Literatura

Heriotzan ere, egile

Bihar beteko dira 51 urte Sylvia Plath poetak bere buruaz beste egin zuela. Harrezkero lortu zuen sona Plathen lanak; orain biziberrituta dabil, bederen, egun eta hemen.

Sylvia Plath  (1932-1963). BERRIA.
2014ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Irudi bidez esan zuen, hitzez hitz: «Bertikala naiz / baina nahiago nuke horizontala banintz». Alegia, bizitzea baino, hiltzea zuela nahiago. «Nirekiko, naturalagoa da etzanik egotea. / Orduan egiten dugu lasai hitz zeruak eta biok, / eta horrela probetxugarri izango naiz azkenik etzatean ere». 1961ean idatzi zituen lerrook Sylvia Plath-ek (Boston, 1932-Londres, 1963), hain zuzen, hil baino urte bi lehenago. Euskarazko itzulpena Kirmen Uribek eman zuen 2000. urteko Bar Puerto. Bazterreko ahotsak ikuskizunean; I am vertical poema honela amaitzen da: «Orduan, behingoz zuhaitzek ukitu ahal izango naute / eta loreek astia izango dute niretzako».

Egun, jakin badakigu poetak nahasmendu bipolarra zuela; ziurrenik, beheraldian idatziko zituen goiko hitzok. Halaber, jakina da urteetan hartu izan zuela beheraldien aurkako Fenelzina botika. Hain justu, sendagai huraxe hartzen zuen David Foster Wallace idazle estatubatuarrak, bere buruaz beste egin aurretik. Kazetariok askotan ezkondu izan ditugu poesia eta malenkonia, literatura eta suizidioa. Adibideak ez zaizkigu falta, izan ere: Alejandra Pizarnik, Anne Sexton, Virginia Woolf... Iragan ostegunean, berripaper honetan bertan, Anjel Lertxundik horietariko batzuk gogorarazi zizkigun, Suizidioa testuan: Albert Camus, Sandor Marai eta Cesare Pavese.

Zerrenda amaiezina osa liteke literaturan eta heriotzan egile izan direnekin: Lertxundiren hitzetan, «buru-hil, Jainkoari eskua hartu, norbere eskuz hil, lepo egin» duten horiekin. Hortaz, zer du berezi Sylvia Plath idazleak? Bistan da ez dela suizidioa, horren aurretik egin zuena baizik. Izan ere, orain gutxi argitaratu den Ariel eta beste poema batzuk (Denonartean, 2013) liburuaren hitzaurrean, honela dio Iñigo Astizek: «Eta egia da heriotzak pisu handia duela bere testuetan, eta egia da, noski, suizidatu egin zela ere, baina bizi ere bizi izan zen, eta handia da bizitzaren presentzia bere idatzietan. Areago: bizitza horri idatzi zizkion bere lerro ederrenetariko batzuk, eta esku artean duzun liburu hau da horren froga».

Baiki, poesia gordina eta bizia da Plathen lanik ezagunenean ageri dena. Ahots poetiko sendo baten jabe, ahalmen handiko irudiak baliatzen ditu, zirraragarriak sarri. Horrez gain, hitzen hotsa hartzen du oinarri, eta hoskidetasun joko berezien bidez txunditzen ditu irakurleak. Plathen lirikaren itxurazko idortasunak ostentzen du bere baitan ikaragarrizko ugalkortasun poetikoa. Edizio elebidunari esker, irakurle elebidunak dasta ditzake jatorrizkoaren gazi-gozoak eta itzulpenaren zehaztasuna. Ezen, aipatu hots-jokoak ezinbestean galtzen badira ere, itzultzaileak lortzen baitu—hitz baliokide zehatzen bidez—jatorrizkoaren tonua eta dotorezia mantentzea.

