Martha gerra korrespontsala zen, eta, orain, minbizia sendatzeko tratamendu esperimentalak probatzeaz nekatuta dago. Ingrid autofikzio liburuen idazle bilakatu da, eta heriotzari buruzko liburu bat publikatu berri du, ulertzen ez duen heriotzari buruzkoa. Marthak eta Ingridek 80ko hamarkadan ezagutu zuten elkar, New Yorkeko aldizkari baterako lan egiten zutenean. Konexio handia zuten garai hartan, maitalea ere partekatzen zuten, baina urteak dira elkar ikusten ez dutela. Emakume bakoitzak ibilbide pertsonal eta profesional oso ezberdinak hartu zituen, eta bizitzarekin eta heriotzarekin erlazionatzeko era ezberdinak dituzte. Marthak hil egin nahi du, eta Ingridi bere ondoan egon dadin eskatuko dio.
Pedro Almodovar zinegile espainiarraren azken filma da The Room Next Door, ingelesez filmatzen duen lehena. Veneziako jaialdian film onenaren Urrezko Lehoia irabazteaz gain, ikusleria maitemindu zuen, eta hamazazpi minutuko txalo zaparrada eskaini zion. Ondoren Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen filma zinegileak, bere ibilbideari gorazarre egiten dion Donostia saria jaso ostean.
Almodovarren filmetan arrotzak ez diren bi gai jartzen ditu erdigunean The Room Next Door-ek: emakumeen arteko laguntasuna eta heriotzarekiko harremana. Sigrid Nunez idazle estatubatuarraren What Are You Going Through eleberrian oinarrituta, hiltzeko era eta unea erabakitzeko askatasunari buruzko kontakizuna dakar zinemagileak, heriotzaren ikuspegitik ikusitako bizitzaren argitasuna alboan utzi gabe.
Ingelesez filmaturiko lehen film horrekiko interes berezi bat zegoen, Espainian baino gehiago, atzerrian batez ere, eta kritikak izan du zeresanik. Tilda Swinton eta Julianne Moore aktoreekin lan egiteko aukera eman dio Almodovarri hizkuntza aldaketak, baina, batzuen ustez, zuzendariaren zineman horren ezagunak diren hainbat elementuk sufritu dute bidean. Horrela, Almodovarrek egiten duen hitzaren erabilera eta monologo luzez beteriko eszenak arrotzak bilakatu dira ingelesez esatean, eta filma estatubatuartzeko erabilitako atrezzo baliabideak lekuz kanpo daudela iritzi diote hainbat kritikarik.
Arroztasunak arroztasun, Almodovarren zinemaren heldutasun garaiaren adierazle da The Room Next Door. Melodrama eta kolore biziak alde batera utzi gabe, film soila da, emakume protagonisten laguntasunak aberasten duena, eta heriotzari buruzko istorio bat kontatu arren, bizitza dariona.
'The room next door'
Zuzendaria: Pedro Almodovar. Gidoilaria: Pedro Almodovar. Eleberria: Sigrid Nunez. Aktoreak: Tilda Swinton, Julianne Moore, John Turturro.
Argazkia: Eduard Grau. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 107 min. Herrialdea: Espainia. Estreinaldia: Urriaren 18an, Hego Euskal Herrian.
'LUKA'
Zuzendaria: Jessica Woodworth. Gidoilaria: Jessica Woodworth. Eleberria: Dino Buzzati.
Aktoreak: Jonas Smulders, Geraldine Chaplin, Jan Bijvoet. Argazkia: Virginie Surdej.
Generoa: Zientzia fikzioa. Urtea: 2023. Iraupena: 94 min. Herrialdea: Belgika.
Luka soldadu gazteak erregimentu batekin bat egingo du gotorleku bakartu batean, iparraldeko etsai mitiko bati aurre egiteko. Basamortuan barrena egindako bidaia nekagarri baten ondoren, eta, gotorlekuaren ateetan leher eginda, Luka ohartuko da soldadu talde xelebre batek zuzentzen duela erregimentua, eta zentzugabekerian oinarritzen diren arauak ezartzen dizkiola mundu guztiari.
'Valenciana'
Zuzendaria: Jordi Nuñez. Gidoilaria: Jordi Nuñez. Aktoreak: Angela Cervantes, Tania Fortea, Conchi Espejo. Argazkia: Daniel Moreno Garcia. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 101 min. Herrialdea: Espainia.
Olinpiar Jokoen euforiak eta aurrerapenak markatutako eraldatze betean dagoen Espainian, hiru kazetari gazte, Valeria, Ana eta Encarna, modernitate berri honetan beren lekua aurkitzen saiatzen ari dira. Gizarte berritzaileago baten parte izateko ilusioarekin, hiru lagunek laster deskubrituko dute mundu aldakor honen alde ilun eta ezkutua. Valeria droga sintetikoekiko mendekotasunaren aurka borrokan ari da, eta Ana telebista sentsazionalistaren munduan parte hartzera behartuta dago. Bestalde, Encarnak komunikazio politikoko talde oldarkor batekin bat egingo du, eta horrek presio eta gatazka moral gero eta handiagoak eragingo dizkio.
'The Last Stop in Yuma County'
Zuzendaria: Francis Galluppi. Gidoilaria: Francis Galluppi. Aktoreak: Jim Cummings, Jocelin Donahue, Sierra McCormick. Argazkia: Mac Fisken. Generoa: Thrillerra. Urtea: 2023. Iraupena: 90 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.
Labana saltzaile ibiltari bat landa eremu batean itxarotera behartuta dago. Zain dagoela, banku batean lapurreta egin berri duten eta jendea bahitua duten bi lapur azalduko dira ihesean.