 hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli dituzte haren lanak, eta irakurleak elearazi.org blogean topatu ahalko ditu haren aurreko liburuetako bost ipuin euskaraz. Euskal Herrian ere behin baino gehiagotan izan da, gainera. 2015ean Literaktum jaialdian parte hartzen izan zen, esaterako, eta Donostiako Zinemaldian ere izan zen gerora, 2021ean, haren Distancia de rescate nobelan oinarritutako filmaren aurkezpenean. Eta luzea da haren zale diren euskal idazleen zerrenda ere.
Ikusi gehiago
Esate baterako, Schweblinen ipuingintzak Eider Rodriguezena gogora ekartzen ziola idatzi zuen Aritz Galarragak egunkari honetan bertan, 2011 jadanik aski urrunean. Nola bataren hala bestearen hainbat pasarte elkarren ondoan jarriz osatu zuen artikulu hura, eta, horretarako, besteak beste, haien testuen lehortasuna, gogortasuna eta zorroztasuna hartu zituen irizpidetzat. Bada, hain justu, Eider Rodriguezek berak elkarrizketatu zuen Schweblin 2016ko Hegats aldizkarian, eta euskal idazlearen galderei erantzunez, bere idazketa azaltzeko hainbat klabe interesgarri azaldu zituen argentinarrak.
Bi maitemin
Bi literatur eskola garrantzitsuren arteko punturen batean kokatzen zuen bere burua idazleak elkarrizketa hartan. «Agian nire irakurgaien bidez azal nezake: nik bi maitemin izan nituen, lehenengo Latinoamerikako literaturarekin maitemindu nintzen, bere iluntasunagatik, nahasmenagatik, hain kargatua beti, hain sakona, oso bizia zen zerbait zuen Latinoamerikako literaturak niretzat; eta ondoren Ipar Amerikako literaturak itsutu ninduen, uste dut honekin ikasi nuela idazten, zeina aurrekoaren kontrakoa baita: kontrolatzailea, perfekzionista, hizkuntzaren neurri eta zehaztasun ikaragarria dauka... Bi mundu horien erdibidean nago ni: arraroaren, magikoaren, ilunaren, azaldu ezin denaren mundu hori interesatzen zait, baina nire narratzeko manera oso iparramerikarra da, guztia aldez aurretik pentsatua egotea gustatzen zait, bai idazten dudanean eta baita irakurtzen dudanean ere, ez dagoela soberako hitzik sentitzea».
Eta, iluntasunarekiko zein zehaztasunarekiko aldibereko zaletasun horren emaitza da El buen mal bilduma ere.

Jakin-minak jota bere bizitzara itzultzea erabakitzen duen suizida dator lehen ipuinean. Duela hogei urte hil zitzaion semearen heriotza egunari buruzko zehaztapen eske deitzen duen lagunaren deia jasotzen du emakume batek bigarrenean. Shanghaiko idazleentzako nazioarteko egoitza batean hildako katu baten bisita jasoko dute bi idazlek hirugarrenean. Bizitza osoa markatuko dion pila txiki bat irentsiko du ume batek laugarrenean. Alkoholizatuta eta bizitzaz guztiz akiturik dagoen emakume baten etxera sartuko dira gauero bi ahizpa bosgarrenean. Eta, lehen ipuinarekin ispilu moduko bat eginez, amaren zahar etxean ikusi duen emakume bat laguntzeagatik, azkenean bortizkeria kiribil baten bihotzean sartuko da emakume bat azkenekoan.
«Arraroa dena beti da egiazkoagoa». Silvia Ocampo idazlearen eskutitzetatik erreskatatutako esaldi hori txertatu du idazleak kontakizunak hasi ere egin baino lehen, eta liburu osoa girotzen du lehen-lehen esaldi horrekin.
Erabateko arreta
Schweblinek lehenago ere aipatu izan du arrarotasunak arreta areagotzeko duen gaitasuna, eta beldurrak ere efektu bera izan dezakeela azaldu du orain, liburua aurkezteko eskainitako elkarrizketetan. «Liluratzen nauen egoera bat da beldurrarena», onartu du. «Kasik hipnotikoa da, eta, nahiz eta mistikoa irudi lezakeen, transzendentala ere badela esango nuke, arrazionaltasunaren kontroletik erabat kanpo jartzen zaituenez gero. Haragi bizitan zaude, hain izututa, ezen batzuetan zure aurreiritziak ere eten egiten baitira, eta begietara begira duzun munstroa benetan zeinen arriskutsua den ulertzea da nahi duzun bakarra. Erabateko arreta moduko bat da, itxaronaldi ireki bat».
«Ama, ustel usaina duzu!», esaten dio alaba zaharrenak heriotzatik bueltatu berri den lehen ipuineko amari. Eta ahizpa nagusiaren nazka keinuak imitatuz baietz berehala txikiak ere: «Egia da! Lokatz zikinarena bezala». «Oso ongi, ba», erantzuten du amak, ilea oraindik heze, une labur batez dena ongi doala sentitzen duelako, bere buruari ere erabat esplikatzerik ez duen lasaitasun moduko batekin, «tira, bazkaltzera».