Astizi galdetuta Ariel lanetik zerk erakarri zuen, hau erantzun du: «Irakurri nuenean lehenengoz gogoratzen dudana da lilura handi bat bertan poetak sortzen dituen irudiengatik. Haren ahotsagatik». 18 bat urte zituenean izandako zirrara horri eutsi nahi izan dio itzulpen prozesuan.«Plathek errima, erritmo, doinu eta hitz joko asko egiten ditu bere poemetan, eta era ia birtuosoan da kapaza hitz askok duten esanahi bikoitza poema osoan mantentzeko». Itzulpen lanean gehien kostatu zaiona zera izan da, esanahia galdu gabe, ahotsa eta jolasak mantentzea: «Plath izatea, baina euskaraz». Horregatik, iturriak esaten diona errespetatzen saiatu da, «bortxatu gabe», ahots hori euskarara ekartzen.

Etxeko giltzak

Plathen arrastoari jarraitu nahi dionak ez du zertan etxe honetatik urrundu. Orain dela bi aste, egunkariko orriotan eman zuen argitara Alex Gurrutxagak Plath,poesia oihukatua; preseski, Ariel eta beste poema batzuk liburuari eginiko kritika. Testu horretan, zenbait giltza ematen ditu kritikariak poetaren lanean sartzeko: kontuan hartu beharrekoa dela, esaterako, Plath bere lanak idazten ari zen bitartean Bigarren Olatu Feminista delakoa gertatzen ari zela. Bestalde, Robert Lowellek urratutako bideari jarraikiz, Anne Sextonekin batera aritu zen Plath, «poesia konfesionala» esaten zaion hori lantzen; Gurrutxagak dioenez, «autobiografiatik abiatzen den poesia da, batez ere alderdi psikologikoari heltzen diona, eta garai hartan tabuak ziren gaiak jorratzen ditu: eromena, sexua, suizidioa eta abortua, adibidez».

Era berean, Mina indar izenburupean, Sylvia Plathi buruzko erreportajea idatzi zuen 2012ko azaroan Juan Luis Zabalak. Idazlearen biografia eta bibliografiaren zertzelada gehiago nahi dituenak, aski du testu horretara jotzea. Hasieran aipatu Bertikala naiz poemaz gain, Ispilua ere txertatu zuen Zabalak. Maria Garziarena ezizenez argitaratu zen euskarazko itzulpena, Garziarena aldizkariaren lehen alean, 1992an. Sei urte geroago, Bernardo Atxagaren Groenlandiako lezioa liburuan agertu zen berriro, pixka bat moldatuta. Edonola, honela dio poemaren lehen lerroak: «Zilarrezkoa naiz eta zehatza. Ez dut aurreiritzirik».

Jakina denez, 1963ko otsailaren 11n hil zen Sylvia Plath. Labearen ahoa zabaldu, gasari eragin, eta burua bertan sartuta, horizontalki egin zuen bere buruaz beste. Aurrez, gosaria eraman zien seme-alabei logelara, bizilagunari utzi zion ohar bat— «Hots egiozu sendagileari»—, eta sukaldeko ate-leihoetako zirrikituak arropaz estali zituen. Plathek hil zuen Plath, baina askok haren senar Ted Hughes jo zuten erruduntzat. Izan ere, hilabete batzuk lehenago utzi zuen familia-etxea, beste emakume idazle batekin bizitzeko. Hain zuzen ere, Hughesek hartu zuen Plathen lanak editatzeko ardura, eta familia babesteko aitzakian, haren idazlan ugari moldatu edota suntsitu zituen.

Kontuak kontu, heriotzaren ostean heldu zen Plathen literatur loraldia. Ariel bilduma, esaterako, 1965ean eman zen lehen aldiz argitara. Hughes alargunak apailatu zuen, era berean, The Collected Poems bilduma, 1982an. Lan hari esker eman zioten Sylvia Plathi poesiaren Pullitzer saria, eta bera izan zen, hain justu, sari hori hil ondoren jaso zuen lehenengo idazlea. Bestalde, joan den azaroan atera zen argitara Sylvia Plath: drawings liburua, idazlearen marrazkiekin osatua. Plathen alaba Frieda Hughesek—bera ere idazle eta margolari—editatu du lan hori, eta amaren egunkarietako testuz lagundu ditu marrazkiok. Zelakoak diren bizitzaren paradoxak: sekula baino lore gehiago biltzen ditu Sylvia Plathek, horizontal denez geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.